Merezitako garaipena eskuratzetik gertu

Osasunak eta Sporting-en arteko neurketa hutsean amaitu da Sadarren jokatutako goiz eguzkitsu batean. Lehenengo zatian Sporting erabat nagusitu zaio etxeko taldeari eta markagailuan aurreratzeko  abaguneren bat izan du. Jony eta Carmonaren gidaritzapean Abelardoren mutilek arrisku handia sortu diote Osasunako atzealdeko lerroari, non Oier eta Loties hasieratik izan diren. Bigarren zatian, 65. minututik aurrera batik bat, Osasunak neurketaren kontrola eskuratu du. Bigarren zati polit batean Mateorenak aise hurbildu dira bikain ibili den Alberto atezainaren aurrera. Sisi eta Cedrick-en eskutik iritsi dira jokaldi arriskutsuenak, batzuetan atezainak eta beste batzuetan zutoina zela medio gola lortzea ezinezkoa izan delarik. Partidua amaitzear zela, Javi Flañoren huts batean Sporting ia markagailuan aurreratu da baina Riesgok erantzun ona eman dio aurrelari kanpotarraren jaurtiketari. Puntu banaketa mingotsa talde gorritxoarentzat, bigarren zatiko aukera eta jokoari begiratuz gero.

Iñaki Berastegi Goikoetxea (@IBerastegi)

 _IMG8010_5d1ddf2c

Alavesek emandako oparia -Racing garaitu zuten gasteiztarrek- aprobetxatzea erabakigarria izango zen jaitsiera postuetatik zertxobait aldendu eta lasaitasun puntu bat lortzeko. Hala ere, bestaldean sailkapeneko bigarren postuan dagoen Sporting-ek Valladoliden porrota baliatu nahi zuen bere bigarren postu hori are gehiago sendotu ahal izateko. Partidu adosteen auziaren gaian astea  zertxobait lasaiagoa izan dela kontuan hartua, begirada guztiak taldearen maila kaxkarrari zuzenduta zeuden. Taldeak erakusten duen gol falta izan da jomuga nagusia, Ninok golak egiteari utzi zionetik erregistro erabat izutzekoak bete dituelarik talde gorritxoak. Sporting-en aurkako partiduan ere golarekin haserretuta bizi dela erakutsi du Mateoren taldeak, gol aukera garbiak izan arren taldea ez baita kapaza markagailuan aurreratzeko. Gol faltarekin batera atzealdeko lerroak zenbait momentutan segurtasun falta erakutsi du.

Osasunak erasoan ekin dio norgehiagokari. Cedrick zelaiaren hiru laurdenetan baloia hartu eta area barrurainoko jokaldia egin du. Area barruan lurrera erori da eta penaltia eskatu du kongotarrak. Jokaldi horren aldaratzean baloia Sisiri, partidako jokalari baliotsuenari, iritsi zaio nahiz eta honek area barruan zela ez duen asmatu jokaldia ondo amaitzen. Minutu batzuk beranduago Osasuna behera etorri da eta Sportingek neurketari nahi zion erritmoa ezarri dio. Jony alde batetik eta Carmona bestetik buruhauste bilakatu dira euskarri lanetan ibili den David Garcia eta atzealdeko lerroarentzat. Oier eta Loties hamaikakoan atera dira norgehiagokara, baina bigarren zatian Mateok aldatu egin behar izan ditu. Erritmo falta igarri zaie biei. Osasunak baloia asko galdu ditu eta jokatzeko aukera izan duen baloi gehienetan luze jokatzen saiatu da, fruiturik eman ez dio estrategia. Nini irla baten antzera ibili da, alde batetik bestera, baloia usaindu ere egiten ez zuelarik. Cedrickek bere abiadura erabili nahi izan du baina lehen zatian matrikula ondo hartua zioten Sporting-eko jokalariek.

Sporting geroz eta gehiago hurbiltzen zen berriz ere hamaikakoan izan den Riesgo atezainaren aurrera. Hala ere, jokaldi arriskutsuena gutxigatik kanpora joan den Carmonaren falta jaurtiketa bat izan den. Cedrick eta Sisiren beste jokaldi bat izan da Osasunak lehen zatian izan duen aukera garbiena: Kongotarrak bizpahiru erregate egin ondoren baloia Sisiri utzi dio baina honek ez du asmatu. Ordutik aurrera are gehiago dominatu ahal izan du partidua Gijongo taldeak. Defentsa gorritxoa ez da behar bezain seguru agertu. Horietako jokaldi batean Lotiesek penalti argi bat egin dio Pablo Perez aurrelariari, baina epaileak ez du ezer adierazi.

Bigarren zatian Osasunak beste aurpegi bat eman du. Gogotsu zelairatu dira gorritxoak, eta 65. minututik aurrera neurketa etxeko taldearena izan da ezbairik gabe. Sisiren figura agertu da, Cedricken etengabeko laguntzarekin, eta taldeak aurrera pausu bat eman du. Cedricken jokaldi batean iritsi da iruindarren lehen aukera garbia, kongotarra ondoko marra zapaldutakoan pasea atzera egin du eta Sisik zutoinera bidali du. Osasunari hauspoa eman dio aukera horrek eta neurketa irabaztera joan da. Ordea, kanpoko taldearen Alberto atezainaren partidu bikainak osasunaren gogoekin bukatu du. Lehendabizi Cedrick-i buruz buruko jokaldi argi bat geratu dio. Osasunak erasoan jarraitu du eta David Garciak lehendabizi atezainaren ateraldi oker bat ez du aprobetxatu. Beranduago, korner batean zutoinera bidali du baloia. Jokaldi horien ostean Osasunarendako neurketako azken gol aukera garbiena iritsi da, Loties-en eskutik: Area txikiaren barnean errematea egin du aldaratze bat aprobetxatu ondoren, baina Albertok ondo gelditu du.Bazirudien Abelardo pozik zela berdinketarekin, baina Javi Flañok egindako huts garbi batean Castro aurrelarik aukera ona izan du Osasunaren neurketa osoa zapuzteko. Riesgok, baina, geldiketa ona egin du.

Zapore txarra uzten duen lehen zatia eta berdinketa. Bigarren zatiaren ereduari jarraitzea lortzen badute taldeak gora egingo du. Beti ere golak egitea lortzen badu, taldearen hurrengo jardunaldietako erronka nagusienetakoa bihurtu dena. Berdinketa honekin Bigarren B maila eramaten duten jaitsiera postuetatik urruntzea ezinezkoa zaio Mateoren taldeari. Datorren jardunaldia irabaztea erabat premiazkoa egingo zaio taldeari, azken bederatzi neurketetan ez baitu garaipena lortzerik izan.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s