Alarma gorria

Eñaut Agirrebengoa (@Elspipi)

Aitzakiarik gabeko porrota jaso zuen Osasunak Carlos Belmonten. Bi eta huts galdu zuen ligako azken sailkatua den Albaceteren aurka, sentsazio benetan negatiboak utziz. Gorritxoek dena egin zuten gaizki; defentsan ahulezia handia erakutsi zuten, erasoan jokaldiak ezin sortu ibili ziren, eta hori gutxi balitz, jarrera aldetik ere, beste behin, negargarri aritu ziren. Albacetek ez zuen gauza askorik erakutsi, baina gauzak talde gorritxoak baino garbiago izan zituen. Horrela, defentsan lan oso sendoa eginda eta talde nafarraren atzealdeko arazoez probestuz, hiru puntuak etxean utzi zituen. Honenbestez, alarma guztiak piztu dira Sadar aldean. Sailkapena argi mintzo da: gorritxoak 16. postuan daude, jaitsiera postuetatik puntu bakarrera.

Puntu behar handiarekin zetorren Osasuna atzoko partidara. Ponferradinaren aurka etxean galdu ostean, hiru puntuak lortzeak berebiziko garrantzia zuen. Haatik, gorritxoek patxada handiarekin ekin zioten neurketari. Atzealdean baloia ukitu eta ukitu ibili ziren, baina behin baloia zelai erdira iristen zenean, ez zioten jokoari azkartasunik ematen. Albacetek norgehiagoka nahiko atzean sartuta hasi zuen, eta presio egoki baten bitartez, talde gorritxoari baloia motzean jokatzeko arazo handiak eman zizkion. Horrela, Urbanen jokalariak baloia luze jokatzen hasi ziren, baina horrela ere ez zioten batere minik egin Mantxako taldeari.

Modu horretan, lehenengo hamar minutuetan ez zen gol aukera bakar bat ere izan. Alta, hamabigarren minutuan Osasunak markagailuan aurre hartzeko abagunea izan zuen falta jaurtiketa batean. Roberto Torresek baloia ederki eman zion Ninori, baina aurrelariaren jaurtiketak Albaceteko defentsa batean jo zuen. Aukera oso garbia izan ez bazen ere, talde gorritxoak partida guztian izan zuen gol abagunerik garbienetakoa izan zen, Urbanen mutilen joko eskasaren erakusgarri.

Hurrengo minutuek hasierako minutuen ildo beretik jarraitu zuten: Albacete defentsan ondo kokaturik eta Osasuna baloiarekin zer egin ez zekiela. Zelai erdiko jokalariak oso geldi zeuden, geldiegi, eta ondorioz, defentsatik erasorako trantsizioa egitea ia ezinezko bilakatu zen. Gauzak horrela, Albacete gorritxoek jokoa sortzeko zuten ezintasunaz igarri zen, eta pixkanaka gora egiten hasi zen. Luis Cesar Sampedrorenek ez zuten sekulako futbol erakustaldirik eman, baina baloi trantsizio azkarrak eginez Santamariren areara gerturatzen hasi ziren. Horrela, 28.minutuan lehenengo gola sartzear izan ziren, aldaratze baten ondoren Portuk egin zuen jaurtiketa Santamariak doi-doi gelditu zuenean.

Minutuen joanarekin batera, Albacete geroz eta erosoago sentitzen zen berdegunean. Bien bitartean, Osasunak baloia mugitzeko zailtasun handiekin jarraitzen zuen, eta atzeko lerroan ere ez zuen segurtasunik transmititzen. Atzoko partidarako baja kopuru handia zuen Osasunak lerro honetan, eta Urbanek atzeko laukote guztiz berri batekin froga egin behar izan zuen. Horrela, defentsa erdian Unai eta David Garcia kokatu zituen, hegaletan Javi Flaño eta Sisi jarri zituen bitartean. Bereziki aipatzekoa poloniarrak ezker hegalean azken hau jarri izana. Izan ere, neurketa aurretik bazirudien De Frutos gaztea  arituko zela postu horretan. Haatik, Urbanek nahiago izan zuen esperientzia handiagoko jokalari bat erabili, nahiz eta bere postutik kanpo kokatu. Gauzak horrela, esan daiteke esperimentua ez zitzaiola oso ongi atera poloniarrari, atzeko lauek aurkariari erraztasun handiegiak eman baitzizkioten.

Egoera horretan, falta jaurtiketa batean Albacetek esku eskura izan zuen lehen gola. Osasunako defentsek ez zuten baloia urruntzen asmatu, baina Ruben Cruzek, dena alde bazuen ere, baloia harmailetara bidali zuen. Baloiarekin kamuts bazebilen ere, Osasunak nolabaiteko erantzuna eman nahi izan zion Albaceteren erasoaldiari. Horrela, geldikako bi jokalditan arriskua sortzeko aukera izan zuten gorritxoek. Lehenik eta behin, Torresek ateratako kornerra buruz errematatu zuen David Garciak, baina baloia Albaceteko defentsa batek atera zuen, eta ondoren,  falta jaurtiketa baten aldaratzean Unai Garciak gol aukera ona izan zuen, baina jaurtiketan ez zuen asmatu.

Baloiarekin zer egin ez zekitela, geldikako jokaldiak eta erdiraketak ziren gorritxoek arriskua sortzeko zuten alternatiba bakarra. Hain zuzen, erdiraketa baten bidez iritsi zen gorritxoek lehen zatian izan zuten gol abagunerik garbiena. Kenan Kodrok baloia heltzean sartu zuen, baina Ninoren errematea gutxigatik kanpora joan zen. Ninok eduki ez zuen zehaztasun hori, ordea, Cidonchak izan zuen 41.minutuan. Portuk baloi luze bat maisutasunez jaitsi zuen, eta honek egin zituen bi jaurtiketak Santamariak gelditu ostean, Cidonchak aldaratzea hartu eta ez zuen barkatu. Osasukako atzelariak oso ahul ibili ziren jokaldi honetan, lehenik eta behin, ez zirelako Porturen gainean egon, eta ondoren, mantxakoei area barruan hiru jaurtiketa egiten utzi zietelako.

Honenbestez, partida bat eta hutsekoarekin iritsi zen atsedenaldira. Urbanek bazuen zer aldatu, taldeak batez ere erasoan itxura tamalgarria eman baitzuen ordura arte. Gauzak, ostera, ez ziren gehiegi aldatu. Albacetek pausu bat egin zuen atzera, bat eta hutsekoarekin ez baitzuten erasora joateko beharrik. Modu horretan, Osasunak, berriz ere, zelaian aurrera egiteko arazo handiak izan zituen. Gorritxoen joko patalagatik ere, Loe markagailuan banakoa jartzear izan zen, Roberto Torresen pase zoragarri bat buruz errematatu zuenean. Baloiak, ordea, ez zuen barrura sartu nahi izan. Edonola ere, aukera honek ez zuen jarraipenik izan, Osasunaren jokoak trabatuta jarraitzen baitzuen. Horrela, 90.minutuan Ninok izan zuen gol aukera kenduta, talde gorritxoak ez zuen Albaceteren areara arrisku gehiagorik eraman.

Egoera irauli nahian, Urbanek aulkia mugitu zuen 66.minutuan, Cedrick De las Cuevasen ordez zelairatuz. Erreakzioa, ordea, kontrakoa izan zen, 69.minutuan Cidonchak berriz ere baloia sareetara bidali zuelako. Albaceteko aurrelariak nahi haina jokalariri izkin egin, eta jaurtiketa eder baten bidez bi eta hutsekoa jarri zuen, partida erabakita utziz. Jokaldi honetan ere oso makal ibili ziren Osasunako defentsak. Ezer berririk ez. Azkeneko hogei minutuetan aukera bana izan zuten bi taldeek, baina markagailua ez zen gehiago mugitu.

Atzoko porrotaren ostean, talde iruindarra ataka gaiztoan dagoela esan daiteke. Jaitsiera postuen hatsa geroz eta gertuago sentitzen du, eta okerrena zera da, astetik astera errepikatzen dituen akatsak zuzentzeko zantzurik ez zaiola antzematen. Jarrera aldetik kemenik gabe, jokoa sortzeko arazo handiekin, defentsan sendotasuna erakutsi ezinik… Behar beharrezkoa da Urbanek egoerari irtenbidea lehen bait lehen aurkitzea. Bestela, gorriak eta bi ikusi beharko ditu Osasunak  Bigarren Mailari eusteko.

FITXA TEKNIKOA

Albacete: Alberto, Antoñito, Gonzalo, Pulido, Miguel Núñez, Cidoncha (Samu, 80.min), Mario, Portu, Jorge Díaz, César Díaz (Carlos, 93.min) eta Rubén Cruz (Chumbi, 63.min).

Osasuna: Santamaría, Javier Flaño, Unai García, David García, Sisi, De las Cuevas (Cedrick, 66.min), Loé, Nekounam (Ansarifard, 80.min), Roberto Torres, Kodro (José García, 73.min) eta Nino.

Golak: 1-0, 42.m: Cidoncha. 2-0, 68.m: Cidoncha

Epailea: Gonzalo Fuertes. Txartel horia erakutsi zien Albaceteko Nuñez, Pulido, Ruben Cruz, Gonzalo eta Porturi eta Osasunako Sisiri.

Bestelakoak: 11.000 ikusle Carlos Belmonte futbol zelaian.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s