Lehengo lepotik burua

Eñaut Agirrebengoa (@Elspipi)

Defentsa lerroa berriz ere buru-hauste bilakatu zen Osasunarentzat. Huts eta bi galdu zuten gorritxoek zelaian ezer gutxi erakutsi zuen Santanderreko Racingen aurka. Geldikako jokaldietan oso gaizki defenditu zuten,  eta hori gutxi balitz, erasoan ez ziren gai izan aukera bakar bat ere sareetara bidaltzeko. Neurketa uneoro kontrolpean izan zuten, baloiaren jabetza bere eginez, baina ate aurrean ez ziren fin ibili, eta defentsan egindako akats potoloei esker Racingek hiru puntuak Santander aldera eraman zituen. Akats zaharrak errepikatu eta berriak eginda, Urbanen mutilek sentsazio oso ezkorrak utzi zituzten.

Featured image

Osasunak min egiten duen porrot horietako bat jaso zuen atzo arratsaldean Racingen aurka. Paco Fernandezen gizonak egoera nahiko zailean zetozen Sadarrera, jaitsiera postuetan kokaturik eta berdegunean futbol nahiko apala erakutsita. Atzo ere ez zuten beste munduko futbolik egin, aukera solte batzuk besterik ez baitzituzten sortu, baina egindakoarekin nahikoa izan zuten Sadarren hiru puntuak lortzeko. Osasunaren defentsa, beste behin, oso ahul ibili zen, eta arerioari erraztasun handiegiak eman zizkion golen jokaldietan. Digeritzen zaila den emaitza bat da, erasoan gogor saiatuagatik ere gorritxoak esku hutsik geratu zirelako.

Partiduari kemen handiz ekin zioten Urbanen mutilek – ziurrenik partidaren garrantziaz jabetuta-, batik bat hegaletatik jokaldi arriskutsuak sortuz. Racingek hasiera hasieratik bere asmoak garbi erakutsi zituen, baloiaren jabetza Osasunaren hanketan utziz eta kontraerasora azkar ateraz. Gorritxoek, bien bitartean, baloia behin eta berriz ukitu zuten. Cedrick oso ongi ibili zen hasiera partean, jokoan asko sartuz, eta Roberto Torresek ere arrisku dezente eraman zuen eskuin hegaletik. Nino, beste behin, oso langile ibili zen. Jokoa eraikitzen asko lagundu zuen, eman zituen pase gehienak onak izan ziren, eta defentsa lanetan indar hustu egin zen, beti bezala.

Gauzak horrela, Osasunak lehenengo zatiko aukerarik garbiena De las Cuevasen hanketan izan zuen, honen jaurtiketa Mario atezainak gelditu zuenean. Talde gorritxoa kontrako areara arriskuarekin ari zen gerturatzen, baina zorroztasun pitin bat falta zitzaion.  Bien bitartean, Racing oso aukera gutxi ari zen sortzen. Aipagarriena, baloi solte batean Konek urrundik egindako jaurtiketa bat. Boli Kostakoa izan zen Santanderrekoen erreferentzia nagusia, eta erasoko jokaldi gehienak bere hanketatik pasatu ziren. Ziurrenik ez zen bere norgehiagoka gozoena izan, baloia ukitzen zuen bakoitzean zale gorritxoen txistuak entzun behar izan baitzituen (udan Osasunarekin izandako aferarengatik).

Bazirudien Osasuna lehenengo goletik nahiko gertu zegoela, baina 36.minutuan Racingeko Juanpek huts eta batekoa egin zuen, bigarren jokaldi batean. Javier Flañok ez zuen Racingen falta jaurtiketa behar bezala aldaratu, eta area kanpotik sekulako zartakoa jaurti zuen Juanpek. Riesgok ezin izan zuen ezertxo ere egin. Horrenbestez, batere merezi gabe neurketa maldan gora jarri zitzaion talde gorritxoari. Golaren ostean burumakur gelditu ziren Urbanen jokalariak, eta geldikako beste jokaldi batean aldea handitzear egon zen Racing, baina ez zuen ate aurrean asmatu.

Atsedenera huts eta batekoarekin iritsita, Urbanek bazuen zer aldatu. Bigarren zatia, ordea, nahi eta ezinaren paradigma izan zen. Racingek pausu bat eman zuen atzera, eta hutsune gutxiagorekin Osasunari oso zail egin zitzaion aukera garbiak sortzea. Defentsen hanketatik baloi gehiegi pasatzen ziren, ideiak garbi ez zeudenaren seinale, eta baloia aurreko jokalariek hartzerakoan errazegi galtzen zuten. Hala eta guztiz ere, berdinketa egiteko aukerak izan zituzten, lehenik eta behin Ninoren jaurtiketa batekin (baloia zentratuegi atera zitzaion) eta ondoren Cadamuroren zartako ikusgarri batekin (30 bat metrotatik baloia langara joan zitzaion argeliarrari). Zortea, ordea, kontra izan zuen, eta baloiak ez zuen sartu nahi izan.

Berdinketa bilatzetik, huts eta bikoa jasotzera

Osasunak ez zuen markagailuan atzetik joaterik merezi. Kostata, baina berdinketa lortzeko aukerak sortzen ari zen. Ordea,bat eta batekoa lortzeko aukera guztiak pikutara joan ziren berriz ere Juanpek Riesgoren atea zulatu zuenean. Gol hau ere geldikako jokaldi batean etorri zen. Debako atezaina bururik gabe atera zen, distantziak benetan gaizki neurtuta, eta Juanpek baloia buruz errematatzean ezin izan zuen ezertxo ere egin. Zaleek ezin zuten sinetsi ere egin, baina futbola horrelakoa da; erasoan dituzunak ez badituzu sartzen eta defentsan opariak egiten badituzu, zail izaten da puntuak lortzea. Gainera, duela bi aste ez bezala, Urbanek eginiko aldaketek ez zuten espero zen eraginik izan. Ansarifard gartsu irten zen berdegunera, baina segituan itzali zen, eta Onwuk, beste behin, lehenengo taldean ibiltzeko mailarik ez daukala erakutsi zuen.

Porrot honekin, oso itsusi jarri zaizkio gauzak talde gorritxoari. Asteak pasa ahala ez da hobekuntzarik nabaritzen, eta beheko taldeak geroz eta gertuago daude. Denboraldi hasieran aurreikuspenak benetan baikorrak ziren (akaso baikorregiak). Gaur egun, ordea, errealitatea bestelakoa da: taldearen lehenengo helburua egonkortasuna lortu eta sailkapenean larritasunik ez pasatzea da. Gero gerokoak.

FITXA TEKNIKOA

Osasuna: Riesgo, Javier Flaño, Echaide, Miguel Flaño, Cadamuro; Raoul Loé, Merino (Onwu,73.m); Roberto Torres (Ansarifard, 62.m), De las Cuevas, Cedrick (Sisinio, 78.m); eta Nino.

Racing: Mario Fernández; Francis, Orfila, Juanpe, Saúl; Javi Soria, Fede (Borja Granero, 86.m); Concha (Iván Moreno, 82.m), Miguélez (Mariano, 81.m), Iñaki; eta Koné.

Golak:  0-1, 36.m: Juanpe. 0-2, 77.m: Juanpe

Epailea: Areces Franco. Txartel horiak Osasunako Javier Flaño eta Merinori eta Racingeko Francis, Fede, Juanpe eta Koneri.

Bestelakoak: 13.513 ikusle Sadar futbol zelaian

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s