Futbolaren joan-etorriak

Alaves-Osasuna| Denboraldiko lehen euskal derbia jokatuko dute zapatu honetan babazorro eta gorritxoek. Harmailetan festa giroa nagusi izango den bitartean –5.000 osasunazale inguruk bidaiatuko dute Gasteizera–, berdegunean partida oso lehiatua ikustea espero da. Osasunari dagokionez, hiru puntuak eskuratu eta lidertzari beste jardunaldi batez eustea bilatuko du. Euren arteko azken norgehiagoka aurtengo martxoan jokatu zen, zeinetan nafarrek 3-0 galdu zuten guztiz nagusi izan zen Alavesen aurka. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

Futbolaren joan-etorriak zer diren. Denbora tarte labur batean, atsekabea euforia bilaka daiteke. Osasunari begiratu bat ematea besterik ez dago: hilabete batzuen buruan, depresio egoera etengabean egotetik, olatuaren gandorrean egotera igaro da. Gorritxoak uneon Bigarren Mailako liderrak dira. “Ilusioa” da Sadar aldean gehien errepikatzen den hitza.

Baina duela zazpi hilabete, Osasunak Alavesen aurka azkenekoz jokatu zuenean, nafarrak egoera zeharo desberdinean zeuden; igoerarekin amets egiten egon beharrean, jaitsieraren amesgaiztoa ekiditean zeuden zentraturik. Osasuna depresio egoeran iritsi zen Mendizorrotzako partidara, azken sei partidetatik bost galdu, eta aulkiko maizterra aldatuta –Urban kargugabetu ondoren Mateo izendatu zuten entrenatzaile–. Horrela, bada, berdegunean Alavesek ez zuen gupidarik izan: nafarrak 3-0 jipoitu zituen, Mateok zuzentzen zuen taldea lur jota (izenburu horixe ipini genion egun hartako kronikari) utziz.

Geroztik, baina, euri asko egin du, eta badirudi urek Osasunaren nahigabe guztiak berekin eraman dituztela. Izan ere, iragan denboraldiko sufrimendu guztien ostean, talde nafarra aspaldiko garairik onenak ari da igarotzen. Zaleen gozamenerako, taldearen hezurdura –azkenean!– haztegiko jokalariek osatzen dute eta, hori gutxi balitz, 7 jardunaldiren ostean sailkapeneko lehen postuan dira, merezimendu osoz gainera.

Egoera horretan, zazpi hilabete hauetan gertatu den guztiaren ostean, Osasunak berriz ere Gasteizera bidaiatuko du; oraingoan, egin beharrekoak garbi dituela, eta moralez gainezka. Gorritxoek  aurrean aurkari gogor bat izanen dute, joko fisikoan oinarritu eta etxean garaitzen oso zaila dena. Bordalasen taldeak horrelakoak baitira; joko gutxi eta intentsitate asko. Beraz, Martinen jokalariak euren bertsiorik onenean aritu beharko dira babazorroen defentsa amarauna apurtu eta hiru puntuak patrikaratu nahi badituzte.

Talde gasteiztarrari dagokionez, martxoan jokatu zen partidara behetik gorako bidea egiten ari zela iritsi zen. Biharkora, aitzitik, aurkako sentsazioekin ailegatuko da: denboraldiko lehen bi partidak irabazi ostean, behera egin du taldearen errendimenduak –ondorengo bost neurketetatik bakarra irabazi dute–, eta Bordalas jadanik kritikak jasotzen hasia da –batik bat, azken partidetan erasoan antzu ibili direlako– . Hortaz, biharko neurketak berebiziko garrantzia dauka babazorroentzat. Hiru puntuak erdiesteak egonkortasun dosi handi bat ekarriko luke; porrotak, ordea, artegatasuna –eta haserre puntu bat ere bai–.

Deialdia: Enrike Martinek jokalari guztiak deitu ditu

Ohi bezala, Arrizabalagakoak eskuragarri dituen jokalari guztiak sartu ditu deialdian. Horrela, min hartutako Alex Sanchez eta Milic salbu, gainontzeko guztiak Gasteizen egonen dira. Loties eta Martinsek oraindik ez dute alta jaso, baina bidaiatu behintzat bidaiatuko dute. Hegalari portugaldarrak dagoeneko 6 aste daramatza zelaietatik kanpo, eta oraindik ez da guztiz osatu. Zernahi ere, pare bat astean jokatzeko prest egotea espero da. Horrela, badirudi Osasunaren lesioen izurritea piskanaka amaituz doala.

Hamaikakoari dagokionez, aldaketa gutxi espero dira. Atepean Nauzet higiezina da, eta defentsako bostkotea ere nahiko garbi dago zein izanen den (Oier, Miguel Flaño, David García, Unai García eta Javier Flaño). Zelaierdian, ordea, pare bat aldaketa egon daitezke. Alde batetik, Mesak Merinoren lekua har lezake. Izan ere, nafarrak iztarrean min izaten jarraitzen du, eta agian Martinek nahiago izango du arriskurik ez hartzea. Honen ausentzia ez litzateke sekulako buruhaustea, Maikel Mesa, jokatu duenean, oso ongi aritu baita.

Bestalde, Torresekin batera aurrelarien atzetik ibiltzeko bi hautagai daude: Olavide eta Berenguer. Lehenengoa titular bezala aritu da azken aldian, baina azken partidan desagertu samar ibili zen. Horrela, bere lekua Alex Berenguerrek har lezake. Lugoren aurkako norgehiagokan ez zen hasierako hamaikakoan izan, baina bigarren zatian taldeko jokalaririk nabarmenetarikoa izan zen. Beraz, gerta liteke Martinek honen aldeko apustua egitea. Eta aurreko lerroan zalantzarik ez; Pucko eta historia egingo duen Nino. Almeriakoa jada Bigarren Mailako historian gol gehien sartu dituen jokalaria da, eta biharko norgehiagoka jokatu ezkero beste errekor bat eskuratuko luke: kategoria honetan partida gehien jokatu dituen jokalariarena, hain zuzen.

Derbiak festa direnean: 5.000 gorritxo inguruk bidaiatuko dute Gasteizera

Zelaian gertatuko dena oraindik ezin daiteke jakin; karrika zein harmailetan, ordea, festa giroa ziurra da. 5.000 osasunazale inguru izango dira Gasteizen, euren bihotzeko taldea hauspotzeko asmoz. Bi afizioen arteko harremana ezinhobea da, beraz, emaitzak emaitzak, denek zein denek gozatzeko eguna izango dute. Biolentziaren Aurkako Batzordekoek, ordea, ez dute hala ikusten, eta biharko neurketa arrisku handikotzat jo dute. Bien bitartean, nafar eta arabarren arteko derbia, beste behin ere, festa bilakatuko da.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s