Hamabi jardunaldiren ostean Osasunak garaipena lortu du

Osasuna 2-1 Albacete| Mateo aulkian denetik lehen garaipena 

Sufritutako garaipena lortu zuen atzo arratsaldean Sadarren Osasunak Albacete taldearen aurka. Hamabi jardunaldi garaipen ikusi gabe -azken garaipena 22. jardunaldian Barca B-ren aurka-  egon ondoren, 35. jardunaldian Osasunak hiru puntuak lortu zituen. Zaleen harrera eta babes ikaragarriak bultzatu arren, Osasunak asko sufritu zuen garaipena eskuratzeko. Oier Sanjurjok talde gorritxoa lehenengo minutuan aurreratu arren, taldeak ez zuen bere itxura onena eman. Alabacetek bigarren zatiaren hasieran berdindu zuen norgehiagoka eta Loek laurogeigarren minutuan talde iruindarra berriro ere markagailuan aurretik jarri zuen. Taldearen jokoa tarteka ez zen ona izan, baina egoera ikusita eta logikoa den bezala puntuak lehenesten dira Iruñean.

Iñaki Berastegi Goikoetxea (@IBerastegi)

osasuna-albaceteosa5_11

Lasaitu ederra hartu zuten atzo zale gorritxo gehienek. Lasaitasuna, baina, behin behinekoa da. Zaleek ez ezik, jokalariek eta bereziki Jose Manuel Mateo entrenatzaileak arnas puntu bat hartu ahal izan zuten. Aulkian Urban ordezkatu zuenetik garaipenik lortu gabe zegoen talde gorritxoa, zortzi jardunaldi, Urbanen azken lau jardunaldiei gehitu behar zaizkienak. Astea gogorra izan da entrenatzaile berriarentzat, zuzendaritzak egotzi egingo zuenaren ideia oso zabaldua baitzegoen. Neurketa zaleek hasi zuten arratsaldeko lau terdiak baino lehenxeago: Sadarren ate aurrean zale mordoa bildu zen -batukada eta guzti- taldeari bere babesa erakusteko asmotan. Harrera ikusgarria izan zen, zaleek, beste behin, bere baldintzarik gabeko leialtasuna erakutsi zizkiotelarik taldeari eta klubaren koloreei.

Neurketaren hasiera ezin hobea izan zen Iruñeako taldearentzat. Lehenengo minutua beteta zegoela, Oier Sanjurjok baloia hegalean hartu eta barrura ekin zion. Area handia zapaldu aurretik Osasunako kapitainak baloia bikain astindu eta gol ikusgarria eskuratu zuen. Kapitainaren ligako bigarren gola momentu perfektuan iritsi zen etxeko taldearentzat. 88 minutu aurretik zituen Osasunak markagailu horri eutsi eta azken hamabi jardunaldietako boladarekin mozteko. Mateoren taldea egoera bere alde zuela eta zaleen hauspoarekin bigarren golaren bila hasi zen. Ninok izan zuen lehen aukera garbia, baina Osasunako aurrelari erreferentzia nagusiaren burukada gora joan zen.

Talde gorritxoak ez zuen etsi irudi makala ematen ari zen Albaceteren aurka, partiduaren erritmoa harrapatu ezinean bere zelaian harrapatuta zegoen kanpoko taldea Osasunaren erasoak etengabe defendatuz. Cedrickek izan zuen lehen zatiko aukera garbiena: Jose Garciak area barruan porteriara bizkarrez zegoen kongotarrari bidali zion erdiraketa. Cedrickek baloia guztiz kontrolatu ez arren, jaurtiketa bikaina egitea lortu zuen. Dorronsoro atezainak, baina, erantzun bikaina eman zion kongotarraren jaurtiketari eta baloia kornerrera bidali zuen. Osasunaren jokoak behera egin zuen eta Cesar Diazen burukada ale batetik eta Kekoren jaurtiketa batekin bestetik, Alabacete zertxobait esnatu zen. Bi aukera horiek baina, ezerezean geratu ziren. Lehen zatiko azken minutuetan Osasunak partiduaren pultsua berreskuratu eta beste bi aukera izan zituen: Lehendabizi, Sisik Dorronsoro estualdian jartzen saiatu zen are kanpotik egindako jaurtiketa bati esker baina atezainak baloia bikain bidali zuen kanpora. Azken aukera, Nekounamen eskutik etorri zen. Cedricken erdiraketa oso gaizki urrundu zuen Alabaceteko defentsak, aldaratzea Nekounam zegoen lekura iritsi eta ezkerrarekin egindako irandarraren jaurtiketa gutxigatik joan zen kanpora.

Bigarren zatiaren hasiera, baina, guztiz bestelakoa izan zen. Albacetek – garaipenak ia birtualki bigarren mailan irautea bermatuko lioke- lehen zatian emandako irudia errotik aldatu eta neurketaren kontrola eskuratu zuen. Baloiaren jabetza eta neurketaren kontrol horrek fruituak gol modura eman zituen  54. minutuan: Jokaldi oso luze batean, non hiru erdiraketa egin ziren, Portuk buruz banakoa jarri zuen. Albaceteko jokalariak, arraroa dirudien arren, buruz bikain ibiltzen den Vujadinovic Osasunako jokalariari aurre hartu zion. Golaren aurretik, ordea, Albacetek abisua eman zuen, Samuk Riesgoren aurrean zegoela baloia porteria gainetik bidali zuenean, hain zuzen ere. Albacete saiatu zen markagailua bere alde jartzen baina aukera gutxi sortu ahal izan zituen. Etxeko taldeak bigarren gola oso gertu izan zuen: Merino ordezkatu zuen Loek area barruan jaurtiketa ona egin baina Albaceteko defentsa batek marran baloia urruntzea lortu zuen. Raoul Loe bihurtu zen neurketako protagonista nagusia 80. minutuan. Roberto Torresek ateratako korner batean David Garcia buruz errematatzen saiatu zen, baina porteriara joan beharrean baloia oso franko geratu zitzaion Loeri, burukada batekin Dorronsora gainditu eta baloia sareetara bidaliz. Neurketa amaitzear zela, bigarren zatian atera zen Berenguerrek txartel gorria ikusi zuen falta zakar bat egin ostean.

Lasaitasuna, behin behinekoa da. Behin behinekoa da alde batetik denboraldia amaitzeko asko geratzen delako eta bestetik Racing-ek neurketa bat gutxiago jokatu duelako. Garaipen honekin Osasunak 18. postua betetzen du  36 punturekin. Partidu bat gutxiagorekin aurkitzen da 19. postuan dagoen Santanderreko Racing, 34 punturekin. Jaitsiera postuetatik irten arren, asko dago lehiatzeko denboraldi amaiera arte. Hala eta guztiz ere, jardunaldia positiboa da osasunarentzat, bolada txarrarekin amaitu delako. Astea lasaiago bizi ahalko dute protagonistek, baina datorren astean jarraipena eman beharko diote larunbatean Sadarren lortutako garaipenari.

Fitxa Teknikoa

Osasuna: Asier Riesgo; Javier Flaño, David Garcia, Vujadinovic, Oier; Nekounam, Merino (Raoul Loe, 55.min); Cedrick (Alex Berenguer, 85.min), Sisi, Jose Garcia (Roberto Torres, 73.min); eta Nino.

Albacete: Dorronsoro; Antoñito, Gonzalo, Miguel Nuñez, Paredes; Edu Ramos, Mario Ortiz; Keko (Moutinho, 76.min), Portu, Samu (Jorge Díaz, 81.min); eta Cesar Diaz (Ruben Cruz, 70.min).

Golak: 1-0, 2.min: Oier. 1-1, 54.min: Portu. 2-1, 82.min: Raoul Loe.

Epailea: De la Fuente Ramos Osasunako Alex Berenguer  egotzi zuen (93.min). Txartel horia erakutsi Osasunako zien Oier (2.min), Raoul Loe (80.min), Riesgo (91.min) y Sisi (92.min), eta Albaceteko Miguel Nuñez-i  (16.min)

Besteakoak: 13.659 ikusle Sadar futbol zelaian.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s