Sentsazio onei jarraipena emateko abagunea

Osasuna-Mirandes| Denboraldiko bigarren partidan, Martinen mutilek berriz ere hiru puntuak lortzea bilatuko dute. Aurrean Mirandes talde sendoa izanen dute, Zaragozaren aurka bana berdindu ostean sasoiko lehen garaipenaren bila etorriko dena

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

Iragan larunbatean Osasunak amestutako debuta izan zuen aurtengo Adelante Ligako bere lehen norgehiagokan. Etxetik kanpo hiru puntuak lortzea, golik ez jasotzea, erasoan eraginkortasuna erakustea… Asko dira Palamosen jokatutako partidak gorritxoentzat utzitako alderdi positiboak. Ilusioaz hitz egiteko oraindik akaso goizegi da, batik bat ikusita lehengo urtekoa bezalako denboraldi tamalgarri batek aurtengoaren antzeko hasiera izan zuela. Ezin uka, aitzitik, taldeak sentsazio onak transmititu zituela, zaleengan nolabaiteko baikortasuna zabalduz. Egoera horretan, igande honetan talde nafarrak abagune paregabea dauka sentsazio on horiei jarraipena eman, eta iragan urteko Osasunaren mamuak guztiz uxatzeko.

Baina Mirandesen aurka garaipena lortzeak, sentsazio positiboak areagotzeaz landa, beste ondorio bat ere izanen luke: 1981. urtetik dirauen madarikazio batekin amaitzea. Izan ere, jada 34 urte luze daramatza talde gorritxoak Ligako lehen bi partidak irabazi ezinda. Hiru hamarkada luze, lehenengo bi jardunaldietan gutxienez estropezu bat pilatuta. Urte hartan, 1981ean, gorritxoek lehen jardunaldian Sevillari irabazi zioten (2-3), eta bigarrenean Hercules menderatu zuten Sadarren (3-1). Geroztik, askotan gertu izan diren arren (2005/06 denboraldian, esaterako, garai hartan Javier Aguirrek zuzentzen zuen taldeak Liga garaipen batekin ireki zuen, baina bigarren jardunaldian ez zen berdinketatik igaro), ezin izan diote denboraldiari bi garaipenekin ekin. Hortaz, etzi garaipena lortzeak esanahi berezia izanen luke talde iruindarrarentzat.

Zernahi ere, hiru puntuak lortzea ez da arrosa bidea izango. Gorritxoek aurkari gisa sendotasuna bertute nagusi duen Mirandes izanen dute, partida guztietan lehia bizia ziurtatzen duena. Carlos Terrazasek zuzenduriko taldea ez da jokalari aipagarriz beterik dauden horietakoa, baina beharrik ere ez du, izan dezakeen kalitate falta talde lan gogorrarekin orekatzen baitu. Lerroak oso batuta mantentzen ditu, atzean zirrikitu oso gutxi uzten dituelarik. Egoera horretan, Osasunak erasoan baloia azkar mugitzeko gaitasuna daukala erakutsi beharko du, baloia motel mugituta oso lan nekeza baita Mirandako taldeari min egitea. Baina baloi trantsizio azkarrak egiteko gaitasunaz gain, talde gorritxoa derrigorturik dago, gutxienez, Llagosteraren aurka erakutsitako intentsitatea izatera, ezustekorik izan nahi ez badu behintzat. Ezaugarri hau, intentsitatea, funtsezkoa da Bigarren Mailan; are gehiago, Mirandes bezalako talde fisikoen aurka. Beraz, kalitatea eta esfortzua uztartu beharko dituzte gorriek.

Aldaketa gutxi hamaikakoan

Martin Monrealek zelairatuko duen hamaikakoari dagokionez, Llagosteraren aurka erabilitakoaren oso antzekoa izango da. Atzo entrenamenduan partidutxo bat egin zuten, eta bertan Arrizabalagakoak bere asmoen nondik norakoak agerian utzi zituen. Hasieran iragan larunbatean jokatu zuten 11 jokalariak erabili zituen, eta ondoren, entrenamenduak aurrera egin ahala, aldaketak egiten joan zen: defentsa lerroan Tanok Miguel Flañoren lekua hartu zuen, Luis Martins ezker hegalean jarri zuen, eta horrekin batera Javier Flaño eskuin hegalean jarri zuen, Buñueli lekua kenduz; aurrelariei dagokienez, Milic-ek Puckoren tokia hartu zuen. Euskarria izan zen aldaketarik jasan ez zuen lerro bakarra. Martin oso pozik dago Llagosteran posizio honetan aritu ziren hiru jokalariekin, beraz, igandean hasierako hamaikakoan izanen dira ziurtasun osoz.

Defentsako lerroan ere ez dirudi aldaketarik egongo denik. Bere aurkezpenaren egunean Martinsek jokatzeko prest dagoela azpimarratu zuen, baina badirudi Martinek ez duela oraindik hasieratik jarriko. Arrizabalagakoaren intentzioa portugaldarrari minutuak gutxinaka ematea da. Horrela, igandean bigarren zatian zelairatuko da; hasierako hamaikakoan izateko Almeriaren aurkako partidara edota Kopako norgehiagokara itxaron beharko du.

Hamaikakoan inkognita handiena aurreko lerroa da. Iragan larunbatean Pucko eta Nino ondo moldatu ziren, aurrelari bateragarriak direla erakutsiz (Osasunaren lehen gola horren adibide). Alabaina, Martinek agian bi hauetako bati atsedena eman nahiko dio, eta, era berean, Milic hasieratik jarrita nola moldatzen den ikusi. Montenegrinokoa hasieratik zelairatzea apustu egokia izan liteke, gehienbat bere altuerari esker alternatiba ugari eman diezazkiokeelako taldeari (baloiak jaitsi, bizkarrez jokatu…). Nino eta Pucko profil nahiko antzekoa duten jokalariak dira, eta biak hamaikakoan jarrita, gerta liteke Mirandesen defentsa amarauna apurtzeko alternatibak falta izatea. Milic hauetako batekin batera jarrita, aitzitik, gorritxoek bide gehiago izango lituzkete aurkariari min egiteko.

Mirandes, lehen garaipenaren bila

Igandean Osasunaren aurkaria izanen den Mirandes Zaragozaren aurka bana berdintzetik dator. Anduvan jokatu zen partidan etxekoek itxura ona eman zuten, igoerarako faboritoetako bati haginak erakutsiz. Denboraldiari uda zail baten ostean ekin dio; izan ere, taldeko jokalari garrantzitsuenetako batzuk galdu ditu. Horietako  bat Urko Vera da, iragan denboraldian 17 gol sartuta taldeko goleatzaile nagusia izan zena. Hura ordezteko Abdon Prats eta Lago Junior iritsi dira. Anduvara iritsi den beste jokalarietako bat Marco Sangalli da, iragan denboraldian Alavesen txukun aritu zena. Bera da, dudarik gabe, Mirandesen  mehatxurik handienetarikoa.

Gauzak horrela, Carlos Terrazasen taldeak Sadarren denboraldiko lehen hiru puntuak patrikaratzea bilatuko du. Hiru puntu, Anduvakoen helburu nagusia den iraunkortasuna lortzeko lehen pausotxoa izango liratekeenak. Iragan denboraldian Sadarren jokaturiko partidan 2-0 galdu zuten, beraz, badakite Sadarretik hiru puntuak ateratzeko zer ez den egin behar.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s