Osasunak etxetik kanpo irabazi gabe jarraitzen du

Eñaut Agirrebengoa (@Elspipi)

Hutsean amaitu zen atzo arratsaldean Numantzia eta Osasunak jokatutako neurketa. Garrantzi handiko partida zen bi taldeentzat, estatistika ezkorrak apurtzeko aukera ezin hobea baitzuten: alde batetik, Numantziak etxeko lehen partida irabazi nahi zuen, eta Osasunak, bere aldetik, etxetik kanpo lehen hiru puntuak lortu nahi zituen. Urbanen mutilak Sadarretik jokatutako bost partidetatik bakar bat ere irabazi gabe zetozen, hiru porrot eta bi berdinketarekin. Gauzak horrela, Los Pajaritosen jokatutako neurketan intentsitatea eta diziplina taktikoa izan ziren nagusi, eta gorritxoak azkenean berdinketarekin konformatu behar izan ziren. Hala ere, atzoko norgehiagokak talde iruindarrarentzat albiste on bat utzi zuen: Santamariaren atean ez zen baloirik sartu. Horrela, azkeneko zazpi jardunalditan atea hutsean utzi ezinik ibili ostean, gorritxoek golik jaso gabe amaitu zuten partida.

w_900x700_08190639num-osa12

Atzokoa intentsitate eta borroka handiko partida izan zen, eta hori hasiera hasieratik gelditu zen garbi. Lehenengo minutuetan taldeak baloiaren jabetzaren lehian aritu ziren. Hori dela eta, baloia batez ere zelai erdian zebilen, eta ez zegoen nagusitasunik inoren aldetik. Urbanek ez zuen taldea aurreko partidetan bezala neurketatik kanpo hasterik nahi, eta jokalariei baloi guztiak hasiera hasieratik borrokatzeko agindu zien. Horrela, jokoa nahiko trabaturik ibili zen lehenengo hamabost minutuetan (horren isla da denbora tarte horretan jaurtiketa bakar bat ere egin ez izana).

Hastapeneko minutu horien ondoren, jokoa zertxobait irekitzen joan zen, eta Numanciak zertxobait aurrera egin zuen.  Lerro artean baloia ikutzen hasi ziren, baina ez zuten aukera garbirik sortu. Garbiena Antoni Tomasek izan zuen 17.minutuan, area barrutik eginiko jaurtiketa gora joan zitzaionean. Osasunak, ordea, berehala erreakzionatu zuen, eta minutu batzuk geroago markagailua irekitzeko aukera aparta izan zuen. Ninok hegalean baloia borrokatu ostean, Kenan Kodrori iritsi zitzaion, eta mugimendu eder baten bidez bi atzelari atzean utzi zituen. Area barrura erdiraketa zoragarri bat egin zuen, baina Sisik ezin izan zuen aprobetxatu, honen jaurtiketak Numanciako Ripa-rengan talka egin baitzuen.

Gauzak horrela, neurketak nahiko orekatuta jarraitzen zuen. Defentsan nahiko sendo zebiltzan bi taldeak, eta zelai erdian ez zen inoren jokoa gailentzen. Julio Alvarez jokoan sartzen zenean Numancia Osasunaren areara inguratzen zen, baina Osasunako defentsak, batez ere Miguel Flañok, erraztasunez urruntzen zuen arriskua. Egoera horretan, gorritxoek beste susto bat eman zioten Numanciari, 28. Minutuan Ninoren burukada Munir atezainak doi-doi gelditu zuenean.

Lehen zatiko azken minutuetan Numanciak berriz ere pauso bat eman zuen aurrera, eta aukera bat baino gehiagotan Osasunako defentsa estutasunean jarri zuten. Aukera garbienak eskuin hegaletik sortu zituzten, Cadamuroren hegaletik, hain zuzen. Astean zehar Urbanek aipatu zuen aljeriarrak kontzentrazio arazoak dituela, eta atzoko partidan berriz ere garbi geratu zen atzealdea errazegi irabazten zaiola. Horrela, atsedenaldira iristeko minutu pare bat baino gelditzen ez zirela, Numancia gola sartzear izan zen, baino Loek baloia atepetik atera zuen.

Bigarren zatiari begira, Urbanen mutilek pauso bat aurrera ematea beharrezkoa zen hiru puntuak lortu nahi bazituzten. Ostera, halakorik ez zen gertatu. Baloia mugitzeko arazoak izan zituzten gorritxoek (Numanciaren presioaren ondorio bezala), eta goiko jokalariei baloi oso gutxi iritsi zitzaizkien. Horrela, arrisku oso gutxi eraman zuten Munirren atera. Bien bitartean, Numanciak partidaren ekimena hartu zuen, eta Osasunako defentsa zulatzen saiatu zen. Gorritxoek gola egiteko zuten aukera bakarra jokaldi bakan batean zortea alde edukitzea zen. Horrela etorri zen bigarren zati osoan izan zuten gol aukera bakarra, Kenan Kodrok Munirrek urrundutako baloi bat hartu zuenean. Atepean ez zegoen inor, baino Kodroren jaurtiketa Regalonek ia ia goleko marran atera zuen.

Hor amaitu zen gorritxoen eraso emaria. Urbanek aulkia mugitu eta Cedrick eta Roberto Torres jarri zituen berdegunean, baina ezer gutxi egin zuten, baloi oso gutxi iritsi baitzitzaizkien. Kongotarrak arriskua zortzeko aukera paregabea izan zuen kontraeraso batean, baina azken pasea emateko unean trakets ibili zen. Numancia, bere aldetik, gorritxoen areara hurbiltzen saiatu zen, eta 71.minutuan markagailuan aurrea hartzear izan ziren, Julio Alvarezen erdiraketa Nataliok zurtoinera errematatu zuenean. Hortik aurrera ez zen gol aukera garbirik egon, eta behin 90 minutuak  beteta hutsean geratu zen markagailua.

Honenbestez, puntutxo batekin itzuli ziren Urbanen gizonak Iruñera. Sentsazio gazi gozoak uzten dituen berdinketa da. Beheko postuekiko distantziak mantentzea ahalbidetzen du, baina sailkapenean gora begiratzen aritu beharko litzatekeen talde batek irabaznahi gehiago erakutsi beharko luke. Bestalde, aipamen berezia merezi dute zale gorritxoek. Ehundaka lagunek egin zuten Iruñetik Soriarako bidaia, eta harmailetan uneoro entzun zitzaien. Taldeak ez zuen aparteko neurketarik egin, baina zaleak etengabe saiatu ziren jokalariak hauspotzen. Berdin da taldea zein mailatan dagoen; Osasunako zaleak beti izanen dira lehen mailakoak.

FITXA TEKNIKOA

Numancia: Munir; Isidoro, Regalón, Juanma, Ripa; Antonio Tomás (Del Pino, 85.min), Iñigo Pérez; Natalio (Palanca, 70.min), Julio Álvarez, Vicente; Braian Rodríguez (Aranda, 73.min)

Osasuna: Santamaría; Echaide, David García, Miguel Flaño, Cadamuro; Nekounam, Loé; Sisi (Merino, 79.min), De las Cuevas (Roberto Torres, 69.min), Kenan Kodro (Cedric, 69.min); Nino

Epailea: Medie Jimenez. Txartel horia atera zien Numanciako Isidorori eta Osasunako Miguel Flaño, Cadamuro, Nekounam, Loe eta Merinori.

Bestelakoak: 4367 ikusle Los Pajaritos futbol zelaian. Neurketa hasieran minutuko isilunea egin zen Miguel Soto Numanciako jokalari ohiaren eta Numanciako zuzendaritzako kide baten amaren omenez.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s