Osasunak geldiezin jarraitzen du

Osasuna-Lugo| Gorritxoek galiziarrak jipoitu (4-0), eta lidertzan tinko diraute. Atzokoan, beste behin ere, Roberto Torres izan zen taldearen gidaria. Arrekoak hiru gol sartu zituen lehen zatian, partida erabat erabakita utziz. Horrenbestez, Osasunaren bolada onak aurrera darrai. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

Futbola, funtsean, inertzia kontua da. Gauzak gaizki irteten ari direnean, emaitza txarrak bata bestearen atzetik datozenean, garaipena lortzea oso lan nekeza izaten da.  Aitzitik, talde bat bolada onean dagoenean, badirudi neurketak nahigabe irabazten direla, esfortzurik apenas egin gabe.  Horrelaxe irabazi zuen atzo Osasunak; inertziaz, aldeko haizeak lagunduta. Aurrean denboraldia martxa onean hasi duen Lugo izan zuen, atzoko partidara neurketarik galdu gabe zetorrena. Alabaina, gorritxoek 45 minutu besterik ez zituzten behar izan hiru gol sartu eta galiziarrak lurperatzeko. Gol abagune askorik izan gabe, arerioa bere zelaian sartu gabe, jokoan aparteko nagusitasunik izan gabe, hiru gol sartu zizkioten atzoko egunera arte kategoriako defentsarik sendoena zuen taldeari (6 partidatan 3 gol jasota zetorren). Golak bakarrik etorriko balira lez.

Norgehiagokaren lehen minutuei begiratuta ez zirudien partida gorritxoentzat gol-festa bilakatu behar zenik. Izan ere, Lugo zelaian bikain zegoen kokaturik, Osasunari zirrikiturik gabe uzteko asmoarekin. Egoera horretan, Martinen jokalariak deseroso zeuden, galiziarren areara nola iritsi asmatu ezinik. Haatik, geldikako jokaldek nafarrak suspertu egin zituzten. Horrela, kornerrak eta faltak baliatuta, galiziarren arean arriskua sortzen hasi ziren. Bestelakoan ez ziren aparteko futbolik egiten ari, baina jokaldi hauetan lehen gola aurki etor zitekeela somatzen zen. Horrela, bada, Roberto Torresek ateratako falta jaurtiketa baten ostean etorri zen lehen gola: erdiraketa errematatzerakoan Oierri penaltia egin ziotela adierazi zuen epaileak (ez dirudi penalti oso garbia denik, baina aldeko inertzia izateak horixe dakar, zortea ere aldeko izatea), eta Arrekoak ez zuen hamaika metrotatik barkatu. Inongo erakustaldirik eman gabe, gorritxoak 17. minutuan jada aurretik ziren.

Hortik aurrera, Lugo partidatik desagertu egin zela esan daiteke. Egoera horretan, Osasunari errazagoa izan zitzaion jokoa sortzea, eta Merino, Nino eta, nola ez, Roberto Torres bezalako jokalariek dizdira egin ahal izan zuten. Arrekoa inoizko mailarik onena ari da ematen, eta atzokoan berriz ere taldearen liderra dela garbi utzi zuen. Horrela, lehenengo golaren egilea bera izan bazen, ondorengo bi goletan ere berdin gertatu zen. Bigarrena 37. minutuan sartu zuen, taldearen jokaldi gogoangarri bati boleaz erremate dotorea eman ostean; eta hirugarrena bi minutu eskas geroago, Ninori egin zioten penaltia (jokaldi honetan Lugo jokalari bat gutxiagorekin gelditu zen) sareetara bidalita.

Atsedenetik bueltatu eta berehala, laugarrena

Gauzak horrela, atsedenean dena dagoeneko erabakita zegoela esan daiteke. Izan ere, gorritxoak 3-0 ziren aurretik, eta hori gutxi balitz, galiziarrak 10 gizonekin geldituak ziren. Eta norbaitek oraindik zalantzak bazituen, atsedenetik bueltatu eta bi minutura Ninok laugarrena egin zuen, area barruan baloia jaso, atezainari izkin egin, eta arazorik gabe baloia ate barrura bidali ostean. Harmailetan zaleak ikusten ari zirena sinistu ezinik zeuden. Izan ere, Osasuna beti gol gutxi sartzeagatik ezaugarritu bada, atzokoan, gehiegi izerditu gabe, lau egin zituen. Beraz, zaleek atzo hartu zuten gozatua ez dute erraz ahaztuko.

Hortik aurrera ezer gutxi jazo zen berdegunean. Martin aulkia mugitzen hasi zen, eta Pucko, Olavide eta Torresen ordez (Arrekoak sekulako txalo zaparrada jaso zuen zelaitik irtetzerakoan) Berenguer, Mesa eta Adrian Cruz zelairatu zituen. Berdegunean sartu zirenetatik jokoan eragin handiena izan zuena Berenguer izan zen, bere abiadura zela medio, Lugoko defentsa estutasunetan jarri zuena. Horrela, bada, Ninoren golaz geroztik markagailua ez zen gehiago mugitu. Talde bakoitzak bizpairu gol abagune izan zituen, baina atezainek behar bezala erantzun zuten.

Horrenbestez, Osasunak geldiezin jarraitzen du. Datuak dira horren lekuko: 7 jardunaldiren ostean 16 puntu ditu, etxean galdu gabe jarraitzen du, eta gol gutxien jaso dituen taldea da. Esan beharrik ez dago, bidea oso luzea dela; nork daki non egongo ote diren denboraldi amaieran… Zernahi ere, horrek orain ez du axola. Orain taldeak bizi duen egoeraz gozatzeko unea da.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s