Bi finaletan lehena

Osasuna-Recreativo| Gorritxoak garaipena lortzera derrigorturik daude, gaur bertan 2.B mailara jaitsi nahi ez badute bederen. Egoera ia berean dagoen Huelvako Errekreatibo izango dute aurkari. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

Bigarren mailako denboraldia azken txanpan sartu den honetan, Osasuna inoiz baino egoera larriagoan dago. Sailkapena garbi mintzo da: bi jardunaldiren faltan, gorritxoak 19. postuan daude, jaitsiera postuetan, alegia. Urruti gelditu dira denboraldi hasierako ilusioak. Urruti urtarrilan izandako bolada ona. Kirolaz gaindiko arazo larriak, jokalari askoren konprimiso eza, zorte txarra… Talde nafarrak dena izan du kontra aurtengo sasoian. Horrela, bada, etsipenez beteriko denboraldi baten ostean, gorritxoek bigarren mailan gelditzea eta taldearen biziraupena bera jokoan dituzte gelditzen diren bi partidetan. Salbaziorako formula garbia da: aipatu bi neurketak irabazi, eta itxarotea. Izan ere, azken jardunaldiko emaitzen ondorioz (gol abantaila alde duen Racingek aurrea hartu zion sailkapenean) mailari eustea jada ez dago iruindarren eskuetan.  Horrela, Santanderrekoek gelditzen zaizkien bi partidak irabazi ezkero, Osasunak, seitik sei puntu lortu arren, ez du zer eginik izango.

Zernahi ere, lehenengo gauza iruindarrek euren lana egitea izan beharko litzateke. Izan ere, Racingek balizko estropezu bat probesteko modu bakarra Osasunak bere neurketak irabaztea da. Gauzak horrela, gelditzen zaizkion final tankerako bi norgehiagoketan lehena gaur arratsaldean jokatuko du, Huelvako Recreativoren aurka, Sadar futbol zelaian. Leganesen lortutako berdinketa ezin etsigarriagoaren ondoren, Martin Monrealen mutilak txipez aldatu eta kosta ala kosta garaipenaren bila irtetera daude derrigorturik.Iragan asteburuko neurketan gorritxoak joko ezin defentsiboago bat egitera irten ziren, eta minutu askotan markagailuan aurretik egon izanagatik ere, azkenean planteamendu zekenegi bat erabiltzeak emaitza txar bat lortzera eraman zituen. Hori ikusita, litekeena da gaurkoan iruindarrak oldarkortasun handiagoarekin eta itxu itxuan garaipenaren bila zelairatzea. Ez da gutxiagorako, garaipena ez den emaitza batekin hanka terdi 2.B mailan izango bailukete (Recreativoren aurka galdu eta Racingek bere partida irabazi ezkero, jaitsiera gauz bertan gauzatuko litzateke).

Dena, baina, ez dago ezkortasunez jantzita. Esan ohi den bezala, bizitza dagoen bitartean esperantza dago. Osasunari, momentuz bederen, kontuak ateratzen zaizkiola esan daiteke. Gaurkoan, azken jardunaldietan etxean daramaten bolada onari jarraiki, hiru puntuak lortzeko faboritoak dira, eta azkeneko jardunaldiari begira, ziur aski ordurako maila galduta izanen den Sabadellen aurka jokatuko dute. Beraz, gorritxoek seitik sei puntu lor ditzaketela esatea ez da inongo erokeria.Eta Racingek bidean puntuak uzteari dagokionez, gaurkoan playoff-aren lehian dabilen Ponferradina izanen du aurkari, beraz, hiru puntuak lortzea ez zaio batere erraza izango. Kalkulu baikorrak hor daude; denborak esango du betetzen diren ala ez. Ziurra dena (eta denboraldi beltz honetako gauzarik baikorrena, akaso) zera da: Osasunak, beste behin ere, marea gorri bat izango duela ondoan, jokalariak uneoro hauspotzen. Astean zehar sarrerak etengabe saldu dira, atzo soilik 600 bat gelditzen zirelarik. Beraz, zale gorritxoek, ohi bezala, bere eginkizuna beteko dute; orain kontua jokalariek eurena betetzea da.

Gauzak horrela, gaurko partida erabakigarrirako Monrealek 23 gizon sartu ditu deialdian, partida aurretik bost baztertu beharko dituelarik. Bostkote horretan izango dira, ziurtasun osoz, Javad Nekounam, Jose Garcia eta Cadamuro, hirurak ere arazo fisikoengatik. Bestalde, Mikel Merino ez da behin-behineko deialdian sartu, Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin baitago. Hamaikakoari dagokionez, defentsako ezker hegalean Aitor Buñuel arituko da, Oier Sanjurjo zelai erdian euskarri lanetan aritu dadin. Bestelakoan, ezusteko berezirik ez: atepean Riesgo; defentsan Buñuelekin batera Vujadinovic, David Garcia, Miguel Flaño eta Javi Flaño; euskarrian Loe eta Oier; hauen aurretik Sisi eta Torres; eta aurrelari gisa Nino.

Huelvako Recreativo, azken garaipenek suspertuta

Osasunak gaur aurkari izanen duen Recreativo oraindik salbazioa lortzeko esperantzekin dator. Duela hiru aste askok jada 2.B mailako taldetzat jotzen zuten, baina azken bi jardunaldietan bi garaipen lortu, eta egoera goitik behera aldatu zaie andaluziarreei. Izan ere, une honetan salbazioa hiru puntura dute, eta denboraldia amaitzeko gutxi falta den arren, aukerak agortu arte saiatu nahiko dute. Hortaz, Osasunak dena ematera etorriko den talde bat izango du aurrean.

Deialdiari dagokionez, Huelvakoak lehen talde osoarekin datoz, min hartutakoak edota santzioa dutenak barne. Horien artean daude Fernando Vega eta David Corcoles, partida harmailetatik ikusiko duten arren taldearekin bidaiatu dutenak. Berdegunean izateko aukera izanen duenetako bat, bere aldetik, Jesus Vazquez izanen da, Sabadellen aurka partida bateko santzioa bete ostean berriz ere jokatzeko moduan izango dena.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s