Okerretik okerrera

Eñaut Agirrebengoa (@Elspipi)

Gorritxoek noraezean jarraitzen dute. Bi eta huts galdu zuten Alcorconen aurka, zer pentsatu handia utzi zuen neurketa batean. Defentsak azken jardunalditako joerari eutsi zion, aurkariari erraztasun handiegiak emanda, eta berriz ere intentsitate falta handia nabaritu zitzaion taldeari. Talde iruindarra zazpi bajarekin iritsi zen atzoko neurketara (bost nazioarteko deialdiengatik eta bi lesio larriengatik), eta erantzukizuna haztegiko jokalarien gainean zegoen.  Hauek, ordea, ez zuten behar bezala erantzun. Baja kopuru handiaz landa, epaileak ere zeresan handia izan zuen norgehiagokaren bilakaeran, 11 falta egin zituen Osasunari bi txartel gorri atera zizkiolako. Ezbeharrak ezbehar, atzoko partidak garbi erakutsi zuen talde gorritxoak ez duela funtzionatzen. Jardunaldien joanarekin batera, denboraldi hasieran sortutako ilusioa kezka bilakatu da.

Featured image

Gorritxoek markagailuan atzetik hastea ohitura bilakatu dute. Kasu honetan Alcorconek minutu bakarra behar izan zuen lehenengo gola egiteko. Guichon ezker hegalak atzealdea irabazi zion Unai Garciari, eta areara eginiko erdiraketa bakar bakarrik errematatu zuen David Rodriguez aurrelariak. Lehenengo minutua, eta lehenengo akats defentsibo larria. Lehenik eta behin, Unai Garcia leunegi ibili zen hegalean, eta ondoren Echaide eta Miguel Flañok bakar bakarrik utzi zuten Alcorconeko aurrelaria. Erdiko defentsek, beste behin, erdiraketak defendatzeko dituzten arazoak agerian utzi zituzten.

Kolpe gogorra zen horren laster gola jasotzea, baina gorritxoek oraindik  partida guztia zuten aurretik. Ordea, erreakziorako imintziorik ere ez zen ikusi. Bordalasen gizonek garbi zeukaten zein zen beren egitekoa, eta Osasunak baloia hartzen zuen bakoitzean presio handia egiten zuten. Horrela, gorritxoak oso ezeroso ibili ziren zelai-erdian, eta baloia lerro artean mugitzea ezinezko egin zitzaien. Honenbestez, aurreko jokalariak noraezean ibili ziren, arriskua sortzeko aukerarik gabe (horren erakusle nabarmena da partida osoan hiru zutoinen artean behin ere jaurti ez izana).

Alcorcon ez zen punta puntako futbolik egiten ari, baina neurketa behar bezala interpretatuta markagailua guztiz kontrolpean zeukan. 18.minutuan errenta handitzear izan ziren madrildarrak, David Rodriguezek gola jokoz kanpo zela egin zuenean (kasu honetan ere defentsa lerroa kamuts aritu zen). Alta, lau minutu gehiago baino ez zituen behar izan berriz ere baloia sareetara bidaltzeko, kasu honetan posizio legalean zela. Alcorconeko aurrelariak baloia zetorren bezala errematatu zuen area ertzetik, eta Santamariari gainetik pasatu zitzaion. Gehiago egin zezakeenaren sentsazioa utzi zuen, ez baitzen baloia gelditzen saiatu ere egin. Atezainak atzoko partidan aukera ona zeukan lan egokia egin eta hasierako hamaikakoan finkatzeko, baina ez zuen aparteko gauzarik egin.

Modu horretan, partida oso maldan gora zuten gorritxoek. Hurrengo minutuetan ezinean jarraitu zuten, baloia mugitzeko arazoak erakutsiz eta erasoan ezertxo ere ez eginez. Lehenengo zatiko azken minutuetan hobekuntza txiki bat pairatu zuten Urbanen mutilek, kontrako areara arrisku zertxobait gehiagorekin hurbilduz. Bigarren zati osoa geratzen zen, eta Urbanen hitzekin batera oraindik partidan sartzeko astia zuten.

Ostera, gauzak are okerrago jarri zitzaizkion Osasunari bigarren zatiaren hastapenean, Javi Flañok txartel gorria ikustean. Iruindarrak aurkari bati bultzada gogor bat eman zion baloia jadanik jokoan ez zegoela. Akaso ez zen txartel gorria ateratzeko modukoa, baina lasai asko ekidin zitekeen zerbait izan zen. Ondorengo minutuetan egoerak okerrera besterik ez zuen egin, sarrera gogor bat egin ondoren Miguel De las Cuevasek bigarren txartel horia ikusi zuenean. Horrenbestez, 2-0 eta bederatzi jokalarirekin. Miraria jazo ezean, jai zuen talde iruindarrak.

30 bat minutu geratzen ziren arren, partidua amaitutzat jo zitekeen. Osasunak pauso bat egin zuen atzera, gol gehiago ez jasotzeko. Urbanek aulkia mugitzeko ez zeukan aukera handirik, zelaian zazpi jokalari profesional zituela ezer gutxi egin baitzezakeen. Alcorconek, bera aldetik, zenbait jokaldi arriskutsu egin zituen, bereziki eskuin hegaletik sartuta (hegal horretan Sisi zebilen defentsa lanetan). Alta, David Rodriguezek ez zuen hirugarren gola egiten asmatu. Alcorconera mugitutako zale gorritxoek ez zioten animatzeari utzi, baina jokalariek ezin izan zieten erantzun, azkeneko minutuetan erabat amore emanda baitzeuden.

Honenbestez, Osasunak hirugarren porrota jarraian jaso zuen, beste behin ere bi gol jasota eta bigarrenez jarraian golik sartu gabe. Geroz eta arazo gehiago ditu talde gorritxoak, emaitza txarrez gain ezingo baitu De las Cuevas eta Flañorekin kontatu Tenerifen aurkako neurketarako. Momentu honetan jaitsiera postuetatik puntu bakarrera dago, eta ikusitakoa ikusita, zaila dirudi orain bat batean gaur arte errepikatutako arazoak zuzentzea.  Denborak esanen du, baina aldaketa handi bat eman ezean, ataka gaiztoan izanen da talde nafarra.

 FITXA TEKNIKOA

Alcorcón: Javi Jiménez; Iribas, Héctor Verdés, Fran Cruz, Ángel Sánchez; Óscar Plano (Álvaro Rey, 57.m), Fausto (David González, 62.m), Antonio Martínez (Rubén Sanz, 85.m), Guichón; Máyor eta David Rodríguez.

Osasuna: Santamaría; Unai García, Echaide, Miguel Flaño, Javier Flaño; De las Cuevas, Merino (Maikel Mesa, 73.m); Roberto Torres, Manu Onwu, Sisi; eta Nino (José García, 84.m).

Golak: 1-0: 1.m David Rodríguez; 2-0: 22.m David Rodríguez

Epailea: Sagües Oscoz. Txartel horiak Alcorconeko Fausto, Guichon eta Martinezi eta Osasunako Merino, Nino, Onwu, Santamaria eta Roberto Torresi. Txartel gorriak Osasunako De las Cuevas eta Javier Flañori.

Bestelakoak: 2.736 zale Santo Domingo futbol zelaian.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s