Osasuna-Betis: Sadar gotorleku bihurtzeko beharrean

Eñaut Agirrebengoa (@Elspipi)

Molinonen jasotako porrotak jadanik jakina zen zerbait berretsi zuen: Osasuna negargarri dabil etxetik kanpo. Gorritxoek Sadarretik kanpo jokatu dituzten bost partidetatik hiru galdu eta bi berdindu egin dituzte. Zenbait neurketatan gehiago merezi izan dute, baina zorte txarra eta intentsitate falta direla medio, hamabost puntu posibletatik soilik bi lortu dituzte Iruñetik urrun. Egoera horretan, Sadarren sendotasuna lortzea ezinbestekoa da, eta Betisen aurkako neurketa horretarako aukera ezin hobea da. Etxeko azken neurketan Tenerife mendean hartu zuten (ozta-ozta bada ere), eta bigarren garaipen bat kateatuta, gorritxoak Sadar gotorleku bilakatzeko bidean egongo lirateke. Ez dago beste biderik, etxetik kanpo erakutsitako ahulezia etxean konpondu ezean, beheko postuetatik ateratzea oso zail izanen baitute.

Alta, Betisi gailentzea ez da lan erraza izango; ez bereziki aurkariaren bertuteengatik, Osasunaren beraren ahuleziengatik baizik. Ahulezia horien artean nabarmenenak, dudarik gabe, defentsa arlokoak dira. Hori garbi uzten du gol gehien jaso dituen hirugarren taldea izateak, 20 gol jasota. Hau da, partidako bi gol. Biharko partida aurrera atera ahal izateko funtsezkoa da Urbanen defentsak bolada negargarri horri amaiera ematea. Bestela, beste behin ere, zailtasun handiak izanen dituzte hiru puntuak eskuratzeko. Bestalde, aurreko lerroetako jokalariek ere badute zer hobetu, bereziki Molinoneko partidari erreparatzen badiogu. Sportingen aurka taldeak baloi asko izan zuen, baina zorroztasunik ez zuen batere izan. Etxean jokatuta, eta zaletuen babesarekin, suposatzen da joan zen igandean falta izan zen sakontasun hori berreskuratuko dutela.

Osasunak bihar arerio izanen duen Betisek, bere aldetik, denboraldi hasiera nahiko irregularra izan du. Nahiko txukun hasi zen, baina zazpigarren eta bederatzigarren jardunaldien artean hiru partidu eman zituen jarraian irabazi gabe. Joan zen jardunaldian Recreatibori hiru eta bi irabazi zion, baina zaleak oraindik ere Julio Velazquez entrenatzailearekin haserre daude. Hala eta guztiz ere, sailkapenari erreparatuta zuri-berdeak Osasuna baino egoera askoz hobean daude, zazpigarren baitira, play off postuetan dagoen Ponferradinaren puntu kopuru berdinarekin.

Gauzak horrela, hil ala biziko edo, behintzat, garrantzi handiko neurketa dauka bihar Osasunak. Garaipenak play off-etara zertxobait gerturatu eta jaitsiera postuetatik urrunduko luke. Porrotak, ordea, bete betan sartuko luke kategoria mantentzeko lehian. Zaleek aste ugari daramate jardunaldi lasai bat bizi gabe, eta badirudi Betis ez dela horretarako aurkaririk aproposena. Urbanen gizonek gogor lan egin beharko dute talde zuri-berdea menderatzeko, baina beren benetako maila eman ezkero, hiru puntuak etxean uzteko aukera anitz izanen dute. Sadar zaharra gotorleku bilakatuta, igoeraren ametsak bizirik iraungo du.

Azken Osasuna-Betis-a gogoan

Nekez ahaztuko dute Osasunak eta Betisek azkenekoz jokatutako neurketa. Gorritxoek bi eta bat irabazi zuten, baina ezin izan zuten jaitsiera ekidin. Baina emaitza baino gertakari garrantzitsuago bat ere jazo zen Ligako azken partidan: hegoaldeko harmailaren zati baten erauntsia. Horren harira, Osasunak Betiseko jokalariak omenduko ditu neurketa hasi baino minutu batzuk lehenago. N’Diaye jokalariak Ibai Cadenaren (senegaldarrak berak erreskatatu zuen mutikoa) eskutik oroigarri bat jasoko du.

DEIALDIAK
Biharko norgehiagokari begira, 18 laguneko deialdia osatu du Urbanek. Javi Flaño berriz ere bueltan da, bi partiduko santzioa bete ostean. Modu horretan, Urbanek Echaide defentsa erdian jartzeko aukera izanen du. Deialdian, ordea, ez dira ez Cedrick, ez Merino ezta Vujadinovic sartu. Kongotarra izatez Betiseko jokalaria da, eta beronen kontra jokatzea galarazten dion kontratu bat du. Merino, bere aldetik, urdaileko arazoekin dabil, eta berriki fitxatutako Vujadinovic arrazoi teknikoengatik gelditu da deialditik kanpo (ziurrenik ez duelako prestatzeko betarik izan).

Osasuna: Riesgo, Santamaria, Miguel eta Javi Flaño, Echaide, Cadamuro, David eta Unai Garcia, Nekounam, Loe, Sisi, De las Cuevas, Roberto Torres, Maikel Mesa, Nino, Kodro, Ansarifard eta Onwu.

Betis: Adán, Dani Giménez, Molinero, Bruno, Perquis, Jordi Figueras, Álex Martínez, Lolo Reyes, Matilla, N’Diaye, Kadir, Pacheco, Cejudo, Dani Ceballos, Jorge Molina, Chuli, Rennella y Rubén Castro.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s