Amildegitik geroz eta gertuago

Osasunaren bolada negargarrriak ez dauka etenik. Atzokoan 2-1 galdu zuen jaitsiera postuak ekiditeko lehian arerio zuzena zen Teneriferen aurka. Asteazkeneko partidarekin konparatu ezkero, atzoko norgehiagokan taldea dezente hobeago egon zen -batik bat lehenengo zatian-, baina hiru puntuek ihesi egin zioten, beste behin ere. Gauzak horrela, jardunaldi honen hasieran jaitsierarekiko zeukan bi puntuko errentak bere horretan darrai, baina orain, Santanderreko Racingez gain, Huelvako Recreativo ere hor bertan dauka. 

Eñaut Agirrebengoa (@Elspipi)

w_900x700_22195726_gc_8137

Mendizorrotzatik jipoiturik atera ostean, Osasunarentzat funtsezkoa zen  Heliodoro Rodriguez Lopez-en itxura ona eman eta ahal bazen hiru puntuak ateratzea. Horretarako, Mateok ezustekoz beteriko hamaikako bat zelairatu zuen: atepean Riesgo kokatu zuen Santamariaren ordez, eskuin hegalean zelaietatik kanpo 7 hilabete zeramatzan Oier Sanjurjo jarri zuen eta Nekounam iraniarra hasieratik zelairatzea erabaki zuen. Horrela, bada, taldeak partida hasiera oso txukuna egin zuen. Arerioa bere areatik gertu estutu zuen, talde iruindarra betidanik ezaugarritu duen presio eta intentsitatearen zertzeladak utziz. Bestetik, baloiarekin trebe aritu ziren, eta honen jabetza bere egin zuten.

Gauzak horrela, gorritxoak Teneriferen areara geroz eta arrisku handiagoz hurbiltzen hasi ziren. Lehen gol abagune garbia David Garcia gazteak izan zuen, falta jaurtiketa batean. Sisik erdiraketa bikaina egin zuen, baina harrobiko jokalariak, dena alde zuela, kanpora errematatu zuen. Bien bitartean, etxeko taldea guztiz deskonektaturik zegoen, zer egin ez zekiela. Deserosotasun handia nabaritzen zitzaien. Osasunaren areara iritsi zenetan taldeko izarra den Suso Santanaren bidez iritsi zen. Bestelakoan, baloia mugitzeko zailtasun handiak ari ziren izaten.

Talde iruindarrari, baina, gauza bat falta zitzaion: gola sartzea. David Garciaren erremate ustelaren ostean, lehenengo zatian gorritxoek izan zuten aukerarik garbiena izan zuen Merinok. Cedrickek jokaldia egin zuen hegaletik, eta honek eginiko erdiraketak erdilari gaztea aurkitu zuen. Alabaina, honek, area txikiaren ertzean zela, baloia atezainaren hanketara bidali zuen. Jardunaldi asko daramatza talde iruindarrak ate aurrean asmatzeko arazoekin, eta atzokoa gaitz honen beste kapitulu bat baino ez zen izan. Orokorrean gol abaguneak sortzea izugarri kostatzen zaio Gaztelu plazako taldeari, eta dituenetan argia itzali egiten zaio.

Egoera horretan, futboleko lege ezagunetako bat sartu zen jokoan: barkatzen duenak, ordaindu egiten du. Eta Osasunari hala gertatu zitzaion. Atsedenaldira iristeko hamar bat inutu geratuko ziren. Tenerifek ordura arte ez zuen arrisku handirik eraman Riesgoren areara. Osasuna, ordea, saiatu eta saiatu ari zen. Orduan, baina, zorigaiztoko jokaldi bat zela medio, batere merezi gabe etxekoak markagaluan aurretik jarri ziren. Riesgok ez zuen baloi altu bat aldentzen asmatu, eta oparia Errealean ibilitako Diego Ifranek probestu zuen. Kolpe latza izan zen gorritxoentzat,eta ordutik aurrea, gauzak guztiz aldatu ziren.

Erreakzionatzeko gaitasunik gabe

Golak lur jota utzi zuen talde gorritxoa. Lehenengo zatiaren amaieran iparra galduta somatu zitzaien, eta atsedenean Mateoren hitzak entzun eta pentsamendua aldatzeko aukera izan arren, bigarren zatian ere burua altxatu ezinda ibili ziren. Une honetan Osasuna talde biziki hauskorra da. Edozein ezbeharrek, txikiena dela ere, nahigabeturik uzten du. Eta atzo aurkariaren golak suposatu zuen kolpetik ezin izan zen altxatu. Markagailuan atzetik zihoazen gorritxoak, baina ez zuten euren buruan sinesten, ez zuten euren burua partidari buelta emateko gai ikusten.

Horrela, gol aukera bakar bat sortzeko gai ere ez ziren izan; aukerak sortu zituena markagailuan aurretik zihoan Tenerife izan zen. Lehenik eta behin Ifranek partida erabakita uzteko abagune bikaina izan zuen, baina baloia langara bidali zuen. Maxi Perezek, ordea ez zuen barkatu: Osasunako defentsek bakar bakarrik utzi zuten, eta baloia maisuki errematatuta bi eta hutsekoa egin zuen. Bat eta hutsekoarekin gauzak nahiko garbi zeuden, eta Teneriferen bigarren golak gauzak guztiz erabakita utzi zituen. Gorritxoek markagailuan gerturatzea lortu zuten, Nekounamek penalti puntutik 2-1ekoa egitean. Dagoeneko beranduegi zen baina.

Jardunaldien joanarekin batera Osasuna jaitsiera postuak diren amildegitik geroz eta gertuago dago. Eta datozen jardunaldiek ez dute baikortasunera deitzen, gorritxoek arerio oso gogorrei egin beharko baitiete aurre (datorren igandean, esaterako, sailkapenean bigarren den Sporting izango dute aurrez aurre). Talde iruindarra aspektu guztietan dago atsekabeturik, eta jokalariek aurrera egiteko kemen piska bat erakutsi ezean, Osasunak, nafar guztion taldeak, orduak zenbaturik ditu.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s