Salbazioa, eskura

Osasuna-Recreativo (2-0)| Jardunaldi borobil bati esker, Osasunak berriz ere bere esku du salbazioa lortzea. Gorritxoek garaipen eroso bat lortu zuten Recreativoren aurka, eta Racingek, bere aldetik, Ponferradinaren aurka huts eta bat galdu zuen. Horrela, mailari eusteko gorritxoek aski izango lukete azken jardunaldian puntu bakar bat lortzearekin

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

Zer da ba, futbola, sentimenduen etenik gabeko joanetorri bat ez bada? Aste honetan kezka eta urduritasuna ziren nagusi Osasunaren zaleen artean. Ez zen gutxiagorako: taldea jaitsiera postuetan zegoen, 2.B mailara amiltzear, eta soilik mirari batek atera zezakeen egoera horretatik. Bada, atzoko partidak egoera goitik behera irauli zuen. Alde batetik, Osasunak bi eta huts irabazi zion jada 2.B mailako den Huelvako Recreativori, eta, bestetik (eta inor gutxik espero zuena) Ponferradinak huts eta bat irabazi zion Racingi Sardineron. Modu horretan, jardunaldi baten faltan talde iruindarra jaitsiera postuetatik kanpo dago, Racing hiru puntura duela; beraz, zale gorritxoen aurpegian dagoeneko ez da kezka somatzen, baikortasuna eta poza baizik.

Gauzak horrela, atzokoa Osasunarentzat denboraldiko partidarik erosoenetakoa izan zela esan daiteke. Joko aldetik ez zuen sekulako erakustaldirik eman, baina maila oso apaleko aurkari baten aurka ez zuen gehiagorik behar izan hiru puntuak lortzeko. Hasierako minutuak izan ziren zailenak gorritxoentzat, urduritasuna zela medio, neurketan sartzea dezente kosta baizitzaien. Ez zuten espero zen erritmorik, ez eta oldarkortasunik ere. Egoera horretan, Recreativok pare bat gerturaketa arriskutsu egin zituen Riesgoren areara, baina, beste egun batzuetan barrura joango zena, atzo kanpora joan zen. Zortea era atzo alde baitzuten. Horrela, bada, hasierako artegatasuna alde batera utzita, Martinen mutilak apurka apurka berdegunean nagusitzen hasi ziren, presioaren (Loe giltzarria izan zen lan horretan) eta baloi trantsizio azkarren bitartez.

Baina atzo garaipena lortzearen gakoa ez zen bereziki gorriek berdegunean erakutsitako jokoa izan, partida ikusgarririk ere ez baitzuten egin; gakoa, hain zuzen, geldikako jokaldietan egon zen. Talde nafarrak jokalari oso jaioak ditu jokaldi hauetarako: Vujadinovic, Loe, David Garcia… eta azken aldian faltak ateratzen maisua dela erakutsi duen Roberto Torres. Modu horretan, euren bertuteen eta kanpokoen ahuldade defentsibo agerikoen ondorioz, etxekoek zuku ederra atera zieten geldikako jokaldiei. Izan ere, euren bi golak modu honetan etorri ziren. Lehenengoa, 15. minutuan, Roberto Torresen falta jaurtiketa ikusgarri bat Vujadinovic-ek burukada itzel baten bidez sareetara bidali zuenean. Zaleen idolo berria den serbiarrak atzokoan ere aireko jokoan parekorik ez duela erakutsi zuen.

Horrenbestez, gol honekin Osasunak lehenengo kolpea emana zuen. Aldarte aldetik beti izaten da komenigarria lehenengo gola aurkariak baino lehenago egitea, markagailuan atzetik izatea talde askorentzat gainditu ezineko langa bat izaten baita. Bada, andaluziarrei horixe gertatu zitzaien: bat eta hutsekoa jaso eta gero ez zuten berriro bururik altxatu, dagoeneko euren burua 2. B mailan ikusiko balute bezala. Modu horretan, lur jota zegoen talde baten aurka gorritxoak erraz ibili ziren, batez ere defentsa lanetan. Erasoan ez ziren azpimarratzeko moduko jokaldirik kateatzen ari, baina beharrik ere ez zuten izan. Izan ere, 42. minutuan beste geldikako jokaldi batean David Garcia gazteak markagailuko aldea handitu egin zuen. Haztegikoak Roberto Torresek ateratako korner baten aldaratzea hartu, eta sekulako zartako baten bitartez baloia sareetara bidali zuen. Sotres atezainak ez zuen baloia ikusi ere egin. Profesional bezala lehenengo gola zuen; eta ez zen une txarrean etorri, gol honi esker Osasunak partida ia erabakita utzi baitzuen.

Albiste onak Santander aldetik, eta festa harmailetan

Bigarren zatian, Sadarren esan beharrekoak jada esanda zeudela, zaleak irratiak pizten eta entzungailuak jartzen hasi ziren. Izan ere, Osasunak irabaztearen hainako garrantzia zeukan Santanderreko Racingek Ponferradinaren aurkako norgehiagoka ez irabazteak. Horrela, Ponferradinaren golaren berri izan zenean, harmailek eztanda egin zuten, Osasunaren gol bat balitz bezala ospatuz. Zaleen erreakzioa guztiz ulergarria zen, emaitza horrek, iruindarren garaipenarekin batera, jaitsiera postuetatik atera eta salbazioa askoz ere gertuago ikustea suposatzen baitzuen.

Bien bitartean, berdegunean gorritxoek neurketa guztiz kontrolpean zeukaten. Recreativok bere patua zein zen jada bazekien, beraz, korrika egiteari utzi zion. Egoera horretan, iruindarrek aukera franko izan zituzten markagailuko aldea are handiagoa egiteko, baina ez zituzten aukerak behar bezala probestu. Javi Flañok, Ninok, Kenan Kodrok… hainbat jokalarik izan zuten hirugarren gola egiteko aukera, baina azken erabakia hartzeko unean ez zuten asmatu.

Izan ere, atzoko garaipenak gorritxoen errealitatea ezin dezake estali: erasoan izugarri kostatzen zaie arriskua sortzea, gaurko egunean duten arma ia bakarra geldikako jokaldiak direlarik. Dena den, atzokoa ez zen kritikak egiteko eguna; gozatzekoa baizik. Partida amaitu eta Santanderren markagailua ez zela aldatu jakin zenean, zaleek Sadarreko zelaia inbaditu zuten, klubaren egunik handienetan lez. Azken batean, atzokoa klubaren historiara pasako den egun bat izan baitzen. Orain soilik Sabadellen azken urratsa ematea falta da, miraria behin betiko gauzatzeko.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s