Osasunak ez du ametsetik esnatu nahi

Osasuna-Cordoba| Klubaren historiako denboraldi hasiera onenetariko bat egiten ari direla, gorritxoek puntuak hirunaka batzen jarraitu nahi dute. Ez da lan erraza izango, larunbat arratsaldean Cordoba talde indartsua izanen baitute aurrez aurre. Andaluziarren aurkakoa Martinen mutilek Sadarren jarraian jokatuko dituzten bi partidetan lehenengoa izango da. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

w_900x700_30203145image

Denboraldiaren hasiera amets gozo bilakatu da gorritxoentzat. Iragan urteko ametsgaiztoak alde batera utzita, lehen bost jardunaldien ostean Martinen jokalariak Adelante Ligako lehen postuan dira, lau partida irabazi eta bakarra galduta. Lesioak, fitxa profesionalen kopuru urria (gorriek gehienez 18 fitxa profesional izan ditzakete), zelaiaz-kanpoko polemikak… Beste garai batzuetan nafarrentzat oztopo gaindiezinak izango liratekenak, aurten -orain arte, bederen- berdegunean eraginik ez duten arazoak dira; taldearen errendimenduari begiratzea besterik ez dago. Gorriak futbol sendo eta eraginkor bat ari dira erakusten, erakustaldi handirik eman gabe, baina Zilarrezko Mailan neurketak irabazteko erakutsi behar dena erakutsiz. Lidertza, beraz, ez da Sadar aldera kasualitatez iritsi; ondo egindako lanaren fruitua da.

Edonola ere, futbolean zailena ez da iristea, mantentzea baizik. Orain arteko emaitzek ilusioa piztea normala da, baina perspektiba ezin daiteke galdu: denboraldia amaitzeko  oraindik 37 jardunaldi luze falta dira. Hainbeste aldaketa jasaten dituen Adelante Ligan, denbora guzti horretan Osasuna lidertzan manten daitekela uste izatea utopiko samarra da (lehengo urtean Las Palmasi gertaturikoa da horren adibiderik onena, nahiz eta azkenean Lehen Mailara igotzea lortu zuen). Hortaz, gorritxoek egin dezaketen gauzarik onena Cholo Simeoneren esaldi famatua aplikatzea da: “partiduz partidu”. Momentu ezinhobe batean daude, beraz, uneaz gozatzeko eta lidertzaren ametsa ahalik eta gehien luzatzen saiatzeko momentua da. Presiorik gabe, denboraldi amaieran gerta daitekenaz gehiegi arduratu gabe. Indar guztiak jokatu beharreko hurrengo partidan zentratuz.

Egoera horretan, larunbatean gorritxoek Cordoba talde andaluziarra izanen dute aurrez aurre. Berau lehen mailara igotzeko faborito kartela duen taldeetariko bat da, beraz, nafarrak tentu handiz ibili beharko dira. Hiru puntuak lortzeko, funtsezkoa izango da orain arte defentsan erakutsitako maila mantentzea. Ponferradina eta Lugorekin batera, Osasuna da orain arte gol gutxien jaso dituen taldea, beraz garbi dago defentsako lerroan lana oso ongi ari direla egiten. Horrela, bada, maila horri eustea da erronka. Hala egin ezkero, hiru puntuak lortzeko aukera dezente izango dituzte. Beti ere, noski, erasoan eraginkortasuna erakusteko gai badira. Orain arte primeran moldatu dira ate aurrean, beraz, baikorrak izateko arrazoiak badaude. Gainera, kontuan hartu behar da talde honetako aurrelari nagusi den Nino berriz ere golarekin adiskidetu dela. Hortaz, motzean, Osasunaren argudio nagusiak hiru izan beharko lirateke: defentsako sendotasuna, erasoko jokalarien eraginkortasuna, eta, nola ez, taldearen ikurra den intentsitatea.

Deialdiari dagokionez, gaur goizeko entrenamenduan Martin Monrealek jokalari guztiak deitu ditu; behin betiko zerrenda, 18 jokalariz osatua, bihar eginen du. Azken zerrenda horretan ez dira min hartutako Loties, Martins eta Alex Sanchez izango; bai, aitzitik, aste honetan osatu diren David Garcia eta Pucko. Haztegikoari dagokionez, azken entrenamentuetan sasoiko agertu da, beraz, badirudi larunbatean hasierako hamaikakoan izango dela. Esloveniarra, bere aldetik, oraindik ez dago sasoi betean, baina Martinek adierazi duenez, bigarren zatian agian minutu batzuk izanen ditu. Azken jardunaldian deialditik kanpo gelditu ostean aste honetakoan sartuko den beste bat Milic izanen da. Montenegrinokoak zituen arazo burokratikoei konponbidea aurkitu die, beraz,  Cordobaren aurka jokatzeko eskuragarri izanen da.

Cordoba, bolada onean

Gorritxoen larunbateko aurkariari dagokionez, Cordoba igoera lortzeko faborito nagusienetako bat dela azpimarratu behar da. Iragan denboraldian Lehen Mailan kategoriako talderik kaxkarrena izan ostean, Jose Luis Oltrak zuzenduriko taldeak igoera du helburu bakartzat. Taldeak udan eraldaketa sakona pairatu zuen (alta eta baja ugari izan zituen), eta horren ondorioz, lehen jardunaldietan martxa hartzea kosta egin zaio. Haatik, azken bi jardunaldietan bina garaipen lortu ditu, dizdira handiegirik gabe, baina solbentzia handia erakutsiz. Gauzak horrela, une honetan zortzigarren dira sailkapenean, gorritxoengandik hiru puntu eskasera.

Horrela, bada, larunbatekoa partida oso lehiatua izanen da. Bi taldeak hiru puntuen bila joango dira, beraz, gol aukerak bi ateetan ikusiko dira. Egoera horretan, gorritxoentzako hil ala bizikoa izanen da defentsan kontzentrazioa uneoro mantentzea, Cordobak aurrean duen kalitateak edozein momentutan egin ahal baitizu min. Bestalde, intentsitatea eta oldarkortasuna ere erakutsi beharreko ezaugarriak izango dira nafarrentzat, norgehiagoka irabazi nahi badute bederen. Andaluziarren aurka garaipena lortzeak lidertza beste astebetez mantentzea suposatuko luke, beraz, gorritxoei ez zaie motibazioa eta intentsitatea faltako. Ez baitute ametsetik esnatu nahi.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s