Osasuna-Las Palmas: urrats bat salbaziora, edo buelta putzura

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

Gaur gauean Osasunak partida erabakigarria dauka Las Palmas talde kanariarraren aurka. Erabakigarria, alde on zein txarretik: irabazita, salbazioa esku-eskura izango luke (3 puntu gehiagorekin seguruenik aski izango luke mailari eusteko); galdu ezkero, baina, berriz ere jaitsiera postuen putzura itzultzeko boleto asko izanen lituzke (kontuan hartu behar da sailkapenean atzetik dituen Racing zein Sabadellek etxean jokatzen dutela). Zernahi ere, une honetan baikortasuna da nagusi zale gorritxoen artean. Horren zio nagusia, garbi dago, azken bi jardunaldietan taldeak pairaturiko susperraldia da. Izan ere, Mirandes zein Valladoliden aurka gorritxoek azken hilabeteetan gutxitan erakutsitako itxura eman dute. Itxura sendoa, talde gogor, berdegunean duen guztia ematen duen baten itxura. Eraldaketa horri esker, nafarrek lau puntu lortu dituzte azken bi partidetan, beheko postuetatik atera eta hauekiko bi puntuko aldea ezartzea ahalbidetu diena. Horrela, Sadarreko harmailetan nagusi zen ezkortasuna ilusio eta esperantza bilakatu da. Egoera horretan, gaur gaueko 22:00etan taldeak abagune aparta dauka esperantza egoera hori are gehiago hauspotzeko.

Hiru puntuak eskuratzea, baina, ez da lan erreza izango Osasunarentzat. Aurkari izango duen Las Palmas kategoriako talderik lehiakorrenetarikoa da, defentsa zein eraso lerro beldurgarriak dituelarik. Horrela, bada, gorritxoek gauzak ongi, oso ongi egin beharko dituzte kanariarrei gailentzeko. Gakoetako bat herenegun erakutsitako sendotasun defentsiboa mantentzea izango da. Uharteetako taldeak bolbora asko du aurreko postuetan, beraz, bots defentsako lerroaren lana, berriz ere, funtsezkoa izango da gorritxoek hiru puntuak poltsikoratu nahi badituzte. Segurtasun defentsiboa, eta golak. Eta golak lortzeko, noski, erasoko jokoa. Valladoilden aurka defentsa lan aparta egin zuten Monrealen mutilek, baina erasoan soilik kontraerasoan saiatu ziren. Gaur, baina, erasokorrago aritu beharko dira, golak ez baitira bakarrik iristen, eta are gehiago Osasunaz ari bagara, bai ate aurrean duten eraginkortasun ezagatik, eta baita epaileen akatsengatik ere (jada 6 dira hauek talde gorritxoari bidegabeki baliogabetutako golak).

Gauzak horrela, Martin Monrealek eskuragarri dituen jokalari guztiak sartu ditu deialdian. Behin betiko deialdian sartuko diren 18 gizonen izenak partida hasi baino lehenago emango ditu. Horien artean egongo ez direnak Merino eta Berenguer gazteak dira, arazo fisikoengatik kanpoan gelditu direnak. Bestalde, Roberto Santamariak, aste luzez zelaietatik kanpo egon ostean, alta jaso du, beraz, litekeena da iruindarra berriz ere 18kote horretan egotea. Ezusteko bezala (edo, akaso, ez hain ezusteko) haztegiko Buñuel eta Oteguiren presentzia nabarmendu daiteke. Monrealek berriz ere lehen taldearekin aritzeko aukera emango die. Arrizabalagako sorginak zelairatuko duen hamaikakoari dagokionez, berriz ere, duela bi aste bezala, bi aurrelari erabiliko ditu. Horietako bat, ziurtasun osoz, Nino beteranoa izanen da. Honekin batera jokatzeko bi hautagai daude: Ansarifard eta Kodro. Astean zehar biekin egin du proba entrenatzaileak, beraz, zaila da bietako zeinek jokatuko duen aurreikustea.

Kanariarrak, laugarren postua sendotzearen bila

Arestian esan bezala, Osasunak Las Palmas talde gogorra izanen du aurkari. Kanariarrak sasoi onean datoz, azken jardunaldian Huelvako Errekreatibori hiru eta huts irabazita. Etxekoak aise ibili ziren, defentsan zein erasoan dituzten bertuteak agerian utziz. Sailkapenari begiratuta, uharteetakoak une honetan laugarren dira, 66 punturekin. Igoera zuzena bermatzen duten postuak sei puntura dituzte, beraz, oraintxe bertan duten helburu nagusia laugarren postu hori sendotzea da, play-offei begira kokapen on bat ziurtatzeko. Denboraldiko lehen zatian mailako talderik onena izan ziren, lidertzan jardunaldi luzez egon zirelarik, baina azken aldian behera egin eta lehenengo bi postu horietatik urrundu egin dira. Edonola ere, Las Palmas kalitate handiko taldea da, eta gorritxoek duten guztia eman beharko dute hiru puntuak lortu nahi badituzte. Hiru puntu, iruindarren salbazioa gertu, oso gertu utziko luketenak.

Advertisements

One thought on “Osasuna-Las Palmas: urrats bat salbaziora, edo buelta putzura

  1. Pingback-a: Etxean galdutakoa, kanpoan berreskuratu behar | Taxoareko Hitza

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s