Denboraldirako helburua ahaztu gabe, Almeriara puntuen bila

Almeria-Osasuna| Lehenengo bi jardunaldietan bi garaipen eskuratu eta golik ez jaso ondoren, denboraldi hasiera onari eutsi nahi dio Martin Monrealen taldeak. Lehen mailatik datorren Almeria indartsuaren aurka lehiatu beharko du talde nafarrak. Denboraldiko helburua, ordea, oso presente dauka Arrizabalagako entrenatzaileak: taldea egonkortzea. Partida irabazi, berdindu edo galtzeak ez du aldatuko.

Iñaki Berastegi Goikoetxea (@IBerastegi)

osasuna-almeria2

Palamosen erakutsitako sentsazio eta irudi onari jarraipena ematea helburu zuen Osasunak bigarren jardunaldian, Sadar futbol zelaian, Mirandes talde gogorraren aurka. Neurketa Llagostearen aurkakoa bezain ona ez izan arren, gorritxoek lehiatzen badakitela erakutsi zuten eta gogotik lan egin ondoren garaipena lortu ahal izan zuen. Disdira handirik gabe lortutako puntuek berdin kontatzen dute sailkapenean, are gehiago bigarren maila bezalako txapelketa borrokatu batean. Iragan denboraldian egin bezala, taldeak ondo ekin dio txapelketari: 2014/2015 denboraldian lehenengo neurketan Bartzelona B hartu zuen mendean eta bigarrenean Zaragozaren aurka berdindu zuen Romareda futbol zelaian. Sei puntu patrikan eta golik jaso gabe, defentsatik abiatuta, Almeriatik punturen bat ekarri eta bolada ona ahal bezain beste aprobetxatzea nahi du Arrizabalagako entrenatzaileak.

Mirandesi irabazi eta 1981. urtetik irauten zuen madarikazio batekin amaitu zuen Osasunak bide batez: lehenengo bi jardunaldiak irabaztea ezinezkoa egin zitzaion Osasunari azken 34 urteetan. Historiako zazpigarren aldia da tale gorritxoak lehenengo bi jardunaldiak irabazten dituena. Madarikazio horrekin amaitu ondoren, beste erronka bat ere izanen du Martinen taldeak: 1968/1969. denboralditik ez ditu Osasunak txapelketako lehen hiru neurketak irabazten. Hirugarren mailan lortu zuen azkeneko aldiz balentria hura; 47 urte luze jada. Martinekin, baina, badirudi gauzak errotik aldatu direla. Taldeak Osasunaren izpiritu historiko eta jokatzeko era berreskuratu ditu, etxeko taldea sortzearekin batera. Martin dagoenetik ere gola errazago sartzen du taldeak: Osasuna zuzentzen daramatzan zortzi neurketetan – iazko sei neurketa agonikoak eta aurtengo biak- taldeak beti eskuratu du golen bat edo beste.

Lehen mailara ahal bezain pronto

Bigarren jardunaldiko aurkaria ez da nolanahikoa izango; maila galdu berri duen Almeria. Jokalari garranzitsuak saldu dituen arren -Thievy, Verza eta Ruben bereziki- taldeak fitxatketa onak egin ditu; Manchester Cityk utzitako Pozo aurrelari gaztea eta iragan denboraldian Leganesen aritu zen Chuli, besteak beste. Cuellar Osasunako atzelari ohiak ere Ingalaterra utzi eta Almerian emanen ditu hurrengo urteak. Lehen mailara aurten itzultzeko helburua dutela argi utzi dute Almeriako hainbat jokalarik. Erronka ez da erraza, Osasunako jokalariek galdetzea dute bestela. Hiru punturekin iristen da talde andaluziarra Osasunaren aurkako partidara. Lehenengo neurketan Leganesi hiru eta bi irabazi ondoren, bigarren neurketan esku hutsik itzuli behar izan zuten etxera. Romaredan, Zaragozaren aurka, hiru eta bi galdu zuten.

Denboraldiko helburuak argi dituzte bi taldeek. Bigarren mailak buelta asko ematen baditu ere goiko lehia horretatik ez du asko urrundu nahi Almeriak. Osasunak, lehenengo postuetan aurkitzen bada ere, puntuak pilatzen jarraitu nahi du iragan denboraldia baino lasaiago bat bizitzeko asmoz. Iragan denboradiko hirugarren jardunaldian jaso zuen jipoia Osasunak, Alavesen partetik, Sadar futbol zelaian bat eta hiru galdu ostean. 15/16 denboraldiko hirugarren jardunaldian ez dadila gauza berbera gertatu.

Behartutako aldaketak, besterik ez

Ongi funtzionatzen duena ez ukitzea aholkatzen da. Martinek badirudi aholkua jaso duela eta taldea bere horretan mantenduko duela. Lehenengo bi jardunaldietako hamaikakoa zelairatuko duela ematen du berriz ere Almeriaren aurka. Miguel Flaño izanen da hamaikako horretatik kanpo geratuko den bakarra; Mirandesen aurka min hartu ostean bi aste egonen da geldirik. Sadarren egin bezala, Tano Bonnin dominikarrak hartuko du bere lekua, Unai Garcia eta David Garciarekin atzealdeko lerroa osatuz. Jose Garciak bikietako batean min hartu ostean zalantza izanen da. Loties eta Luis Martins ere ez daude jokatzeko moduan.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s