Osasuna-Alcorcon: Soilik irabazteak balio du

Eñaut Agirrebengoa (@Elspipi)

Larunbata 16:00 / Sadar futbol zelaia/ La Liga TV

1421426221_extras_noticia_foton_7_1

Osasuna depresio egoera sakon batean dago murgildurik. Kirol arloan burua altxa ezinik (18. postuan daude, jaitsieratik bi puntura), bulegoetan ere albo-alboka dabil, “Osasuna auzia” delakoagatik.  Angel Vizcayk LFPko egoitzan talde iruindarrak iragan denboraldian partiduak adostu zituela aitortu zuenetik, azkeneko hamarkadan taldeko zuzendaritzatik pasatu direnen jarduna ezbaian jartzen duten informazioak  ia egunero argitaratu dira.

Badirudi klubaren barrunbeetan jazo den guztia argitzea luze joango dela, baina dagoeneko epaile zein poliziak eginiko ikerketak bere lehenengo ondorioak ekarri ditu: joan zen ostiralean Miguel Angel Archanco zein Txuma Peralta kartzelaratuak izan ziren, 5 delitu ezberdin egotzita. Horrela, Archanco Espainiako futbolean partidu-adosteengatik kartzeleraturiko lehen presidentea bilakatu zen (dena den, aste honetan bertan kartzelatik atera da, milioi erdiko bermea ordaindu ostean).

Egoera horretan, aproposena taldeak emaitza onen bidez klubari egonkortasun apur bat ematea izanen litzateke, baina, hain justu, kontrakoa ari da gertatzen. Azken bost partidetan bost porrot jaso ostean, ataka estuan dira gorritxoak, beheko postuak geroz eta gertuago baitaude. Horrela, bada, larunbatean Osasunak Sadarren jokatuko duen neurketa hil ala bizikotzat jo daiteke. Garaipena lortuta arnas pixka bat hartu ahalko luke, baina etxean berriz ere galduta gauzak ilun, oso ilun jarriko litzaizkioke.

Lerro guztietan dago zer hobetu

Bere zelaian jokatuta, talde gorritxoak zaleen hauspoa jasotzearen abantaila izanen du; alabaina, aurten etxean lortutako emaitzek agerian uzten dute Sadar futbol zelaia dagoeneko ez dela iraganean edozein talderentzat ia menderaezina zen gotorlekua. Izan ere, denboraldi honetan Osasunak etxean jokatu dituen 14 norgehiagoketetatik 6 galdu eta 2 berdindu ditu (bertan jokatu dituen azken hiru partidetan esku hutsik irten da), azkeneko denboraldietan Sadarren sekula erakutsi gabeko ahuldade eta oldarkortasun falta erakutsiz.

Gauzak horrela, gorritxoek azken jardunaldian erakutsi duten maila asko hobetu beharko dute hiru puntuak patrikaratu nahi badituzte. Kezkagarrien egiten den aspektuetako bat taldeak azken aldian erakutsitako gol falta da. Izan ere, azken bost partidetan ez du gol bakarra ere sartu, eta horri defentsa lerro negargarri bat gehitzen badiogu, emaitza jarraian bost porrot jasotzea da. Euskarri lanetan aritzen diren jokalariak ere euren maila onenetik urrun dabiltza. Nekounam, taldearen lemazain izatera deituta zegoena, eragin oso gutxi ari da izaten taldearen jokoan, eta Loe ere bere mailatik oso behera dabil.

Aurkariari dagokionez, Alcorcon 13. postuan iristen da larunbateko partidara, Osasunak baino 6 puntu gehiagorekin. Lehenengo itzulian Santo Domingon aise hartu zuen mendean talde iruindarra, David Rodriguez taldeko goleatzaileak neurketako bi golak sartu zituelarik. Dena den, egun talde madrildarra ez da boladarik onena igarotzen ari. Izan ere, duela bi jardunaldi Leganes mendean hartu aurretik 10 partida egon zen garaipena ezagutu gabe, taldearen inguruan kritika gogorrak sortu zirelarik. Jose Bordalas entrenatzaileak adierazi duenez, azken aldian jasotako kritika horiek guztiak ez dira bidezkoak, taldearen helburua, azken batean, Bigarren Mailan gelditzea baita.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s