Osasunak bide onetik ekin dio denboraldiari

2015-16 denboraldiko lehen partidan gorritxoek huts eta bi irabazi zioten Llagostera talde kataluniarrari. Larunbatean Martinen mutilek erakutsitako sendotasunak ilusioa piztu du Sadar aldean

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

Intentsitatea. Partida irakurtzen jakitea. Joa. Sendotasuna. Ezaugarri horiek guztiak izan zituen Osasunak iragan larunbatean Palamosen jokaturiko neurketan. Udan talde iruindarrak pairatu duen berregituraketa sakonaren ostean, Llagosteraren aurka lehen azterketa ofiziala zeukan, eta notarekin gainditu zuela esan daiteke. Emaitzak (0-2 gorritxoen alde) agerian uzten du Martinen jokalariek gauzak behar bezala egin zituztela, batik bat kontuan hartuta etxean talde kataluniarra gainditzen oso zaila dela. Baina emaitzaz landa, berau lortzeko modua ere azpimarragarria da. Izan ere, aipaturiko ezaugarriak lagun izan zituelarik, garbi gelditu zen Osasuna honek, lehengo urtekoak ez bezala, badakiela zertara jokatzen duen.

Arrizabalagako entrenatzaileak, klubaren estrategia berriari jarraiki, etxeko jokalariez beteriko hamaikako bat zelairatu zuen. Guztira 8 nafar jarri zituen hasieratik, Nauzet atezainarekin eta Nino eta Pucko aurrelariekin batera. Partidaren lehen 45 minutuei dagokienez, intentsitatea eta baloi luzeak izan ziren nagusi. Gorritxoek ondo ekin zioten norgehiagokari, arerioa bere zelaian sartuz, baina aukerak nekez sortzen zituzten. Llagosterak partidarako plan garbi bat zeukan: defentsa lanetan gogor aritu, eta ondoren kontraeraso azkarrak egitea. Hortaz, etxeko taldea defentsa lanetan zentratu zelarik, Osasunak gol abaguneak nekez sortu zituen. Garbiena Roberto Torresek izan zuen, falta jaurtiketa batean. Bestelakoan, gorritxoak arrisku gutxirekin iritsi ziren Reneren areara.

Bigarren zatian, baina, gauzak berehala aldatu ziren, atsedenetik bueltatu eta 7 minutura Osasuna markagailuan aurretik jarri baitzen. Nino eta Puckok konbinazio ederra egin zuten area ertzean, eta ondoren esloveniarrak baloia maisuki bidali zuen sare barrura. Partidu ofizialean debuta zuen, eta agerian utzi zuen taldeari abiadura eta gola eman ahal dizkiola. Alabaina, gorritxoak ez ziren huts eta batekoarekin konformatu, eta bederatzi minutu geroago Torresek bigarrena egin zuen, penalti puntutik. Horrela, bada, partida ia erabakita utzi zuen Arrekoak. Oraindik ordu erdi gelditzen zitzaion neurketari, baina gorritxoek egoera behar bezala irakurri, eta erritmoa nabarmen jaitsi zuten. Horrela, markagailuan zuten errenta defendatzeko ez zuten apenas arazorik izan.

Horrenbestez, Osasunak bide honetik ekin dio denboraldiari, etxetik kanpo hiru puntuak lortuta (iragan denboraldian 18. jardunaldira arte itxaron behar izan zuten etxetik kanpo irabazteko). Martinen taldeak garbi utzi zuen ondo finkaturiko plan bat daukala, eta, era berean, berau arrakastaz praktikan jartzeko gai dela.  Denboraldiaren hasiera izanik, oraindik akats txiki batzuk somatu zitzaizkion larunbatean -geldikako jokaldi batzuetan gehiegi sufritu zuen, eta zenbait unetan jokalari batzuei kontzentrazio falta igarri zitzaien-, baina Palamosen erakutsitako sendotasuna mantendu eta pixkanaka erritmoa hartzen joaten bada, aurtengoa gorritxoentzat gozatzeko moduko denboraldia izan daiteke.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s