Golari bizkarra emanda

Eñaut Agirrebengoa (@Elspipi)

Huts eta huts berdindu zuten Osasuna eta Gironak atzo El Sadar futbol zelaian jokatutako neurketan. Markagailuak hala erakusten ez duen arren, gol abagune askoko partida izan zen, zeinetan Urbanen mutilek hiru puntuak patrikaratzeko merituak sobera egin zituzten. Haatik, ate aurrean izan zuten gol faltak eta Gironako Isaac Becerra atezainak emaniko erakustaldiak partidua golik sartu gabe bukatzera eraman zituzten. Lastima izan zen, gorritxoek denboraldiko norgehiagokarik onenetarikoa (edo, akaso, onena) jokatuagatik ere, puntu bakarrarekin konformatu behar izan zirelako. Iragan astean itxura negargarria eman zuten Bigarren Mailako azken sailkatua den Albaceteren aurka, eta atzo, bederen, itxurari dagokionean egoera goitik behera irauli zuten, nahiz eta partida ez irabazi. Azken batean, Las Palmasekin batera kategoriako liderra den Girona guztiz hartu zuten mendean.

Emandako itxura on horretan zeresan handia izan zuen Urbanek zelairatutako hamaikakoak. Santzioak eta nazioarteko deialdiak direla medio, entrenatzaile poloniarrak baja kopuru handia kudeatu behar izan zuen azken jardunaldietan, baina atzoko partidarako ia jokalari guztiak zituen erabilgarri (min hartutako Oier, Loties eta Echaide izan ezik). Gauzak horrela, hamaikako berritzaile batengatik apustu egin zuen, erasoko postuetan hiru aurrelari kokatuz (Nino, Kodro eta Ansarifard) eta defentsan Miguel Flañorekin batera berriki fitxatutako Vujadinovic jarriz. Urbanek Gironaren jokoa ondo aztertuta zeukan, eta bazekien joko horizontalarekin min gutxi egin zekiokeela. Modu horretan, hiru aurrelarien presentziaz baliatuta futbol zuzenago bat bilatzea erabaki zuen, eta zelaian ikusitakoa ikusita, apustua, ezbairik gabe, ongi atera zitzaion.

Bereziki azpimarratu beharrekoa da Osasunako jokalariek egin zuten neurketa hasiera. Orain arteko partidetan jokoan sartzea asko kostatu zaie, eta presio eta kemen aldetik aurkaria baino puntu bat beherago izan dira. Atzo, ordea, neurketan buru belarri sartu ziren lehenengo minututik. Horrela, azaroko giro hotz eta goibela (neurketa osoan euria goien beheran aritu zen) nabarmen berotu zuten, harmailetan argi ikusi ahal izan zen bezala. Taldeak kemen arrasto soil bat erakustean zale gorritxoek dezibelioak nabarmen igotzen dituzte, eta horrek taldearen jokoan eragin handia dauka, atzo gertatu bezala. Modu horretan, Gironak baloia zuenean Osasunako jokalariek estu presionatu zuten, baloia aise berreskuratuz, eta ondoren erasoan bizi-bizi jokatu zuten, hegaletatik barruraino sartuz. Arriskua batez ere eskuin hegaletik sortu zuten, De las Cuevas eta Javi Flañoren arteko jokaldi anitzei esker.

Hasierako minutuetako nagusitasunaren ostean, talde iruindarra gol abaguneak pilatzen hasi zen. Lehenengoa Kenan Kodrok izan zuen, areaz kanpotik jaurtiketa indartsu bat egin zuenean. Albaceteren aurkako norgehiagokan itxura nahiko eskasa eman ostean, atzoko partidan maila polita erakutsi zuen Sanseko jokalari ohiak, mugikortasunaz bere armarik arriskutsuena eginez.  Ondoren, De las Cuevasek hegalean jokaldia egin eta erdiraketa eder bat jarri zuen, baina ez zuen errematatzailerik aurkitu. Bere aldetik, Girona atze atzean zegoen sartuta, lehenengo hamar minutuetan erasoan baloirik ia ukitu ez zutelarik. Edonola ere, kontraeraso batean markagailuan huts eta batekoa jartzear izan ziren, baina Cifuentesen jaurtiketari erantzun zoragarria eman zion Roberto Santamariak. Atezain iruindarrak lan gutxi izan zuen atzokoan, baina Gironak izan zituen aukera bakanetan segurtasun handia erakutsi zuen.

19.minutuan talde gorritxoak markagailuan aurretik jartzeko abagune ezin garbiago bat izan zuen. De las Cuevasek korner jaurtiketa atera, eta Nekounamek buruz errematatu zuen, baina Becerrak sekulako gelditua egin zuen. Aldaratzea iraniarrari berari erori zitzaion, eta honek, dena alde zuela, baloia harmailetara bidali zuen. Sadarren bildutako 11.500 lagunek eskuak burura eraman zituzten. Ezin zuten sinetsi. Kanpora bidaltzea sareetara bidaltzea baino zailagoa den aukera horietako bat zen. Ordea, atzo baloiak ez zuen ate barrura sartu nahi. Edonola ere, aukera hori erratu izanak ez zuen Nekounamek egin zuen partida bikaina lausotu. Izan ere, iragan astean ez bezala, taldearen gidaritza bere gain hartu zuen, baloia batetik bestera ederki mugituz eta defentsa lanetan esfortzu handia eginez.

Iraniarretik iraniarrera. Nekounamen aukeratik minutu gutxi batzuetara Ansarifardek bere oinetan izan zuen bat eta hutsekoa, baina Becerra atezainarekin izan zuen buruz burukoan ez zuen asmatu. Baloia ondo gurutzatu zuen, baina Gironako atezainak hankarekin gelditu zuen. Aldaratzean Kodrok aukera ona izan zuen, baina honek ere ez zuen baloia sareetara bidaltzen asmatu. Hortik gutxira Javi Flaño sekulako gola sartzear egon zen, baina boleaz eginiko jaurtiketari erantzun ona eman zion, beste behin ere,  Becerrak. Zaleak taldearen gol faltarekin gogaitzen hasiak ziren. Izan ere, taldea futbol oso ona ari zen jokatzen, eta markagailuan aurrea hartzeko adinako gol aukerak ari zen izaten, baina jokalari gorritxoak kamuts zebiltzan Gironako atearen aurrean.

Gauzak horrela, lehenengo zatiko azken hamabost minutuetan Osasunak erritmoa zertxobait jaitsi zuen. Hori dela eta, tarte horretan ez zen aurkariaren areara horren usu iritsi. Jokaldirik nabarmenenak Karim Ansarifard izan zuen protagonista. Iraniarrak bakarkako jokaldi eder bat egin zuen, Girnoako bi jokalariri izkin eginda, baina area barruan zela lurrera erori zen. Penaltia eskatu zuen, baina epaileak ez zuen halakorik adierazi, Gironako defentsaren bultzakada lurrera erortzeko adinakoa izan ez zelakoan. Edonola ere, talde gorritxoaren jokoa zertxobait apalduagatik, Girona ez zen Santamariaren areara arriskua eramateko gai izan. Bere meritu ezarengatik baino besteren merituengatik, talde kataluniarra ez zen bere mailarik onenean egon atzoko neurketan. Izan ere, Osasunako defentsak orain arte erakutsi gabeko segurtasun eta sendotasuna erakutsi zuen. Horretan zeresan handia izan zuen Vujadinovic serbiarrak, zeinak bere gorpuzkera sendoaz baliaturik baloiak aise berreskuratu zituen.

Behin atsedenera iritsita, jokalari zein zaleek lehenengo zatian gertatutakoaz hausnartzeko beta izan zuten. Azken hamabost minutuetan erritmoa zertxobait jaitsi arren, orokorrean kalitate handiko 45 minutu egin zituen talde nafarrak. Zale gorritxoen kezka nagusia taldeak pistoia jaitsi eta berriz ere orain arteko akatsak errepikatzea zen. Bigarren zatia hasi bezain pronto, ordea, Osasunako jokalariek kezka eta zalantza guztiak uxatu zituzten. Izan ere, lehenengo zatiaren ildo beretik ekin zioten bigarren zatiari: presio eta joko zuzenari bitartez berdegunean nagusituz, hain zuzen.

Bigarren zatiko lehenengo abagune garbia Sisik izan zuen. Gironako defentsek ez zuten baloia behar bezala urrundu, eta aldaratzean Sisik gutxigatik ez zuen bat eta hutsekoa egin. Baloiari zartako itzela eman zion Albaceteko jokalariak, baina jaurtiketak, gutxigatik bada ere, ez zuen atea aurkitu.  Ondorengo minutuetan gorritxoek Gironaren areara arriskuarekin hurbiltzen segitu zuten, baina azken pasean ez zuten asmatzerik izan. Jadanik 25 bat minutu besterik ez ziren geratzen, eta golak Osasunari bizkarra ematen jarraitzen zuen.

Azken ordu erdi inguru horretan Osasunaren erauntsi bortitz bat espero zen, baina ez zen halakorik gertatu. Ziurrenik egindako esfortzu fisiko handiaren ondorioz, talde iruindarrak ordura arte erakutsitako distira galdu egin zuen. Jadanik ez zen gai hegaletatik abiada bizian sartzeko, eta barrutik jokatzea ere geroz eta gehiago kostatzen zitzaion. Aulkia mugitzeko une ezin aproposagoa zen, baina Urbanek itxarotea erabaki zuen, zaleen haserrea piztuz. Hauek oihuka eskatu zioten berdegunera freskotasuna ekarriko zuen jokalariren bat sartzeko, baina Urbanek entzungor egin zien.

Egoera horretan, eta taldea hasieran bezala ez zegoen arren, 70.minutuan partidako aukerarik garbienetakoa izan zuen Osasunak. Jokaldi landua izan zen, baloia abiada osoz alde batetik bestera mugitu zuten, baina amaiera emateko unean Ansarifardek ez zuen asmatu. Hiru zurtoinen artera errematatu zuen, baina Becerrak sekulako geldiketa egin zuen. Atezainaren neurketa guztiz aparta izan zen. Atzo Gironak Sadarretik puntu bat atera bazuen, hein handi batean harengatik izan zen.

Osasunaren eraso emaria abagune horrekin amaitu zela esan daiteke. 73.minutuan Urbanek Cedrick kongotarra zelairatu zuen, bere abiaduraren bidez taldea berriz ere berpizten saiatzeko, baina berdegunean egon zen hogei minutu eskasetan ez zuen halakorik lortu. Bien bitartean, Gironak pausu bat egin zuen aurrera, eta orduantxe hasi zen jokaldi arriskutsuak egiten. Azken hamabost minutuetan hiru gol abagune on izan zituen; guztietan garbiena Jaime Matak izan zuen, baina dena alde zeukala baloia Santamariari eman zion. Gauzak horrela, Urbanek beste bi jokalari sartu zituen zelaira (Jose Garcia eta Mikel Merino), baina baloia ukitzeko astirik ere ez zuten izan. Epaileak hiru minutu luzatu zituen, baina esan beharreko guztiak jadanik esanda zeuden.

Atzoko partidan Osasunak partidaro erakutsi beharko lukeen itxura erakutsi zuen. Baloi guztiak borrokatzea, baloia azkartasunez mugitzea… talde gorritxoak astero erakutsi beharko lituzkeen ezaugarriak dira. Alde horretatik, atzoko neurketa ikuspuntu positibo batetik ikus daiteke. Edonola ere, Osasunako jokalariak ezin daitezke soilik itxura ona ematearekin konformatu. Itxura ona bai, baina futbolean garrantzitsuena golak dira, soilik hauen bitartez lortzen baitira hiru puntuak. Talde iruindarrak atzokoarekin lau partida daramatza gola zer den ezagutu gabe, beraz, hiru puntuen bideari berriz ere ekin nahi badio, hobe du ate aurrean finago ibili. Golak eta puntuak; jokoak itxaron dezala. Izan ere, sailkapenean geroz eta estuago daude gorritxoak, eta golak sartu ezean, ez dira putzutik aterako, nahiz eta ongi jokatu. Azken batean, golik gabe ez baitago festarik.

FITXA TEKNIKOA

Osasuna: Santamaría; Javier Flaño, Miguel Flaño, Vujadinovic, Sisinio; De las Cuevas (Merino, 90.m), Raoul Loé, Nekounam, Kenan Kodro (Cedrick, 74.m); Ansarifard eta Nino (José García, 84.m).

Girona: Becerra; Cifuentes, Ramalho, Richy, Lejeune, Sebas Coris (Aday, 64.m); Granell, Pere Pons, Christian (Mata, 46.m); Felipe Sanchón (Pablo Íñiguez, 91.m) eta Sandaza.

Epailea: Arias Lopez. Txartel horia erakutsi zion Gironako Felipe Sanchoni.

Beste batzuk: 11.526 ikusle Sadar futbol zelaian. Neurketa ETB1 katean ikusi ahal izan zen.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s