Kinka larrian

Santanderreko Racingek atzo lortutako garaipenak Osasuna jaitsiera postuetan sartu du. Horrela, bada, iruindarrek soilik bi jardunaldi dituzte egoerari buelta eman eta jaitsiera ekiditeko

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

Iragan jardunaldiko emaitzen ostean, gauzak ilun, oso ilun jarri zaizkio Osasunari. Butarquen itxura oso txarra eman zuen, eta hiru puntuak lortzear egon arren, partida amaitzeko bost minutu besterik falta ez zirela hiru puntuek ihes egin zioten. Hala, emaitza ezkor horren ostean zale gorritxoek begiradak igandean Sorian jokatu zen partidara zuzendu zituzten. Izan ere, bertan jokatzen zuen talde iruindarrarengandik hiru puntura zegeon Santanderreko Racingek. Honek galdu izan balu, Leganesen lortutako puntua ontzat eman ahalko zitekeen; ostera, kantabriarrek Numancia huts eta bi hartu zuten mendean. Modu horretan, Racingek aurrea hartu dio sailkapenean Osasunari. Biak dira 41 punturekin, baina Santanderrekoek gol-abantaila partikularra alde dute (elkarren artean jokatutako bi partidetan kantabriarrek bi eta hust irabazi zuten). Beraz, une honetan Osasuna da kosta ala kosta saihestu behar den 19. postuan dagoena.

Talde nafarra denboraldian zehar jaitsiera postuetan egondakoa da, baina oraingo honetan egoera inoiz baino larriagoa da. Izan ere, bi jardunaldi baino ez ditu ziur aski bere desagerpena suposatuko lukeen jaitsiera ekiditeko. Eta okerrena zera da, jadanik salbazioa ez dagoela bere esku: aurretik dituen taldeek zulatu ezean, talde iruindarrarenak egin du. Hortaz, datozen bi partidak irabazi, eta itxarotea besterik ez zaio geratzen. Gelditzen zaizkion bi hitzorduak azpitik dituen bi talderen kontra ditu; lehenengoa, asteburu honetan, azken jardunaldietan berpiztu den Huelvako Errekreatiboren aurka, eta bigarrena, hemendik bi astera, gorritxoengandik lau puntura dagoen Sabadell-en kontra.

Racingen egutegiari dagokionez, badirudi neurketarik zailena asteburu honetan bertan izanen duela. Izan ere, igandean Sardineron playoff-aren lehian sartuta dagoen Ponferradina hartuko du, gauzak batere erraz jarriko ez dizkiona. Gorritxoek esperantzak batik bat partida honetan dituzte jarrita. Ondoren, azken jardunaldian, jokoan ezer gutxi izanen duen Albaceteren aurka jokatuko du, beraz, litekeena da bertan hiru puntuak eskuratzea.

Oztoporik handiena: “golaverage” edo gol abantaila

Egoera horretan, azkeneko bi jardunaldietan matematika eta mota guztietako eragiketak izango dira nagusi. Zernahi ere, gutxi dira Osasuna bigarren mailan mantentzen duten eragiketak. Horren zioa, bat eta bakarra: gol abantaila edo “golaverage” delakoa. Arestian esan bezala, Racingekin gol abantaila kontra dauka, beraz, hauei aurreratzeko modu bakarra azken bi partidetan hauek baino puntu bat gehiago lortzea da.

Beste arerio zuzenetako bat den Teneriferekin ere galtzen ateratzen da gol abantailari erreparatzen badiogu; kasu honetan, baina, gol abantaila orokorrarengatik. Abantaila partikularrean berdindurik daude, etxean gorritxoek 3-2 irabazi baina Tenerifen 2-1 galdu baitzuten. Gol abantaila orokorrari dagokionez, aitzitik, Tenerifek aise irabazten dio Osasunari: Kanariarrek 36 gol sartu eta 43 jaso dituzte, iruindarrek 37 sartu eta 58 jaso dituzten bitartean. Hortaz, Teneriferi aurrea ahal izateko gorritxoek hauek baino lau puntu gehiago lortu beharko lituzkete, sei punturen falta ia ezinezkoa dirudiena.

Gorritxoek une honetan soilik Bartzelona Bren kontra dute aldeko “golaverage”-a. Iruindarrek elkarren artean jokatutako bi partidak irabazi dituzte (2-0 Sadarren eta 0-1 Mini Estadin). Edonola ere, ez dirudi gol abantaila kasu honetan erabakigarria izango denik. Izan ere, Bartzelona B azkeneko postuan dago, gorritxoengandik bost puntura, beraz, ez dirudi jaitsieratik irteteko lehian izango denik. Bestalde, Sabadell eta Recreativorekiko gol abantaila oraindik erabakitzeke dago. Hau azkeneko bi jardunaldietan zehaztuko da.

Horrenbestez, ikusitakoa ikusita, mailari eusteko kontuak doi-doi irteten zaizkio talde nafarrari. Teneriferekin edo Racingekin (edota biekin) puntuetara berdindu ezkero, akabo.  Dena den, ekuazioko lehenengo elementua gelditzen zaizkion bi partidak irabaztea da, eta, ondoren, zoria aldeko izatea. Azken batean, zerbait norberaren esku ez dagoenean ez da besterik gelditzen.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s