Saririk gabeko nagusitasuna

Eñaut Agirrebengoa (@Elspipi)

Osasunak Bigarren Mailari neurria hartu ezinik jarraitzen du. Molinonen Sportingen aurka jasotako porrotarekin (0-2), hiru dira gorritxoek etxetik kanpo jarraian galdu dituzten partidak. Orain arteko gabezia gehientsuenak azaleratu ziren berriz ere berdegunean, eta badirudi Urbanek ez daukala soluzio garbirik. Baloiaren jabetza bere egin zuten neurketa osoan, baina defentsan egindako akatsek beste behin ere gorritxoak Iruñerantz esku hutsik bueltatzera eraman zituzten. Atea aurrean, gainera, ez zuten baloia sareetara bidaltzen asmatu, beraz, Gijoneko taldeari erraztasun guztiak eman zizkioten neurketa irabazteko.

w_900x700_26210342_m1t5043

Sailkapenari begira, atzokoa partida ezin garrantzitsuagoa zen Osasunarentzat. Izan ere, berau irabazita gorritxoek gora begira jartzeko aukera izanen lukete. Molinoneko neurketak, ordea, jokalariak zein zaletuak errealitatera itzularazi zituen. Denbora gutxian gainera, Sportingek lau minutu baino ez baitzituen behar izan markagailuan aurrea hartzeko. Osasunari, beste behin ere, partidan sartzea gehiegi kosta zitzaion, Lorak eginiko lehen gol horrek ongi erakusten duen moduan. Jokaldi nahiko inozoa izan zen: David Garciak ez zuen asmatu baloia area barrutik urruntzen, eta ondoren, Alberto Lorak eginiko jaurtiketa David Garcia beraren hankan jo eta ate barrura sartu zen, Santamariak ezin izan zuelarik ezer egin.

Laugarren minutuan gola jasotzea kolpe gogorra da, baina Urbanen mutilek oraindik partida osoa zuten aurretik markagailuari buelta ematen saiatzeko. Gauzak horrela, Osasunako jokalariek baloiaren jabetza guztiz bere egin zuten, eta pixkanaka aukera onak sortzen hasi ziren. Aurreko jokalariak mugikortasun handiz mugitu ziren, eta horrek Sportingen defentsari min egin zion. Cedrick, Kodro, Nino eta De las Cuevas ongi ibili ziren lehenengo zatian zehar, baina ate aurrean ez zuten arrakastarik izan. Aukera garbiena Loek izan zuen, Echaideren erdiraketa baten ostean, baina ez zuen asmatu. Asturiarrak, beren aldetik, atze atzean sartuta zeuden, erasoko jokaldiak kontraerasoetara mugatuz. Egoera horretan, lehenengo zatiari amaiera eman zitzaion, eta nahiz eta Osasunak gehiago merezi, markagailuak oraindik bat eta hutsekoa adierazten zuen.

Bigarren zatiaren hasiera lehenengo zatiaren jarraipen bat izan zela esan daiteke: Osasuna baloia batetik bestera mugituz, golaren bila, eta Sporting atze atzean sartuta, defentsan lan sendoa eginez. Hala ere, minuten joanarekin batera gorritxoek gero eta zailtasun gehiago izan zituzten asturiarren areara arriskuarekin iristeko. Baloia ukitu eta ukitu zebiltzan, baina zelaiaren hiru laurdenetara iristean argiak itzaltzen zitzaizkien.

70.minutuan Urbanek Ansarifard zelairatu zuen (Merinoren ordez), erasoan beste alternatiba bat izateko asmoz, baina taldeak erasoan sakontasunik gabe jarraitu zuen. Alta, Urbanen mutilek pare bat aukera garbi izan zituzten banakoa egiteko; bata, Kenan Kodroren jaurtiketa zehatz bat Cuellarrek gelditu zuenean, eta bestea, Ansarifardek, arean bakar bakarrik zela, buruz eginiko errematea kanpora bidali zuenean. Aukera horiez landa, Osasunak ez zuen beste ezer egin. Nekea eta ezintasunaren ondorioz, azkeneko minutuetan amore emanda ibili ziren gorritxoak.

Sportingek, bere aldetik, gauzak askoz ere garbiago izan zituen. Defentsan bikain kokatuta, Osasunaren saiakera gehienak erraztasunez zapuztu zituen. Hortaz landa, bigarren zatiaren erdialdetik aurrera kontraeraso azkarrak egiten hasi ziren, Osasunaren defentsa-ahuleziez ohartuta. Gutxitan iritsi ziren Santamariaren areara, baina iritsi zirenetan arrisku handia sortu zuten. Hurbilketa bakoitzean Santamaria zailtasunetan jarri zuten (bidez batez, esan behar da atezain iruindarrak meritu handiko geldituak egin zituela). Minutu horietan argi geratu zen Osasunak atzerantz egiteko zailtasun handiak dituela, erasora jo eta ondoren baloia galtzean atzean hutsune handiegiak uzten baititu. Bi aukera garbi izan ostean, Abelardorenek 92.minutuan markagailua handitu zuten, ezker egaletik egindako kontraeraso bat Carlos Castrok erremate eder batez amaitu zuenean.

Honenbestez, Osasuna berriz ere azpiko postuei begira geratzen da, jaitsiera postuak bi puntura baititu. Sailkapena kezka iturri handia da gaur egun, baina beste horrenbeste da taldeak behin eta berriz errepikatzen dituen gabeziak konpontzeko duen ezintasuna. Arlo horretan erantzukizunaren zati handi bat dauka Urbanek. Poloniarrak orain arte erabilitako sistemak joko polit bat egitea proposatzen du, baloiaren jabetzari garrantzia emanez, baina horrek taldeari sendotasuna kentzen dio. Eta, hain zuzen, sendotasuna da Bigarren Mailan baliagarrienetarikoa den ezaugarria. Hori ezin garbiago gelditu da, besteak beste, Alaves, Racing edo Sporting beraren aurkako partidetan, non, nahiz eta Osasunak iniziatiba hartu eta baloiaren jabetza bere egin, aurkariek, askoz ere gutxiago eginda, partidak irabaztea lortu duten. Denboraldia aurrera doa, eta sendotasunaren bidetik sakoneko aldaketa bat egin ezean, gorritxoek sailkapenean galduta jarraituko dute.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s