Arnasa hartzea ahalbidetzen duten hiru puntu

Eñaut Agirrebengoa (@Elspipi)

w_900x700_14125903_pu_1822

Atzo bai. Atzo, azkenean,  aurpegian  irribarrea marraztuta atera ziren zaleak Sadarretik. Bost partida, edo beste era batera esanda, hilabete terdi zeraman Osasunak garaipena eta gola ezagutu gabe, baina atzoko neurketan Valldolid 2-1 mendean hartu ostean, bolada txarra bikoitz hori apurtzea lortu zuen. Muturreko egoera batean zetorren talde iruindarra 17.jardunaldira, jaitsiera postuetan kokatuta eta entrenatzaileak hanka terdi kanpoan zuela. Horrela, hiru puntuak patrikaratuta, gorritxoak berriz ere jaitsiera postuetatik kanpo dira, eta Urbanek, momentuz, Osasunako entrenatzaile izaten jarraitzen du.

Edonola ere, hiru puntuak eskuratzea ez zen lan batere erraza izan. Hasierako minutuetan eromena izan zen nagusi, eta laugarren minuturako Osasuna dagoeneko markagailuan aurretik zen. Hori baino lehenago, epaileak Valladolidi legezkoa zen gol bat baliogabetu zion,  eta Ninori egindako penalti bat adierazi gabe utzi  zuen. Horrela, gorritxoen golaren ostean, Valladolid berdinketaren golaren bila joan zen, eta baita aurkitu ere. Oscarrek 16. minutuan banakoa jarri zuen markagailuan, Valladolideko jokalariek Osasunaren defentsa nahi bezala zulatu ostean.

Momentu horretan, berriz ere mamu zaharrak agertu ziren Sadarren. Berdinketaren golak jokalari gorritxoak ikututa utzi zituen, eta Valladoliden bigarrena geroz eta gertuago zegoen. Ordea, 35. minutuan talde gorritxoa aurretik jarri zen beste behin. Atzo maila benetan altuan ibili zen Nekounamek pase sakon bikaina eman zion Roberto Torresi, eta honek, hondoko marran zela, baloia area txikiaren bihotzean jarri zuen. Cedrick han zen, baina baloiak Valladolideko Marc Valienteren hankan jo eta ate barrura sartu zen.

Lehenengo zatiaren azken hamar minutuetan Osasunak aldea handitzeko pare bat abagune on izan zituen. Lehenengoan Ninok baloia sareetara bidali zuen, baina epaileak baliogabetu egin zuen, aurrelaria jokoz kanpo zegoelakoan. Bigarren aukera garbia ere almeriarrak berak izan zuen, baina Javi Flañok eginiko erdiraketari errematea ematen ez zuen asmatu. Hobe zukeen partida orduantxe erabaki izan balu, bigarren zatiaren hasieran gauzak okertu egin baitzitzaizkion talde iruindarrari. Javi Flañok bultzakada txiki bat eman zion Valladolideko Mojica-ri, eta Munuera Monterok txartel horia zela erabaki zuen. Noaingoak jadanik bazeukan txartel hori bat, beraz, partida amaitzeko berrogei bat minuturen faltan, Osasuna hamar jokalarirekin geratu zen.

Zaleak hiru puntuak galdutzat ematen hasi ziren, baina orduantxe taldeak espero ez zen erantzuna eman zuen. Defentsan lan bikaina egin zuten, orain arte gutxitan erakutsitako esfortzu eta kemena erakutsiz. Hori gutxi balitz, aurreko jokalarien bizkortasunari esker partida erabakitzeko bizpahiru aukera on izan zituzten. Gorritxoen artean jokalaririk aipagarriena Sisi izan zen. Beste behin ere  defentsa lanak egiten aritu behar izan zen, eta lehenengo zatian gorriak eta bi ikusi zituen Bergdich azkarra gelditu ahal izateko, baina bigarren zatian erakustaldi itzela eman zuen. Cadamuro ezker hegalean kokatuta eskuin hegalera mugitu zen, eta Mojicaren saiakera guztiak bikain defendatu zituen. Gainera, erasoan jokaldi ikusgarriak egin zituen, Valladolidek atzean utzitako espazioez baliatuta.

Azken minutuetan Valladolidek gerturaketa arriskutsuren bat edo beste egin zuen, baina, bestelakoan, aukerak sortu ezinik ibili zen. Honenbestez, hiru puntuak Sadarren gelditu ziren. Atzo lortutako garaipenari esker, gorritxoak beheko postuetatik zertxobait aldendu dira (jaitsieratik bi puntura daude), eta horrek, ziur asko, lasaitasun gehiagorekin lan egitea ahalbidetuko die. Edonola ere, Urbanen jokalariak ezin daitezke berriz ere lokartu. Soilik atzo erakutsitako kemen eta ausardiarekin lortuko dute egoera irauli eta sailkapenean gora egitea. Datorren astean kategoriako liderra den Las Palmasen etxean jokatuko dute. Gorritxoek orain arte ez dute etxetik kanpo garaipenik lortu, baina larunbatean erakutsitako bertsioa erakutsiz gero, bolada honi ere amaiera emateko aukera ona izanen dute.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s