Berdinketa etsigarria

Leganes-Osasuna| Partidaren zati handi batean markagailuan aurretik joan ondoren, azken minutuetan garaipenak ihes egin zien gorritxoei. Gaurko emaitzek iruindarrak berriz ere estutasunetan sar ditzakete

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

Astearteko porrota etsigarria izan bazen, atzoko berdinketak sentsazio bera utzi zuen zale gorritxoengan. Izan ere, Osasunak aste berean salbazioa ia bermaturik uzteko bi abagune paregabe alperrik galdu ditu. Las Palmasen aurka porrot oso mingarri bat jaso zuen, baina aurkari zuzenek emaitza hoberik lortu ez zutenez, patuak hauekiko aldea gizentzeko beste aukera bat eman zion talde iruindarrari. Aukera atzo zeukan, Butarque futbol zelaian, jokoan ezer gutxi – sailkapenari begira, bederen- zeukan Leganesen aurka. Aitzitik, gorritxoek ez zuten irabazteko benetako grinarik erakutsi (premia, izan, bazuten, larria gainera), eta minutu luzez hiru puntuak poltsikoan izan arren, neurketa amaitzeko bost minutu eskas baino gelditzen ez zirela etxekoek markagailuan banakoa jarri zuten. Kolpe gogorra gorritxoentzat, sailkapenean berriz ere kinka larrian izatea suposa diezaiekena.

Baina atzo Iruñeara puntu eskas batekin itzultzearen zio bakarra ez zen jokalarien grina edo kemen falta izan; aulkiko maizterrari ere emaitza kaskarraren arduraren zati handi bat egotzi behar zaio. Izan ere, planteamendu oso eskas bat proposatu zuen Martin Monrealek. Taldea hasiera hasieratik berdinketari eustera irten zen, jokalariak batez ere bere zelaian kokatuz, eta erasoko jokoan gutxi, oso gutxi erakutsi zuen. Hala, iruindarrek gola egiteko zuten aukera bakarra geldikako jokaldi bat probestea edota zortea aldeko izatea zen, eta Butarquera joan ziren 200 zale gorrien zorionerako hala izan zen: 38. minutuan penalti inozo bat egin zioten Oier Sanjurjori, eta Kenan Kodrok ez zuen 11 metrotatik barkatu. Lehenengo zati osoan gorritxoek ez zuten gol abagune bakar bat ere egin, baina denboraldian zehar oso gutxitan izan duten zorteari esker markagailuan aurretik ziren. Zorteari esker, eta aurkariaren maila kaskarragatik ere bai. Izan ere, gorritxoek erasoan ezer gutxi egin bazuten, etxekoek ez zuten askoz gehiagorik egin: Chuliren aukera bat, eta besterik ez.

Gauzak horrela, loak hartzeko moduko lehenengo zati baten ostean, bigarren 45 minutuetan Osasunak ez zuen formulaz aldatzeko intentziorik erakutsi. Areago, minutuen joanarekin batera joko oraindik defentsiboagoa joan zen hartzen. Ulertzekoa zen. Ulertzekoa, bederen, Martinek partida hasieratik ezarritako planteamendua ikusita: huts eta hutsekoarekin taldea atzean sartuta bazegoen, markagailuan aurretik egonda gorritxoei autobusa jartzea zegokien.  Egoera horretan, Leganesek pauso bat eman zuen aurrera, berdinketa lortzeko asmoarekin. Gola sartzeko pare bat abagune on izan zituzten, baina, bestelakoan, gorritxoen defentsa lerro ezin trinkoagoarekin egin zuten topo. Izan ere, iruindarrek erasoko jokoa alde batera utzi zutelarik, euren esfortzu guztia defentsa lanetara bideratu zuten, euren arean harresi bat ezarriz. Helburua garbia zen: kosta ala kosta, markagailuari eustea.

Alabaina, neurketaren azken txanpan, hiru puntuak azkenean Iruñeara joango zirela zirudienean, Leganesek banakoa egin zuen, gorritxoek ordura arte egindako defentsako lan guztia ezerezean utziz. Diamankak baloi bat Osasunaren areatik gertu moztu zuen, Chuliri baloi sakon bat eman zion, eta honek Riesgoren aurrean ez zuen barkatu. Bat eta bat. Garaipenarekin gorriek salbazioa ia lotuta zuten, baina gol honek amets guztiak mila zatitan apurtu eta Osasunaren errealitate gordina agerian utzi zuen. Gordina, gaur Racingek Sorian irabazi ezkero nafarrak bi jardunaldiren faltan  jaitsiera postuetara jausiko direlako. Mirarien beharraz hitz egiteko oraindik goizegi da, baina egongo da jada San Fermini otoitz egiten hasi denik.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s