Luis Martinsen fitxaketak taldea ia itxita utzi du

Portugaldarraren fitxaketarekin, Osasunak gehienez izan ditzakeen 18 fitxa profesionalak bete ditu. Edonola ere, Vasilejevic-ek adierazi du oraindik aldaketak egon daitezkela merkatua itxi baino lehen

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

Uda aztoratua izan da Sadar aldean. Taldearen osaketak izan duen eraldaketari erreparatzea besterik ez dago horretaz ohartzeko: lehen taldearen bizkarrezurra osatzen zuten jokalarietako asko (Sisi, Loe, Vujadinovic, Riesgo…) joan, eta hauen ordez jokalari berri asko iritsi dira -tartean Promesaseko hainbat jokalari-. Horien artean azkena Luis Martins portugaldarra izan da, Granadatik utzita etorri dena. Horrenbestez, badirudi fitxaketa honek taldea ia itxita utzi duela, Martineskin Osasunak gehienez izan ditzakeen 18 fitxa profesionalak (muga hau Futbol Liga Profesionalak ezarririko zigor baten ondorioa da) bete baititu.

Haatik, Petar Vasiljevic kirol zuzendariak atzo Martinsen fitxaketaren harira emaniko prentsaurrekoan adierazi zuenez, irailaren 1era iritsi arte aldaketak ezin daitezke baztertu: “Merkatua zabalik dago, eta berau itxi bitartean beti agertu daiteke jokalari interesgarriren bat. Beraz, ezin daiteke esan taldea guztiz itxita dagoenik”. Zernahi ere, serbiarrak garbi utzi nahi izan zuen norbait etortzekotan, jokalari gorritxoren bat irten ostean etorriko dela. Horren harira, klub iruindarrak duen fitxa profesionalen mugaz kexu agertu zen, horrek udako planifikazioan zein taldearen errendimenduan dakartzan kalteak azpimarratuz: “Soilik 18 fitxa izanda, nire lana askoz ere zailagoa da. Gainera, horren jokalari gutxirekin, oso lan nekeza da 42 jardunaldiko liga batean lehiatzea. Zentzu horretan, gainontzeko taldeek gurekiko abantaila handia dute”.

Bestelakoan, kirol zuzenadaria pozik agertu zen udan eginiko planifikazioaz, adieraziz etorri diren jokalariek ekarpen handia egingo diotela talde gorritxoari. Gainera, egungo Osasunak jokalari gazte eta esperientziadunen konbinazio orekatu bat duela aitortu zuen: “Aurtengo denboraldia iragan sasoiarekin konparatzen badugu, garbi ikusten da aurtengo taldea gazteagoa dela. Horrek indarra eta gosea ematen dio taldeari. Baina, era berean, aldagelan esperientzia handiko jokalariak ere badaude. Gaztetasun eta esperientziaren arteko oreka horrek asko eman ahal dio Osasunari”. Lehen jardunaldian gorritxoek emaniko itxura onari dagokionez, serbiarra oso baikor agertu zen, eta aitortu zuen aurten jokalariei beste jokamolde batekin ikusten zaiela, “askoz ere zentratuago”.

Miguel Flañoren auzia, ixtear

Atzoko prentsaurrekoan Vasiljevic-ek jorratu zuen beste gaietako bat azken hilabeteetan Miguel Flañorekin izandako auzia izan zen. Serbiarrak adierazi zuenez, uda hasieran klubak kapitain gorritxoari irteera bat bilatzea zeukan pentsatuta, baina gauzak okertu ostean, beronen kontratua birnegoziatzeari ekin zaio, eta itxura guztien arabera, kluba eta jokalaria laister iritsiko dira akordiora. Zentzu horretan, Osasunako kirol zuzendariak Miguel Flañok larunbatean zale batzuengandik jasotako txistuekin bere bat ez etortzea agertu zuen, jokalariak inongo errurik ez daukala azpimarratuz: “Jokalariak zaleengandik babesa jaso beharko luke. Bere garaian, taldearen egoera ekonomiko tamalgarria zela eta, soldata jaitsi zuen, beraz, orain kritika hauek jasotzea ez dut ulertzen”.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s