Ahazteko moduko denboraldia

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

2014/15 denboraldia Osasunaren historiako sasoirik txarrenetarikoa izan da. Hiru entrenatzaile igaro dira klub iruindarretik: Jan Urban, Jose Manuel Mateo, eta berriz ere miraria gauzatu duen Martin Monreal. Denboraldia igoeraren ilusioarekin hasi zen Iruñea aldean, baina asteen joanaren poderioz taldea xede horretatik urrunduz joan zen.  Azkenean, azken jardunaldiko azken minutura arte itxaron behar izan da 2.B mailara jaistea ekiditeko

Kolpe gogorra izan zen Osasunarentzat Bigarren Mailara jaistea. 14 urte elitean aritu ondoren, 2013/14 denboraldian ezin izan zion mailari eutsi. Jokalariak, zaleak, zuzendariak… Denak zein denak burumakur ziren, taldeari gertatu zitzaiona sinistu ezinda. Aitzitik, aurredenboraldian ilusioa eraberritu egin zen taldean zein zaleen artean. Zilarrezko mailara jaistea azken urteetan talde nafarrean izandako etsipenik handienetakoa izan zen, baina jendea jakitun zen denboraldi txukun bat egin ezkero berriz ere Lehen Mailara itzultzeko aukera zegoela. Azken batean, Osasunarena zen Bigarren Mailako talderik onenetako bat (garestienetakoa bai, bederen), beraz, lehen begi-kolpean, amets egiteko arrazoiak bazeuden.

Egoera horretan, abuztuaren 23an ekin zioten gorritxoek denboraldiari; baita ongi ekin ere. Izan ere, bi eta huts irabazi zioten Bartzelona B-ri, futbol alai eta sendoa erakutsiz. Sasoia irekitzeko modu hoberik ez zen, iragan urtean hirugarren egin zuen taldea aise irabaztea baino. Hortaz, denboraldia hasi aurretik baikortasuna bazen nagusi, garaipen honek euforia eraman zuen Sadarreko harmailetara. Nork esan behar zien orduan zale gorritxoei denboraldi amaieran euren taldea desagertzear egon behar zenik?

Izan ere, asteek aurrera egin ahala, ametsa amesgaizto bihurtzen hasi zen. 16. jardunaldira bitartean, iruindarrak Bigarren Mailan horren beharrezkoa den erregulartasuna izatetik oso urrun ibili ziren. Neurketa batzuetan gol ugari sartzen zituzten (inor gutxik ahaztuko du Mallorcaren aurkako 6-4 hura), beste batzuetan ate aurrean kamust ibili eta arerioa gainetik igarotzen zitzaien bitartean (Sporting, Racing edota Alavesen aurka, esaterako). Erregulartasun eza horren atzean, batik bat, bi zio zeuden: bata, maila defentsibo negargarria -taldeari golak aise egiten zitzaizkion-, eta bestea, nazioarteko neurketetarako deialdiak, Jan Urbani talde osoarekin lan egitea galarazi ziona. Gauzak horrela, 16. jardunadian taldea lehenengo aldiz jaitsiera postuetan sartu zen, Mirandesen aurka modu tamalgarri batean galdu ostean.

Berdeguneko eraberritzea, eta hondamendi instituzionala

Horrela, bada, 17. jardunalditik 22. jardunaldira bitartean Osasuna indarberritu egin zen. Izan ere, epe horretan jokaturiko sei partidetan iruindarrek lau garaipen eta bi berdinketa lortu zituzten. Lau garaipen horietako bi kategoriako talderik onenetakoak ziren Valladolid eta Las Palmasen (kanariarrak une hartan liderrak ziren) aurka erdietsi zituzten, beraz, garbi zegoen nafarrak behetik gorako bidea indar handiz ari zirela egiten. Hala, jaitsiera postuetatik nabarmen aldendu eta playoff postuetatik soilik bost puntura kokatu ziren. Ez zen zaleek sasoi hasieran amesten zutena, baina behintzat taldearen  helburua berriz ere igoeraren lehia horretan sartzea zela zirudien.

Alabaina, kirol arloan gauzek hobera egin zutela zirudienean, “Osasuna Auzia” delakoak eztanda egin, eta kluba maila instituzionalean hondoratu egin zen.  Ez zen gutxiagorako. Izan ere, Osasuna 2013/14 denboraldi amaierako partidu adosteekin lotu zenetik, klub nafarrarekin loturiko pertsonen inputazioak etengabeak izan ziren, 95 urteko historia duen erakunde baten prestigioa eta sona ona pikutara bidaliz. Auzitegietan deklaratu behar izan zutenen artean daude Puñal eta Damia jokalariak (Espanyolen aurkako neurketa adostearekin zerikusiren bat zutelakoan) eta Miguel Angel Artxanko presidente ohiaren zuzendaritza talde osoa (hauei klubean izandako diru irteera irregularrekin lotura izatea egozten zitzaien). Gauzak horrela, eskandaluaren unerik gorenena Artxanko eta Txuma Peraltaren espetxeratzearekin etorri zen.

Baina Osasunaren hondamendi instituzionala ez zen soilik partidu adosteen zalapartaren ondoriozkoa izan; Ogasunarekin zeukan (eta oraindik daukan) zorrak ere zeresana izan zuen taldearen prestigio instituzionalaren hondoratze horretan. Osasunak Ogasunarekin 50 bat milioi euroko zorra zuela argitaratu zenetik, garbi gelditu zen azken urteetan talde iruindarra ez zela, askok uste zuten bezala, talde ekonomikoki bideragarri bat izan; eta noski, Osasunak horrelako zor bat izateak agerian utzi zuen Nafar Gobernuak horretan inplikazio zuzena izan zuela, honen onespenik gabe ezinezkoa baitzatekeen Osasunak Ogasunari hainbeste diru ordaindu gabe uztea.  Gauzak horrela, UPN, PPN eta PSNren babesarekin Nafar Legebiltzarrak Osasuna Legea adostu zuen, talde nafarraren zorra berregituratzeko. Horrela, Sadar eta Taxoare Nafar Gobernuaren eskuetan gelditu ziren, Ogasunari ordaindu beharreko kantitatea murriztuz (datozen 30 urteetan 20 milioi euro ordaindu beharko dizkio).

Taldearen gainbehera eta Urbanen kargugabetzea

Denboraldiaren bigarren itzuliaren hasierak taldeak aurretik zekarren dinamika baikorra errotik moztu zuen. Izan ere, Mini Estadin huts eta bat irabazi ostean, Urbanen mutilek bost partida galdu zituzten erreskadan. Dinamika aldaketa horretan zerikusia hainbat faktorek izan zuten: krisi instituzionalak, zenbait jokalariren irteerak (taldearentzat funtsezkoa zen Miguel De las Cuevas Spezia italiarrera joan zen), egoera klimatikoen ondoriozko partiduen atzeratzeak… Horrela, zio horiek zirela medio, Osasuna talde sendoaren itxura ematetik itxura ezin ahulago bat ematera igaro zen. Datuek ederki erakusten dute ahuldade hori: jarraian galdutako bost partida horietan iruindarrek hamar gol jaso eta bakarra ere ez zuten sartu. Porrotik potoloenak Alaves eta Mallorcaren aurkakoak izan ziren (gorritxoek 3-0 galdu zituzten aipatu bi partidak), baina agian mingarriagoak izan ziren Sadarren galdutako hiru partidak. Izan ere, hauek agerian utzi zuten nafarren zelaia jada ez zela antzina izandako gotorlekua.

Egoera horretan, Lugoren aurka etxean huts eta bi galdu ostean, Sabalzak gidaturiko zuzendaritza batzordeak Jan Urban poloniarra kargugabetzea erabaki zuen. Sabalza presidentearen arabera, taldeak ezin zuen horrela jarraitu, eta aulkian aldaketa bat egitea derrigorrezkoa zen. Horrela, Osasunan jokalari gisa historia egin zuen poloniarra kaleratu egin zuen. Zale asko erabakiaren aurka agertu ziren, adieraziz errua ez zela entrenatzailearena, jokalariena baizik; erabakia, baina, dagoeneko hartuta zegoen. Horrenbestez, Jan Urbanen ametsa, bera entrenatzaile zela taldea Lehenengo Mailara eramatearena, ezerezean gelditu zen.

Okerretik okerrera Mateorekin

Urbanek taldea utzi zuenean Osasuna 16. zen, jaitsiera postuekiko hiru puntuko errentarekin. Iruindarrak, beraz, berriz ere estutasun larrietan ziren. Egoera horretan, Jose Manuel Mateo Promesaseko entrenatzailea izendatu zuten lehen taldeko entrenatzaile gisa. Iruindarrak alde zituen bermeak klubaren balioekin identifikatzea eta haztegiaren ezagutza sakona ziren, lehen begi kolpean paper on bat jokatzeko argudio nahiko sendoak ziruditenak. Aitzitik, honek taldea hartzean gauzek itxura txarra bazuten, honen gidaritzapean egoera are okerragoa bilakatu zen.

Gauzak horrela, Mateoren lehen zortzi partidetan taldeak ez zuen garaipen bakar bat ere lortu, kirol krisia geroz eta sakonagoa bihurtu zelarik. Zortzi partida horietan Osasunak futbol nahiko oneko partidak izan zituen, Sporting-en aurka, adibidez, baina azkenean gol falta nabariaren (zortzi partidatan hiru gol besterik ez zituen sartu) eta arazo defentsibo larrien ondorioz garaipenak ihes egin zion talde iruindarrari. Horrela, bada, 34. jardunaldiaren ostean Osasuna berriz ere jaitsiera postuetan sartu zen. Egoera muturrekoa zen: 12 neurketa zeramatzan jarraian garaipenik ezagutu gabe, sailkapena geroz eta gehiago ari zitzaion estutzen.

Egoera horretan, 35. jardunaldian iruindarrek, azkenean, jada ezezagun bilakaturiko garaipena erdietsi zuten, Albaceteren aurka, hain zuzen. Beraz, Mateok bere bederatzigarren partidan lortu zuen lehen garaipena. Sabalzak iruindarra kargugabetzeko intentzioa zeukan, baina garaipen honen ostean konfiantzazko boto bat eman zion. Konfidantzak, baina, astebete baino ez zuen iraun, hurrengo jardunaldian Gironaren aurka taldeak itxura tamalgarria eman eta zuzendaritza batzordean Mateo kaleratzeko erabakia hartu baitzuten. Erabakia derrigorrean hartu beharrekoa zen, taldea etengabeko gainbehera batean baitzegoen sarturik, bai jokoari dagokionez, baita sailkapenari dagokionez ere. Mateo egoerari buelta ematen gogor saiatu zen, baina ez zuen horrelako egoera bat iraultzeko behar den lidergo eta gaitasunik izan. Beraz, Sabalza eta bere taldeak erabaki zuzena hartu zutela esan daiteke.

Martin Monrealen bigarren miraria

Denboraldia amaitzeko sei jardunaldi besterik gelditzen ez zirela, Osasuna jaitsiera postuetan zen, hondamendia geroz eta gertuago ikusten zelarik. Horrela, bada, Sabalza presidenteak mirarietan aditu bat den Martin Monrealen eskuetan utzi zuen taldea zulotik ateratzearen ardura. 97an talde iruindarra antzeko egoera batetik atera zuen, beraz, ez zirudien gizon egokiagorik zegoenik eginbehar hori burutzeko.

Gauzak horrela, Martin entrenatzaile izendatu eta hurrengo hiru partidetan taldeak, gutxi bada ere, hobera egin zuen. Izan ere, garaipen eta berdinketa banarekin nafarrak jaitsiera postuetatik irten ziren. 40. jardunaldian, baina, dena berriz ere okertu egin zen. Norgehiagoka hartan Osasunak Leganesen aurka jokatu zuen. Partida oso kaskarra egin arren, gorritxoek hiru puntuak lortzear izan ziren, baina etxekoek azken minutuetan banakoa jarri zuten. Emaitza oso txarra izan zen iruindarrentzat, Racingek Sorian irabazi ostean Osasuna berriz ere jaitsiera postuetan sartu baitzen.

Egoera horretan, talde gorritxoa kinka larrian zegoen, 2.B mailara amiltzear. Alabaina, azken bi jardunaldietan Osasunak mailari eustea lortu zuen, sekulako sufrimenduarekin bada ere. Azken aurreko jardunaldian gorritxoek bi eta huts irabazi zioten Recreativori, eta Racingek etxean Ponferradinaren aurka galdu zuen. Modu horretan, Monrealen mutilek aski zuten azken jardunaldian puntu bat lortzearekin salbazioa lortzeko. Aitzitik, jada 2. B mailan zen Sabadellek gauzak zail, oso zail jarri zizkien. Horren zail, ezen Osasuna 90 minutuz 2.B mailan egon zen. Partida amaitzeko hamabost minutu falta zirela gorriak markagailuan bi eta huts ziren atzetik, baina, azkenean, David Garcia eta Javi Flañoren golei esker (azken honek 91. minutuan sartu zuen gola) iruindarrek mailari eustea lortu zuen. Horrela, Martin Monrealen mirari berri batekin eman zitzaion amaiera ahazteko moduko denboraldi bati.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s