Lidertzan sendo

Zaragoza 0-1 Osasuna| Osasuna garaile irten zen aragoitar eta nafarren arteko derbian. Jaberik gabeko neurketa izan zen, zeinetan bi taldeek izan zituzten golak egiteko abaguneak. Gorritxoek, baina, eraginkortasun handiagoa izan zuten ate aurrean. Ninok 28. minutuan egin zuen nafarren gola, eta ondoren, emaitzari eustea lortu zuten –hainbat jokalditan dezente sufrituta bada ere-. Horrenbestez, Osasunak Adelante Ligako lidertzan jarraitzen du; orain, aitzitik, bakarka, Alcorconek San Mamesen estropezu egin baitzuen.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

Iragan denboraldiko ahuldade eta beldurren ostean, gutxik pentsatuko zuten Osasunak aurten lider izaera erakutsiko zuenik. Futbolean, ordea, gauzak ez dira beti aurreikusi bezala gertatzen; horren erakusle da Osasuna izaten ari den denboraldi hasiera. Orain arte jokatu diren bost partidetan, Martinen mutilek aurtengo Adelante Ligako sentsazioa izan nahi dutela erakutsi dute. Emaitzak dira horren lekuko: gorritxoek bots partidetatik lau irabazi, eta bakarra galdu dute. Modu horretan, une honetan lidertzan dira, eta sendotasun eta ausardia handia erakutsiz, gainera. Atzokoan La Romaredan jokatutako partida ikustea besterik ez dago. Gorritxoek kategoriako talderik onenetariko bati bisita egin zioten, eta puntu bat lortzearekin konformatu beharrean, aragoitarrei aurre egin, eta hiru puntuak eskuratzen saiatu ziren; baita lortu ere. Azkenean huts eta bat hartu zuten mendean Zaragoza, liderrari eskatzen zaion sendotasun eta solbentzia transmitituz.

Martinek erabilitako hamaikakoari dagokionez, atzoko partidari begira Arrizabalagakoak aldaketa taktiko bat egitea erabaki zuen, berriz ere 5 defentsako lerrora itzuliz. Horrela, defentsan Tano, Miguel eta Javi Flaño, Unai Garcia eta edonon joka dezakeen Oier aritu ziren; hauen aurretik Mesa (euskarri bakar bezala) Roberto Torres eta Jose Garcia kokatu ziren; eta golak sartzearen ardura Nino eta Berenguerrengan erori zen. Eskema hau erabilita, euskarri bakar batekin aritzearen ondorioz arerioak hainbatetan errazegi gainditu zuen zelai erdiko lerroa, defentsa arriskuan jarriz. Edonola ere, 5-1-2-2arekin jokatuta Roberto Torres erosoago aritu zen, eta taldeari oso ongi antolatuta ikusi zitzaion, bereziki lehen zatian. Osasunak jokorako plan garbi bat zeukan, eta, horrela, lehen 45 minutuetan Zaragozaren areara nahiko erraz gerturatzea lortu zuen. Etxeko taldea, ordea, gozakaitz zebilen, zer egin ez zekiela. Baloiak luze jokatzen zituen, baina horrela ezinezkoa zen bikain kokaturik zegoen Osasunako defentsari minik egitea. Horrela, lehen zatian aragoitarren erasoko alternatiba bakarra geldikako jokaldietan baloiak erdiratzea izan zen.

Bien bitartean, Osasuna baloia azkar mugitzeko gai zen, baita Zaragozaren areara arriskua eramateko ere. Lehen abagunea Alex Berenguerrek izan zuen, Miguel Flañoren pase luze bat buruz errematatu zuenean. Ondoren, jokaldi landu baten ostean, Ninok jaurtiketa bortitz bat egin zuen, baina etxekoen atezainak ondo erantzun zuen. Eta hirugarrenean, Osasunak ez zuen barkatu. Golegilea agorraldi luzea igarotzen ari zen Nino izan zen. Roberto Torresek pare bat defentsa atzean utzi, baloia maisutasunez erdiratu, eta han zen aurrelari almeriarra, bere taldea aurretik jarri eta denboraldiko bere lehen gola sartzeko. Oraindik partida amaitzeko asko falta zen (gola 28. minutuan iritsi zen), baina gorritxoek lehen kolpea emana zuten. Hortik aurrera, gauza bakar bat gelditzen zitzaien: markagailuari kosta ala kosta eustea. Lehen zatiko azken minutuetan ez ziren estutasunetatik igaro; bigarren zatian, baina, gauzak zeharo aldatu ziren.

Atsedenaren ostean, Zaragozaren erreakzioa

Lehen 45 minutuetan gorritxoak nahieran aritu baziren, bigarren zatian gogotik sufritzea tokatu zitzaien. Izan ere, atsedena eta gero, markagailuan atzetik zirela ikusita, Ranko Popovic serbiarraren jokalariak indarberrituta zelairatu ziren. Azken jardunaldian etxean Cordobaren aurka galtzetik zetozen, eta ez zuten inondik inora berriz ere Romaredan porrot bat jaso nahi. Hori dela eta, jokoa bizitu, eta hegaletatik talde gorritxoa odolhusten saiatu ziren. Fredy Hinestroza izan zen horretan gehien ahalegindu zena, bere abiadurari esker Osasunako defentsari min handia eginez. Horren adibide da 49. minutuan egin zuen jokaldia: abiadura handiz area barruan sartu, bi jokalariri izkin egin, eta Ariari esku-eskura utzi zion gola. Japoniarra bakar bakarrik zen ate aurrean, baina hortxe agertu zen atzokoan maila aparta erakutsi zuen Una Garcia, baloia atepetik ateratzeko.

Gol abagune garbi horren ondoren, Zaragozak ez zituen besoak jaitsi, eta estutzen jarraitu zuen. Horrela, 57. minutuan berriz ere baloia sareetara bidaltzear egon zen, baina Ortuño aurrelariaren jaurtiketari erantzun bikaina eman zion Nauzetek. Aragoitarrek ezin zuten sinetsi, probestu beharreko bi aukera izan arren, oraindik markagailuan atzetik baitziren. Gauzak horrela, pixkanaka nekea hasi zen pilatzen etxeko jokalarien hanketan, eta Martinek erreskadan hiru aldaketa egin zituelarik, neurketak erritmoa nabarmen galdu zuen, Zaragozaren kalterako.

Egoera horretan, Osasunari baloia ikutu eta ikutu aritzea zegokion, minutuak igarotzen uzteko; haatik, lan hortan ez ziren horren fin ibili Martinen jokalariak. Arrizabalagakoak lasai eta tentuz jokatzeko eskatzen zien, baina gorritxoak ez ziren gai baloiaren jabetza bere egiteko. Dena den, Zaragozako jokalariak onenak emanda ziren, eta hortik neurketaren amaierara bitartean ez zuten apenas arriskurik sortu. Horrela, bada, etxeko zaleek entrenatzaile serbiarrarekiko haserrea erakutsi zuten, orain arteko emaitzekin ez baitadue batere pozik (Aragoikoek bost puntu eskas lortu dituzte beste horrenbeste partidatan). La Romaredara gerturatu ziren 500 gorritxoek, baina, sekulako gozatua hartu zuten, bere taldeak huts eta bat irabazi, eta edozertarako prest dagoela erakutsi baitzuen.

Horrenbestez, La Romareda futbol zelaian Osasunak lehengo urteko zorigaitzak alde batera utzi eta denboraldi ilusionagarri bat egiteko prest dagoela berretsi zuen. Zernahi ere, ezin daiteke ahaztu denboraldia hasi besterik ez dela egin. Gorritxoek orain arte lortutako garaipenek lanean eta apaltasunean dute oinarria, eta bide horretatik jarraitu ezean, gauzak berehala oker dakizkieke. Hurrengo bi partidak etxean dituzte, beraz, abagune ezin hobea dute beren zaleen aurrean orain arteko lanari jarraipena eman, eta, zergatik ez, lidertzari orain arteko sendotasunez eusteko.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s