Landutako garaipena, bide onetik jarraitzeko

Osasuna 1-0 Mirandes| Bigarren Mailan golik jaso ez duen talde bakarra da Osasuna

Denboraldiko bigarren partidua ere irabazteko gai izan da Osasuna, 34 urte luzez iraun duen madarikazioarekin amaitu eta sentsazio onekin jarraitu ahal izateko. Landutako garaipena izan da gorritxoena, nahiz eta ez duen Palamosen bezain talde sendoaren irudia erakutsi. Alex Berenguerrek sartutako golak erabaki du Sadar futbol zelaian jokatutako partidu fisiko eta trabaz beterikoa.

Iñaki Berastegi Goikoetxea(@IBerastegi)

20150830202651-web-3

Madarikazioarekin amaitu du talde gorritxoak. 1981. urtetik zeraman ligako lehen bi jardunaldiak irabazi gabe. Palamosen erakutsitako sendotasunik gabe, Arrizabalagako entrenatzailearen taldeak gogotik egin behar izan zuen lan neurketa irabazi ahal izateko, Mirandesek hasieratik ezarri nahi izan zuen lehia fisikoan. Taldeak itxura ona eman zuen, atzean sendo eta tarteka baloia mugitzen saiatuz, bi aurrelariak noiz agertuko zain. Defentsatik abiatutako garaipena izan zen, Martini gustatzen zaizkion horietakoak, atzealdean gaizki ibiliz gero nekez irabazten baitira neurketak. Iragan denboraldian ezarritako sistemaren premisa argia da; atzealdea ongi itxi lehendabizi, eta ondoren erasora atera. Joko distiratsurik gabe irabazi zuen Osasunak Mirandesek planteatutako neurketa zaila, ofizio eta lan egiteko gogoarekin. Gosea duen talde gaztea da nafarra, edozeinekin lehiatzeko gai dela frogatu nahi duena. Are gehiago Sadarren bada neurketa. Taldea oraindik eraikitzen ari bada ere, badirudi oinarriak jarzteko prozesua aurreratuta dagoela.

Palamoseko hamaikako berbera zelairatu zuen Monrealek: Nauzet, Javier Flaño, Unai Garcia, Miguel Flaño, David Garcia, Buñuel, Oier, Roberto Torres, Merino, Pucko eta Nino aritu ziren hasieratik. Lehenengo zatiaren hasiera zehaztasun faltak markatu zuen; baloi asko luzean jokatzen saiatu ziren bi taldeak. Mirandesek lehia gogorra, fisikoa, planteatu zuen hasieratik; espero zena, bestalde. Gutxi izan baziren ere, Nauzet Perezen atea zulatzeko aukerak izan zituen Carlos Terrazasen taldeak, bereziki hegaletik aritu zen Lago Junior jokalari azkar eta trebearen eskutik. Buñuel eta beranduago Javier Flañok gorriak ikusi zituzten uda honetan Mirandesek Urko Vera ordezkatzeko sinatu duen jokalariarekin. Abiaduraren bitartez saiatu zen Osasuna Mirandesen atzealdeko lerroari min egiten; Pucko izan zen eraso lan horretan finen aritu zena. Eslovakiarra alde batera eta bestera ibili zen, eta taldeak etengabe bilatu nahi izan zuen.

Pucko ez zenean Roberto Torres eta Aitor Buñuelen erdiraketek animatu zuten harmaila. Nino, ordea, ez zen ez  gai izaten ari errematea modu erosoan egiteko. Garai bateko Osasuna ekarri zuen gogora neurketaren fase horrek, Sadarren aurkaria bere arean sartzen zuen taldea, eta etengabe erdiraketak egiten saiatzen zen; Osasunaren izpirituarekin bat egiten zuen jokatzeko era. Neurketako lehen gol abagune garbiena Puckok izan zuen: Roberto Torresek luzean jokatutako baloi bat harrapatzeko gai izan zen, baina atezaina eta defentsa gainditu ondoren ezin izan zuen hutsik zegoen atearen aurrean asmatu. Zertxobait eskoratuta geratu zitzaion baloia eslovakiarrari, hala ere. Bere horretan jarraitu zuen Osasunak, atzealdea ondo itxita zeukan bitartean kontraeraso eta baloi jabetzeari bizkortasuna emanda min egiten saiatuz. Behera egin zuen talde gorritxoak lehen zatiko azken minutuetan, eta han agertu zen Lago Junior, Mirandesen sastakaia, atzealde gorritxoa aztoratzeko asmoz.

Txartel horia ikusi zuen Miguel Flañok, arazo fisikoak zirela medio, Tano Bonnin atzelariari utzi zion lekua; Villarreal B taldetik datorren jokalariaren debuta izan zen. Mirandesek bigarren zatian lehenengoan baino dezente gehiago erakutsi zuen, gol aukerak sortzeari dagokionez, behintzat. Kanpotarrentzako aukera garbiena bigarren zatian zelairatu zen Tanoren hutsegite baten ondoren etorri zen: Dominikarra baloia area barruan bularrez kontrolatzen saiatu zen, baina baloiak ihes egin zion. Mirandeseko aurrelariaren errematea, ordea, harmailetara joan zen zuzenean. Osasunak freskotasuna galdu zuen Pucko nekatzen hasi zenean. Nino aurrealdean ibili zen, gol aukerak amaitzen saiatuz, zorte handirik gabe.

Taldeak fisikoki behera egin zuenean geldikako jokaldietan saiatu zen, baina zorterik ez zuen alde izan. Mirandesen aldaketek freskotasuna eman zioten erasoari, eta Osasunak egin bezala, geldikako jokaldietan ere min egiten  saiatu arren, Nauzet Perez oso seguru aritu zen. Neurketa amaitzeko 17 minutu falta zirela egin zuen Martinek aldaketa erabakigarria; Buñuelen ordez Berenguer zelairatu zuen, eta eslovakiarrak hezker hegal osoa bere gain hartu zuen. Sei minutu beranduago iritsi zen etxekoen gola, 79.minutuan, haztegiko Berenguerren eskutik. Ordurako bi aldiz abisatu zuen Ninok, area barruan egindako bi jaurtiketen bitartez:  Torres area barrura sartu zen Mirandeseko hiru jokalariren artean aldaratze bat baliatuta, baina bere jaurtiketa atezainak geratu zuen. Aldaratzea Berenguerrek jaso zuen eta atezainik gabe ez zuen huts egin. Neurketa amaitzear zela, korner jaurtiketa batean Mirandesek banakoa egiteko aukera paregabea galdu zuen.

Golik jaso gabe

Pucko eta Roberto Torres erasoa antolatzen fin ibili baziren ere, atzealdeko lerroa oso ondo aritu zen. Bosteko lerro horretatik bi jokalari nabarmendu behar dira: David Garcia eta bereziki Tudelanotik bueltatu den Unai Garcia. Biek ala biek dena egin zuten ondo, eta hegaleko jokalariei ere aparteko laguntza eskeini zieten. Puckok hezker hegala hartu zuenean atzealdean zulo handia uzten zuen, baina han azaldu zen Unai Garcia. David Garciari ere somatzen zaio urte bat eman duela bigarren mailan. Bestalde, Tano, Buñuel eta J.Flañoren neurketa ez zen bereziki ona izan. Buñuelek asko sufritu zuen defentsa lanetan Lago Juniorrekin eta J.Flaño ere ez zen fin ibili. Debuta egin zuen Tano urduri ageri zen. Dena den, atzealdeko lerroak ondo eutsi zion Mirandes. Bigarren Mailan golik jaso ez duen talde bakarra da-

FITXA TEKNIKOA

Osasuna: Nauzet, J.Flaño, David Garcia, Miguel Flaño (Tano Bonin, 30min), Unai Garcia, Aitor Buñuel (Berenguer, 73.min), Merino, Oier, Roberto Torres (Jose Garcia, 87.min), Pucko eta Nino.

Mirandes: Raul, Carlos Moreno, Gafoor, Alex Ortiz, Kijera, Cantero, Ruper, Sangalli, Abdon (Alex Garcia, 62.min), Carnicer (Ion Velez, 67.min) eta Lago Junior (Nestor, 80.min).

Epailea: Areces Franco. Txartel horia Miguel Flaño eta Roberto Torresi Osasunaren partetik eta Ruper, Cantero eta Carlos Morenori Mirandesen partetik.

Golak: 1-0 79.min, Alex Berenguer.

Bestelakoak: 13.404 Sadar futbol zelaian.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s