Porrot mingarria jaso du Osasunak Anxo Carron (4-3)

Eñaut Agirrebengoa (@elspipi)

Defentsan egindako akats potoloek talde gorritxoa partida galtzera eraman dute. Duela astebete ere kamuts ibili zen defentsa lanetan, baina sei gol sartuta gabezia horiek zertxobait estali zituen. Gaur, ordea, oso agerian geratu da defentsa benetako arazo bat dela. Erasoko jokalariak nahiko fin ibili dira (hiru gol sartu dituzte), baina atzelariek euren lana zapuztu dute, atzealdean erraztasun handiegiak emanda. Oraindik goiz da krisiaz hitz egiteko, baina hobe du Urbanek gauzak lehen bait lehen aldatu; horrela jarraitu ezkero, denboraldia oso luzea egingo zaio Osasunari.

Urbanen mutilek partida ero bat jokatu dute bigarrenez jarraian. Duela astebete Mallorca hartu zuten mendean (6-4), baina gaurkoan ezin izan dute talde galiziarra garaitu.  Defentsan zulo handia izan dute biek zein biek, baina zuri gorriek trebezia handiagoa izan dute ate aurrean, lau gol sartuta. Preseski arlo horretan nahiko makal zebilen Lugo, aurreko bost jardunaldietan gol bakarra sartu baitzuen. Gaur, ordea, Osasunako defentsa lagun izan dute, eta zaku bete gol sartu diote.

Hasiera hasieratik anabasa izan da jaun eta jabe. Izan ere, Ninok bi minutu besterik ez ditu behar izan lehenengo gola sartzeko. Roberto Torresek ateratako  kornerrean defentsak ez du baloia behar bezala aldaratu, eta baloia Ninori erori zaio, Loek buruz pasatu ostean. Honek jaurtiketa bakar bakarrik egin du, eta baloia aise bidali du sareetara. Lugoren erreakzioa berehala etorri da, hortik bi minutura Iago Diazek banakoa egin baitu. Lugoko aurrelariak erraz errematatu du, Javi Flañok markaketan egindako hutsari esker.

Berdinketaren ostean, neurketa zertxobait lasaitu egin da. Osasunak baloia nahiko ongi mugitu du, baina ez du aukera garbirik sortu (azpimarragarriena Ninok egindako jaurtiketa bat, talde jokaldi polit baten ostean). Minutuak joan ahala, Lugo nagusitzen hasi da, eta pare bat abagune polit izan ditu. Horrela, 39.minutuan bigarrena sartu du talde galiziarrak, korner bati esker. Kornerra David Lopez Osasunako jokalarik ohiak atera du, eta Lolo Pavonek buruz egin du gola, area txikiaren ertzean bakar bakarrik zela. Gauzak maldan jarri zaizkio talde iruindarrari, baina erantzuna berehala etorri da, hiru minutu geroago Loek binakoa jarri baitu markagailuan, buruz erremate ikusgarri bat egin ostean. Honenbestez, berdinduta iritsi dira bi taldeak atsedenera.

Bigarren zatiari indarrez ekin diote biek ala biek. Osasunak baloia oso azkar mugitu du, eta hegaletatik Lugoren areara arriskuarekin gerturatzen hasi da. Cedrick-ek aukera polit bat izan du, abiaduraz aurkariak atzean utzita, baina jaurtiketan ez du asmatu. Kongotarra ez da duela astebete bezain fin ibili. Aldizka agertu, aldizka desagertu. Nino ere gola sartzear izan da, Lugoko atezainaren akats potolo baten ostean. Gauzak horrela, 77.ean Ninok berak egin du hiru eta bikoa. Gola burukada zehatz bati esker lortu du, Javi Flañok erdiraketa zoragarri bat egin ostean.

Partida amaitzeko 13 minutu besterik ez ziren geratzen, eta bazirudien hiru puntuak Iruñera bidean zirela. Amaieran, ordea, berriz ere anabasa itzuli da. Cadamurok Albert Dalmau area barruan ukitu du, eta hau lurrera erori da. Hasiera batean De la Fuente Ramos epaileak ez du penaltirik adierazi, baina marrazainarekin hitz egin ostean iritziz aldatu du. Osasunako jokalariak nabarmen haserretu dira, eta bi taldetako jokalariak eztabaida sutsu batean zenbiltzanean Loties frantziarrak Akilesen zaina apurtu du, modu oso arraro batean. Ondoren, Manuk baloia penalti puntuan jarri du, eta ez du hutsik egin. Honenbestez, zortzi minutu faltan hiruna ziren.

Gol horrek talde gorritxoa oso ikututa utzi du, eta 88. minutuan  Borja Gomezek garaipenaren gola egin du, korner jaurtiketa batean. Gol horren ostean Osasuna noraezean ibili da, eta nahiz eta epaileak bost minutu gehitu, ezin izan du erreakzionatu.

Esan daiteke Urbanen mutilek txanponaren beste aldea ezagutu dutela jardunaldi honetan. Pasa den astean lau gol jasoagatik ere irribarre batekin atera ziren zelaitik, sei gol sartuta garaipen eder bat lortu zutelako. Gaurkoan, ordea, sartutako hiru golak ez dira nahikoa izan Anxo Carrotik punturen batekin ateratzeko. Erasoan ondo dabiltza, baina defentsan benetan ahul daude: orain arte jokatutako neurketetan bataz beste bi gol jaso dituzte. Denboraldi amaieran goiko postuetan egon nahi ezkero, badute zer hobetu. Denbora, momentuz, alde dute.

FITXA TEKNIKOA

Lugo: José Juan; Dalmau (De Coz, 86.min), Pavón, Borja Gómez, Manu; Álvaro Peña (Luis Fernández, 73.min), Seoane; David Ferreiro (Iriome, 61.min), David López, Iago Díaz; eta Lolo Plá.

Osasuna: Riesgo; Javier Flaño, Loties (David García, 84.min), Miguel Flaño, Cadamuro; Raoul Loé, Nekounam; De Las Cuevas (Maikel, 71.min), Torres, Cedrick (Kodro, 71.min); eta Nino.

Golak: 0-1, 2.min: Nino. 1-1, 4.min: Iago Díaz. 2-1, 39.min: Pavón. 2-2, 42.min: Loé. 2-3, 68.min: Nino. 3-3, 82.min: Manu, de penalti. 4-3, 88.min: Borja Gómez.

Epailea: De la Fuente Ramos. Txartel horiak: Lugoko David Ferreiro, Pavon eta Alvaro Peñari eta Osasunako Cadamuro, Miguel Flaño, Javi Flaño eta Ninori.

Bestelakoak: 3.030 ikusle Anxo Carro futbol zelaian

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s