Lur jota

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

Osasuna, une hauetan, iparrik gabeko talde bat da. Berdegunetik kanpo jazotzen ari diren guztiak alde batera utzita, kirol arloan kinka larrian dago talde iruindarra, eta atzo Gasteizen jokatu zen norgehiagokak krisia areagotu besterik ez zuen egin. Babazorroek hiru eta huts hartu zituzten mendean gorritxoak, futbol simple baino eraginkor bati esker. Albertoren gizonek ideiak oso garbi zituztela erakutsi zuten, eta talde oso sendoaren itxura eman zuten, etxean igarotzen ari diren bolada onari jarraipena emanez.

Mateorenak, ordea, Alaveseko jokalarien antitesia izan ziren: ez zuten ez intentsitaterik, ez sendotasunik eduki. Hasierako minutuak kenduta, gorritxoek denboraldiko partidarik kaskarrenetarikoa burutu zuten, eta agerian geratu zen ez dutela jokorako plan garbirik. Entrenatzaile berria ez da dinamika zaharrei konponbidea aurkitzeko gai izan, eta iragan larunbatean taldeak hobekuntza printz batzuk erakutsi izanagatik ere, atzokoan garbi geratu zen dinamika tamalgarri honetatik ateratzeko printz soil batzuk baino gehiagoren beharra dagoela. 

_SE17233308_8c309d34

                                                                                                                                                                        Argazkia: Eduardo Buxens

Talde gorritxoa bolada oso txarrean zetorren Mendizorrotzan jokatu zen partidara, 18 puntutik bakarra lortuta. Atzokoa elur eta izotzagatik otsailan atzeratu zen partida izanik, berau irabazteak beheko postuekiko distantzia handiagoa lortzea suposatuko zukeen. Horrela, bada, neurketaren garrantziaz jakitun, gorritxoek hasierako minutu nahiko egokiak jokatu zituzten, presioa ongi eginez eta aurkariaren areara arriskuarekin iritsiz. Haatik, 7. minutuan Alavesek bat eta hutsekoa egin zuen, eta horrek Osasunaren planak hankaz gora jarri zituen. Babazorroek gorritxoen areara eginiko lehenengo gerturaketan egin zuten gola, erdiraketa on batez probestuz partiduko izarra izan zen Manu Barreirok baloia sareetara bidali zuelarik. 

Gola jaso eta hurrengo minutuetan Mateoren mutilak noraezean ibili ziren. Urduritasunez gainezka, eta baloia jokatzerakoan batere zehaztasunik gabe. Ez ziren jarraian bost pase emateko gai (horretan Alavesek eginiko presio gogorrak  zerikusia izan zuen). Horrela, baloia luze jokatzeari -edo, hobeki esanda, gainetik kentzeari- ekin zioten, eta horren emaitza Goitia lanik gabe uztea izan zen. Izan ere, markagailuan aurretik zela, Alavesek pauso bat eman zuen atzera, eta baloi luze horiek defendatzea erraza, oso erraza egin zitzaion.

Egoera horretan, atsedenaldira iristeko ordu laurden bat besterik geratzen ez zela, Osasunak norgehiagokan izan zituen minuturik onenak etorri ziren. Ez hobeto jokatzen hasi zelako, pare bat aukera arriskutsu izan zituelako baizik, biak zein biak geldikako jokaldietan: lehenengoa Merinoren burukada bat izan zen, Goitiak nahiko erraz gelditu zuena,eta bigarrena MIguel Flañok eginiko bolea erremate bat, hau ere Alaveseko atezainak abildade handiz gelditu zuena. Horrenbestez, epaileak lehenengo 45 minutuen amaiera adierazi zuen. Talde iruindarra markagailuan atzetik zihoan, baina azken minutuetan izandako gol abaguneek esperantza piztu zuen Mendizorrotzan bildu ziren 1000 zale gorritxoengan.

Okerrena etortzeke zegoen

Lehenengo zatiaren amaieran piztutako esperantza hori ezerezean utzi zuen Sergio Llamasek. Izan ere, bi eta hutsekoa egin zuen zelaian 15 segundo besterik ez zeramatzala. Jokaldia hegaleko sake batean hasi zen: Osasunako jokalariak ez ziren arerioaren gainean egon, hutsune handiegiak utzi zituzten atzean, eta azkenean Llamas gazteak area barruan errematea egin eta markagailuko aldea handitzea lortu zuen. Bigarrena jasotzeak kolpe latza suposatu zuen gorritxoendako, eta Barreirok bost minutu georago sarturiko golak neurketa ametsgaizto bihurtu zuen. Gol honetan Alavesek aurreko bietean erabilitako formula bera erabili zuen: baloia hegalera zabaldu, areara erdiratu, eta baloia sareetara bidali, Osasunako zentralen ahluezia lagun izanda, noski.

Hiru eta hutsekoak partida guztiz erabakita utzi zuen. Alavesek jokalari garrantzitsuenak aldatu, eta emaitza mantentzearekin pozik agertu zen. Bien bitartean, hirugarrena jaso eta gero Osasunako jokalariak lur jota geratu ziren, eta dagoeneko erreakzioan sinisten ez zutela, minutuak igarotzen utzi zituzten. Korner batean baloia sareetara bidali zuten, baina ez zen markagailura igo, epaileak baliogabetu egin baitzuen, Ninok atezainari falta egin ziolakoan.

Honenbestez, Mateorenak oso ukituta ateratzen dira atzoko norgehiagokatik. Ez soilik emaitzagatik, baizik eta Alavesek erakustitako nagusitasunagatik eta eta gorritxoek erakutsitako ahuldadeagatik ere bai. Eta okerrena zera da, taldea erakusten ari dena ikusita, badirudiela oraindik ez duela hondoa jo. Jaitsiera postuak ate joka ditu, eta egoera 360 gradutan irauli ezean, itxura benetan txarra dauka Osasunaren etorkizunak .

Advertisements

One thought on “Lur jota

  1. Pingback-a: Futbolaren joan-etorriak | Taxoareko Hitza

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s