Erreakzioari jarraipena ematea xede

Girona-Osasuna/ Larunbata, 18:30ak, Montilivi futbol zelaia/ La Liga TV

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

Osasunak blokeo egoera amaigabean, etenik gabeko gainbeheran zegoela zirudien. Jardunaldiak igaro eta igaro, eta talde nafarrak ezintasunez ikusten zuen nola hiru puntuek behin eta berriz ihes egiten zioten. Egoera horretan, iragan jardunaldian Albacete hartu zuen etxean, irabazteko premia ezin larriagoarekin. Izan ere, porrot batek 2.B mailarako bidean utziko zukeen. Final bat zen, talde baten norabidea, etorkizuna idazten duen neurketa horietako bat. Irabazi ala hil, ez zegoen besterik. Osasunak ordura arte erakutsitako ahultasun eta kemen ezak ez zuten baikortasunera bultzatzen, baina zaleek taldearen suspertzean sinesten jarraitzen zuten (eta nola sinetsi, gainera: partiduaren aurretik taldeari harrera egin, eta ondoren 90 minutuetan etengabe aritu ziren taldea animatzen). Horrela, gehienbat zaleen hauspoari esker, jokalari gorritxoen biziraupen sena azaleratu egin zen, eta neurketan zehar dezente sufrituagatik ere, hiru puntuak, azkenean, gorritxoen patrikara joan ziren.

Beharrezko erreakzio bat, behar handia zuen talde batentzat. Alta, garaipen horrek ez zituen Osasunaren gaitz guztiak sendatu. Jokalariei aste honetan zehar gauzak lasaitasun gehiagorekin egiteko aukera eman die, baina sailkapenak, lasaitasuna baino estutasuna transmititzen jarraitzen du. Talde nafarra oraindik jaitsiera postuetan dago (19. postuan dago, jaitsieratik kanpo dagoen Sabadellen puntu kopuru berdinarekin), eta bertatik ateratzeko bidea bakarra da: Albaceteren aurka taldeak hasitako erreakzioari jarraipena ematea. Ez da erronka makala, kontuan hartuta aste honetan gorritxoek sasoi puntu ikusgarrian dagoen Girona izango dutela aurkari; Bigarren Mailako plazarik zailenetakoa den Montilivi futbol zelaian, gainera. Zernahi ere, dagoen putzutik lehen bait lehen atera nahi badu, bertan itxura duin bat eman eta Iruñera gutxienez puntu bat ekartzera derrigorturik dago. Orain pauso bat atzera emateak talde iruindarra kondenatu egin lezake. Zazpi neurketa gelditzen dira denboraldia amaitzeko, eta mailari eutsi nahi badio, horietako bakoitzean haginak erakutsi eta %100a ematea besterik ez zaio geratzen.

Biharko norgehiagokari begira, Mateok 18 jokalari sartu ditu deialdian. Bertatik kanpo gelditu dira Mikel Merino eta Alex Berenguer. Lehenengoak horkatilan min hartu zuen asteazkenean, eta ez da garaiz osatuko. Bigarrenak, bestalde, txartel gorria ikusi zuen joan zen jardunaldian. Hauez gain, baja dira min hartutako Roberto Santamaria zein Jordan Loties. Bestalde, Miguel Flaño eta Karim Ansarifard bueltan dira. Badirudi entrenatzaile iruindarrak ez dituela hasierako hamaikakoan jarriko, baina partidan zehar hauek zelairatu nahi ezkero eskuragarri izanen ditu. Hamaikakoari dagokionez, ez dirudi ezusteko handirik egongo denik: atepean Riesgo egonen da, defentsan joan zen jardunaldiko laukote bera arituko da, eta jokalaririk aurreratuena, ziur aski, Nino izango da. Zalantza bakarra zelai erdiko postuetan dago: Mateok Roberto Torres, Sisi, Cedrick, Jose Garcia eta Olavideren artean aukeratu beharko du Ninoren atzetik jokatuko duen hirukotea osatzeko.

Girona, bigarren postua sendotzeari begira

Talde kataluniarra inoiz eginiko denboraldirik borobilena ari da osatzen. Izan ere, duela bi urte zenbakiak ontzeko bidean da (denboraldi hartan laugarren izan zen, 71 punturekin). Iragan urtean mailari eusteko sufritu ostean, aurten Pablo Javier Machinen mutilak beste itxura bat ari dira ematen. Hitz batean, “sendo” bezala defini daiteke Girona. Ate aurrean ez da gaizki moldatzen, eta duen sistema defentsibo ondo egiturari esker irabazten oso zaila den talde bat da. Martxoan hiru jardunaldi eman zituen garaipena ezagutu gabe, baina azken aldian berriz ere bere mailarik onena berreskuratu du, azken bost partiduetatik lau irabazi dituelarik.

Lehenengo itzulia gorritxoen aurka jokatutako partidari dagokionez, aukera hartan kataluniarrek gorriak eta bi ikusi behar izan zituzten puntutxo bat lortzeko. Osasuna berdegunean askoz ere gehiago izan zen, baina Isaac Becerra atezainak gogoratzeko moduko erakustaldi bat eman, eta azkenean hutsean berdindu zuten. Biharko neurketan, baina, gauzak ziurrenik bestelakoak izango dira. Gironak etxean jokatzen du, eta, gainera, asko dauka jokoan, hiru puntuak irabazita sailkapeneko hirugarrenarengandik urruntzea lortuko bailuke. Hortaz, kosta hala kosta garaipena lortzera irtengo da.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s