Azken urratsa salbaziorantz

Sabadell-Osasuna| 18:00, Nova Creu Alta| Gorritxoek salbazioa ziurtatzea bilatuko dute denboraldi ezin gogorrago bateko azken partidan. Puntu batekin aski izango lukete mailari eusteko

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

Dena kontra izan duen denboraldi batean, Osasunak abagune paregabea dauka Sabadellen aurka hainbeste buruhauste ekarri dizkion salbazioa lortzeko. Iragan jardunaldiaren aurretik talde iruindarra kinka larrian zegoen, jaitsiera postuetan eta bertatik ateratzeko aukera gutxirekin. Aitzitik, 90 minututan gorritxoen egoera guztiz irauli zen, Recreativoren aurkako garaipenak eta Santanderreko Racingen ustekabeko porrotak jaitsiera postuetatik irteteko aukera eman baitzieten. Hortaz, orain bai, orain nafarrek bere esku dute  mailari eustea. Eta ez hori bakarrik: gaur puntu bat lortzearekin nahikoa izango lukete helburua lortzeko (neurketa baten faltan hiru puntu ateratzen dizkiote Racingi).

Horrela, bada, Osasunak salbazioa lortzeko azken urrats horretan kale egitea ia ezinezkoa dirudi; areago, kontuan hartzen bada aurkari izanen duen Sabadell dagoeneko maila galduta dela. Zernahi ere, ia faktore guztiak aldekoak diren arren (kanpoan jokatzea da kontrakoa den alderdi bakarrenetarikoa), gorritxoek garbi izan behar dute 100%a ematea dela Nova Creu Altan puntuatzeko duten bide bakarra. Gauzak alde dituzte, bai, baina lasaikerian erori, arerioa gutxietsi edota aldez aurretik helburua jada beteta dagoela pentsatu ezkero, Martinen mutilek boleto asko izanen dituzte estutasunetan sartzeko. Izan ere, denboraldian zehar argi eta garbi gelditu da jokalariek duten guztia eman ezean, Osasuna talde ahula, oso ahula dela. Beraz, gaurko formula zein izan beharko litzatekeen garbi dago: arerioak baino gehiago korrika egitea, berau baino gehiago saiatzea. Hori da bidea, eta ez besterik.

Gauzak horrela, Sabadellen aurkako norgehiagokan itxura on bat emateko gakoetako bat pasa den igandean bezala jolastea izango da. Recreativoren aurka taldeak segurtasun defentsibo handia erakutsi zuen, eta defentsa lerroan maila hori mantendu ezkero, kataluniarrek zail izango dute Osasunari ezustekorik ematea. Beraz, defentsan helburua iragan jardunaldian emaniko irudiari jarraipena ematea da. Erasoan, baina, hiru puntuak lortu nahi ezkero behintzat, taldeak beste freskotasun bat erakutsi beharko luke. Recreativoren aurka bi gol sartu zituzten, baina, egia esan behar bada, geldikako jokaldiez aparte taldeak ez zuen gauza handirik erakutsi. Jokalari oso azkarrak ditu hegaletan, eta Martinek hori aprobetxatzen jakin beharko luke. Bestela, taldearen alternatiba bakarra geldikako jokaldiak izanen dira, eta Sabadellek hauek defendatzen asmatu ezkero, gorritxoak B planik gabe izanen dira.

Martinek zelairatuko duen hamaikakoari dagokionez, ziurtasunez ezin daiteke ezer esan, Arrizabalagako entrenatzaileari ezustekoak ematea asko gustatzen baitzaio. Dena den, iragan igandeko hamaikakotik ez dirudi gauza askorik aldatuko duenik. Defentsako boskotean aldaketa bakarra izango da: Echaidek santzionaturiko Oierren partez jokatuko du. Erasoko postuetan egon daitezkeen aldaketei dagokienez, badirudi Herviasek Alex Berenguer gaztea ordeztuko duela. Errealak utzita dabilen jokalariak minutu gutxi jokatu zituen Recreativoren aurka, astean zehar min hartuta ibili baitzen; gaur, baina, protagonismo handiagoa izango du. Bestelakoan, aldaketarik ez: Riesgo atepean, Loe eta Torres euskarrian, hauen aurretik Sisi, eta aurreko lerroan, Herviasekin batera, Nino beteranoa.

Lau denboraldiren ostean, Sabadell 2.B mailara itzuliko da

Osasunarentzat aurtengo sasoia zaila izan bada, zer esanik ez Sabadellentzat. Izan ere, Carlos Mandiaren taldea burua altxa ezinda ibili da ia denboraldi osoan, jaitsiera postuetatik irten ezinik. Martxoa eta apirila bitartean izan zuen boladarik onena, zenbait garaipen eta berdinketa pilatuz, baina azken txanpa negargarri batek talde kataluniarra kondenatu egin du. Horrela, iragan igandean Sportingen aurka galdu ostean jaitsiera ofizial bilakatu zen arlekinatuentzat. Lau denboraldi zeramatzaten Zilarrezko Mailan, eta bereziki iragan sasoian maila politean aritu ziren, sailkapenean hamargarren eginez; alabaina, aurten maila hartatik oso urrun aritu dira.

Gauzak horrela, gaur arratsaldean euren zaleen aurrean emango diote amaiera denboraldiari. Aho zapore onarekin amaitu nahiko dute, hiru puntuak lortuta. Edonola ere, Osasuna behar askoz ere handiagoarekin iristen da gaurko partidara, honek etorkizuna oraindik jokoan baitu; beraz, zaila dirudi etxekoek denboraldia garaipenarekin itxi ahal izatea.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s