Osasuna-Ponferradina: Play-off postuetara gerturatzeko aukera

Eñaut Agirrebengoa (@Elspipi)

Ez gora eta ez behera. Horrelaxe dago Osasuna sailkapenean. Iruindarrak hamalaugarren dira, jaitsiera postuetan lehena den Numanciarengandik hiru puntura. Azpiko postuekiko tarte eskas horrek pentsaraz diezaguke gorritxoen helburua 2.B mailara ez jaistea dela, baina igoeraren ametsa oraindik ezin daiteke baztertu. Izan ere, play off postuak soilik lau puntura dituzte. Hau da, jaitsiera postuetatik eta igoeragatik lehiatzeko aukera ematen duten postuetatik ia distantzia berdinera daude. Egoera horretara, batez ere, garaipenak kateatzeko gaitasun ezak eraman du. Etxean lortutako lau garaipenek azpiko postuekiko zerbait urruntzea ahalbidetu diete Urbanen mutilei, baina Sadarreko garaipenei ez diete etxetik kanpo jarraipenik eman. Horregatik daude dauden egoeran, ez bero eta ez hotz, epel.

Egoera horretan, larunbateko partidak gorritxoen helburuengan eragin zuzena izan dezake. Are gehiago, kontuan hartzen badugu aurrean izango duen taldea, Ponferradina, play off postuetan dauden taldeetan azkena dela, gorritxoengandik soilik lau puntuk bereizten dielarik. Hortaz, igoeraren ametsari begira, gaztelarrak aurkari zuzen gisa kontsidera daitezke. Hiru puntuak lortzeak Osasuna igoeraren lehiatik gertu utziko luke. Porrotak, ostera, kinka larrian utziko luke talde iruindarra, azpiko taldeek irabazita jaitsierako borrokan bete betean sartuko bailitzateke.

Dena den, Osasunako zaleek baikortasuna adierazteko motiboak badituzte. Izan ere, Sadarren gorritxoak hazi egiten dira. Bertan jokatu dituzten 6 partidetatik 4 irabazi dituzte, guztira 15 gol eginda. Gorritxoek gola sartzeko erraztasun handia erakutsi dute etxeko partidetan, taldea ligako talderik erasokorrenetakoa bihurtuz. Alta, golak ere erruz jaso dituzte Sadarren: sei partidatan 13 gol sartu dizkiete. Jasotako gol kopuru handi horrek ezegonkortasuna ematen dio taldeari, eta partidak sarritan errusiar mendi bilakatzen dira (Betisen kontrako partida, kasu). Edonola ere, Soriako partidan defentsan lan txukuna egin zuten, eta Santamariaren atea hustean utzi zuten. Horrela, biharko partidan beste horrenbeste egingo balute, defentsa lerroak sortutako kritikak apaltzen joango lirateke.

Ponferradinak, bere aldetik, play off postuetan jarraitzea bilatuko du larunbateko partidan. Gaztelarrek jarraian hirugarren denboraldia dute zilarrezko mailan, beren historiako boladarik onena. Azken bi urteetan egonkortasuna lortu dute, eta denboraldi hasiera honetan goiko postuetan kokatu dira, Bigarren Mailan geratzea baino gauza handiagoetan pentsatuz. Dena den, azkeneko lau partidetan garaipena ezagutu gabe datoz, lau partidak berdindu ostean, eta Osasunaren aurka puntuak hirunaka biltzea bilatuko dute.

Honenbestez, lehia bizia espero da biharko partdiarako. Ponferradinak orain arte soberan erakutsi du talde sendoa dela, baina Urbanen gizonek gaztelarrak mendean hartzeko nahikoa kalitate badute. Gakoa defentsan datza. Taldeak atzean segurtasuna transmititzen badu, gorritxoek dena alde izanen dute hiru puntuak patrikaratzeko. Play off-etara gerturatzeko erabakigarriak izango lirateken hiru puntu.

DEIALDIAK

Esandakoak esanda, Osasunak biharko neurketan izango duen oztoporik handienetakoa baja kopuru handia da. Izan ere, Urbanek ezingo du 9 jokalarirekin kontatu, 3rekin lesioengatik (Oier, Loties eta Unai Garcia -azken honek aste honetan hartu zuen min-) eta 6rekin nazioarteko deialdiengatik (Cadamuro, Loe, Cedrick, Merino, Nekounam eta Ansarifard). Egoera honetan, jokalari guzti horien lekukoa Taxoareko jokalariek hartu beharko dute.

Osasuna: Riesgo, Santamaria, Javi Flaño, Miguel Flaño, Echaide, Vujadinovic, David Garcia, De Frutos, De las Cuevas, Roberto Torres, Sisi, Maikel Mesa, José García, Olavide, Yoel Sola, Nino, Manu Onwu eta Kodro.

Ponferradina: Carpio, Castañeda, Lucas, Paglialunga, Rueda, Berrocal, Sobrino, Prieto, Jonathan, Alan, Acoran, Andy, Tete, Ramirez, Infante, Alberto, Dinu eta Adan.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s