Helburura gerturatzea ahalbidetzen duen berdinketa

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

w_900x700_16195522_mg_1596

Osasuna puntu oso baliotsu bat lortuta itzuli zen atzo Jose Zorrillan jokatutako partidatik. Urrearen balioa daukan puntua da, Valladolik bezalako arerioaro gogor baten aurka lortua izateaz gain, gorritxoei jaitsierarekiko aldea handitzea ahalbidetu baitie. Zernahi ere, berdinketarekin pozik egongo ez denik ere izango da. Arrazoia? Epaileak neurketa amaitzear zegoela Osasunari gol garbi bat ez adierazi izana. Ninoren jaurtiketak langan jo, ate barruan punpa egin, eta berriz ere kanpora atera zen. Askotan horrelako jokaldietan zaila izaten da gola izan den edo ez antzematea, baina atzokoan nahiko garbi zegoen baloiak marra igaro zuela. Marrazainak, aitzitik, ez zuen golik ikusi. Horrela, hiru puntuak eskuratzea suposatuko zukeen gola ez zen markagailura igo. Dena den, partida amaierako polemika horrek ez lioke baliorik kendu behar atzo eskuratutako puntuari. Izan ere, salbazioa lortzeko xedeari begira urrats garrantzitsu bat da, batez ere Osasuna berriz ere edozein talderen aurka lehiatzeko prest dagoela agerian uzten duelako.

Atzoko neurketan talde iruindarrak berriz ere bost defentsaz osaturiko eskema taktikoa erabili zuen, eta beste behin agerian gelditu zen horrela jokatuta taldeak sendotasun eta egonkortasun handiagoa duela. Mateo eta Urbanek proposaturiko eskemarekin abaguneak aise egiten zitzaizkion tale gorritxoari; orain, baina, lan zailagoa da Riesgoren areara arriskuarekin iristea. Hori garbi ikusi zen atzoko neurketan: Valladolidek bi jaurtiketa baino ez zituen egin hiru zutoinen artean. Arriskutsuena Rodrik lehenengo zatien egindako burukada bat izan zen, atezain Debarrak bikain erantzun zuena. Bestelakoan, ezer gutxi etxekoen aldetik. Hegaletik Mujika  izan zen arrisku iturri nagusia, baina Aitor Buñuel gazteak txukun eutsi zituen Valladolideko jokalari azkarraren oldarraldiak.

Erasoan, bestalde, batik bat kontraerasoa erabili zuten aurkariari min egiteko estrategia lez. Hervias eta Sisiren abiaduraz baliatuta, defentsatik erasorako trantsizioak bi ukitutan egin zituzten, eta Valladolid estutasunetan jarri ez zuten arren, arriskua sortzeko abagune batzuk behintzat izan zituzten. Bigarren zatiaren erdialdean, baina, etxeko taldea estutzen hasi zen, eta, gorritxoek, une hartan zeukaten puntuari eutsi nahian, pauso bat atzera ematea erabaki zuten. Zelaian urrats bat atzera, eta markagailuan ere beste horrenbeste. Izan ere, 72. minutuan Miguel Flañok baloia bere atean sartu zuen, zorigaiztoko jokaldi batean. Iruindarrek ez zuten baloia aldentzen asmatu, eta azkenean, Valladolideko jokalari baten erdiraketa Flañok berak ate barrura sartu zuen. Osasunari gauzak oso maldan gora jarri zitzaizkion une horretan, baina jokalariek ez zituzten besoak jaitsi; areago, eurengan sinisten jarraitu zuten. Horrela, gola jaso eta lau minutura Miguel Flañok berak banakoa egin zuen, falta jaurtiketa bat buruz maisuki errematatuta.

Polemika nagusi azken minutuetan

Partida amaitzeko 15 minuturen faltan, markagailua berriz ere berdinduta zegoen. Egoera horretan, etxekoen oldarraldi bortitz bat espero zen; aitzitik, neurketaren azken txapan Osasuna izan zen gehien estutu zuen taldea. Valladolidek baloiaren jabetza gehiago zeukan, baina ez zen gai gorritxoen areara iristeko. Kanpokoek, ordea, aurkariak atzean utzitako hutsuneak baliatu zituzten arriskua sortzen saiatzeko. Horrela, Osasuna aurkariaren areara arriskuarekin iristen hastearekin batera, polemika hasi zen Zorrilla futbol zelaian nagusitzen. Lehenik eta behin epaileak ez zuen Roberto Torresi egindako penalti nahiko ageriko bat adierazi nahi izan, eta, ondoren, partida amaitzear zela, jokaldirik eztabaidatuena iritsi zen: epaileak Ninoren gola baliozkotzat ez ematea erabaki zuen, baloiak marra igaro ez zuelakoan. Horrela, ziur aski jardunaldiko golik onena izango zena, Osasunari azken minutuan hiru puntuak emango zizkiona, ez zen markagailura igo.Horrenbestez, gorritxoak puntu bakarrarekin konformatu behar izan ziren.

Gauzak horrela, atzoko puntuari esker momentu honetan Osasunak bi puntuko aldea dauka jaitsera postuekiko, asteartean Las Palmasi etxean irabazita seguruenik are gehiago gizenduko litzatekeena. Aurkaria, garbi dago, ez da hiru puntuak eskuratzeko aurkaririk samurrena, kanariarrak urte guztia sailkapeneko goiko postuetan baitabiltza, maila ona duten seinale. Gorritxoak, baina, behetik gora datoz: Monreal aulkain denetik, Osasunari ausartako, seguruago, konfiantza gehiagorekin ikusten zaio. Orain kontua susperraldia denboraldi amaierararte mantentzea da.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s