Zurrunbiloaren erdian, kirol-krisiak bere horretan darrai

Eñaut Agirrebengoa (@Elspipi)

Osasuna garai latzak ari da igarotzen arlo guztietan. Partiduen adosteen eskandaluak bete betan jo du, eta gaur bertan Miguel Archanco eta Txuma Peralta espetxean sartu dituzte (lehenengoa 500000€ko bermearekin; bigarrena, aldiz, bermerik gabe). Egoera horretan, jokalariei Sardineron aurpegia ematea zegokien, baina, beste behin ere, ez dute maila eman. Mateo aulkiko maizter berriarekin taldearengan aldaketak somatzea espero zen, baina hasierako hamaikakoan eginiko aldaketetatik at, taldeak azken lau partidetan erakutsitako gabezia berberak erakutsi ditu.

w_900x700_07210230_ncs6459

Garbi dago gaurkoa Osasunarentzat garrantzi handiko partidua zela. Kirol arlotik kanpo gertatzen ari diren guztiak alde batera utzita, taldea jarraian lau porrot jasotzetik zetorren, bereziki azkeneko norgehiagokan irudi tamalgarria emanda. Horrela, Mateok astean zehar esanikoari jarraiki, talde oldarkor eta taktikoki irmoa espero zen. Haatik, taldea beste behin ere ahul ibili da atzealdean, eta erasoan abaguneak sortzea izugarri kosta izan zaio. Lehenengo zatia aukera oso gutxikoa izan da. Bi taldeak akatsik ez egitera irten dira, partidari ikusgarritasun oro kenduz. Racing gehixeago hurbildu da kontrako areara, baina arrisku handiegirik sortu gabe. Bien bitartean, Osasuna jokoa ezin aurkitu ibili da. Mateok Torresekin batera Jose Garcia eta Berenguer gazteak jarri ditu aurrelariaren atzeko lerroan, baina euren bizitasuna erakusteko aukera gutxi izan dituzte, batik bat taldearen erritmo faltagatik.

Gauzak horrela, 42. minutuan talde gorritxoa markagailuan aurreratzear izan da, Ninok, dena alde zuela, baloia gutxigatik kanpora bidali duenean. Berenguer area ertzera iritsi da pare bat arerio atzean utzi ostean, eta aurrelari beteranoari gola eskura eman dio, baina honek ez du jaurtiketan asmatu. Akats honek garrantzia handiagoa hartu du minutu bat geroago, Santanderreko Racingek bat eta hutsekoa egin duenean. Kasu honetan, atzeko lerroa izan da hanka sartze larria egin duena. Cadamuro bigunegi ibili da ezker hegalean -algeriarrak jardunaldiz jardunaldi akats berberak errepikatzen ditu-, eta Racingen erdiraketan zentralak negargarri aritu dira markaketa lanetan. Horrela, Alvarok aise egin du buruz errematea, eta Santamariaren ateraldi ustelari esker, baloia sareetara bidali du.

Bigarren zatia nahi eta ezinaren isla garbia izan da iruindarrentzat. Markagailuan atzetik joanagatik ere, erasoko jokoan ez dute erritmorik erakutsi, eta arerioa atzean sartuta denean, txinpartik gabe oso zaila da min egitea. Mateok aulkia mugitu eta Cedrick eta Ansarifard zelairatu ditu, baina jokoan izan duten eragina hutsaren hurrengoa izan da. Horrela bada, 63. minutuan etxekoek aldea handitu dute, korner batean Borja Granerok baloia sareetara bidali duenean. Kasu honetan Cadamuro izan da markaketan huts egin duena, eta Racingeko jokalariak bakar bakarrik zela egin du errematea. Bi goleko aldea, 25 minutu faltan, eta erakutsitako joko ezarekin. Miraria behar zuen Osasunak, eta ez da halakorik izan. Hortik neurketa amaitu arte minutuak azkar pasatzea, horixe zen jokalari zein zaleek nahi zuten gauza bakarra.

Honenbestez, dagoeneko bost dira talde gorritxoak jarraian galdu dituen norgehiagokak. Hori gutxi balitz, gol falta kezkagarria ari da erakusten, azken bost partidetan ez baitu gol bakarra ere sartu. Egoera honetan, Mateok zailtasun handiko zeregina dauka begien aurrean: animikoki lur jota dagoen talde bat altxatzea, hain zuzen. Ezin daiteke jakin taldearen inguruan atera diren guztiak zenbaterainoko eragina ari diren izaten jokalariengan, baina ziurra dena zera da, jokalariek klubarengatik aurpegia ateratzen ez badute, Osasuna pikutara doala.

Advertisements

2 thoughts on “Zurrunbiloaren erdian, kirol-krisiak bere horretan darrai

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s