Gol zaparrada Sadarren (6-4)

Eñaut Agirrebengoa (@elspipi)

Futbol partida batean hamar gol ikustea oso lantzean behin ikusten den zerbait da; are gehiago Osasunaz ari bagara. 6 eta 4 hartu zuten mendean gorritxoek Mallorca, zaleek luzaroan gogoratuko duten norgehiagoka batean. Partida eroa izan zen, akats defentsiboz josia. Defentsek erakutsi ez zuten eraginkortasun hori, ordea, erasoko jokalariek erakutsi zuten, gol abagune bakoitza sareetara bidaliz. Anabasa horren erdian Osasunak hiru puntuak eskuratu zituen, latz sufrituta, baina aho zapore gozoarekin amaituz.

Puntu behar handiarekin zetozen bi taldeak gaurko norgehiagokara: Osasunak bost puntu zituen, soilik partidu bat irabazita; Mallorca, aldiz, puntu bakarrarekin zetorren Sadarrera. Hasierako minutuetan balearrak izan ziren  nagusi, zenbait gerturaketa arriskutsu eginez. Alta, lehenengo hamar minutuak igaro ostean Osasuna partiduan sartu zen, eta baloiaren jabetza bere egin zuen, modu horretan zenbait aukera arriskutsu eginez.

Gorritxoak ongien jokatzen ari zirenean, ordea, Mallorcak baloia sareetara bidali zuen, zuzeneko falta jaurtiketa baten bidez. Loek falta egin zion Martiri area ertzean eta aukera bikain probestu zuen Marco Asensio gazteak, jaurtiketa eder bat eginez. Gol polemikoa izan zen, hasiera batean epaileak ez zuelako falta adierazi, baina Marti lurrean min hartuta zegoela ikusi ostean falta adierazi eta Loeri txartel horia erakutsi zion.

Ondorengo minutuetan noraezean ibili ziren Urbanen mutilak, ezustean etorri  zen gol horrek eraginda. Mallorca bigarrena sartzetik gertu egon zen, baina ez zuen asmatu. Behin momentu txar hori igarota, Osasuna berriz ere nagusitzen hasi zen, eta 40. minutuan berdinketaren gola sartu zuen. Merinok pase zehatz bat egin zion Ninori, honek buruz baloia De las Cuevasi laga  zion, eta alikantearrak ez zuen hutsik egin ate aurrean. Golaren ostean gorritxoek gora egin zuten, eta bigarrena sartzekotan egon ziren, Merinoren pase batek Roberto Torres atezainaren aurrean utzi zuenean. Honen errematea, ordea, gutxigatik kanpora joan zen.

Gauzak horrela, atsedenera bana iritsi ziren bi taldeak. Bazirudien bigarren zatian Osasunak jarraipena emango ziola lehenengo zati amaieran erakutsitako futbol onari, baina justu kontrakoa gertatu zen, denbora gutxian Scepovic Mallorcako aurrelariak bi gol egin baitzituen (52.m, 53.m), biak Osasunako defentsaren akatsen ondorioz. Lehenengoan Miguel Flañok bakarrik utzi zuen serbiarra, eta bigarrenean Marco Asensio bakar bakarrik sartu zen areara, Cadamurok lekua galdu ostean.

Bazirudien Osasunak partidua jadanik galdua zuela, baina onena etortzeke zegoen. Urbanek lehenengo egunean bertan esan zuen momentu zailenetan ere ez zutela etsiko, eta atzo taldeak modu ezin hobean islatu zituen poloniarraren hitzak. Jokalariek ez zuten amore eman, eta 58. minutuan markagailuan aldea murriztu zuten, Roberto Torresek ateratako korner baten ondoren Loek baloia sare barrura bidali ostean. Urbanek berdinketa gertu ikusten zuen, eta aulkia mugitzea erabaki zuen. Horrela, Cedrick eta Nekounam atera zituen zelaira, Sisi eta Merinoren ordez.

Urbanek bete batean asmatu zuen Cedrick berdegunera sartzerakoan, kongotarrak partida guztiz irauli baitzuen.  Aldaketekin batera, gorriek gol festari hasiera eman zioten. 60. minutuan Roberto Torresek hiru eta hirukoa egin zuen, Ninoren jaurtiketa baten aldaratzea hartu eta baloia ate barrura bidaliz. Horren ostean, Cedricken erakustaldia hasi zen. Lau eta hirukoan Ninori gol pasea eman zion, eta beste horrenbetse egin zuen bost eta hirukoan. Kongotarrak baloia hartzen zuen bakoitzean arriskua sortzen zuen hegaletik, bere abiaduraz baliatuz. Partida amaitzeko bost minutu falta zirela Javi Flañok seigarrena egin zuen, talde jokaldi polit baten ostean, eta hiru minutu geroago Abdonek markagailua itxi zuen, sei eta laukoa eginez.

Partida guztian sufritu ondoren, hiru puntuak azkenean gorritxoen patrikan geratu ziren. Zaleak pozik atera ziren Sadarretik, jakinda atzo goizean bizitakoa oso gutxitan bizitzen dela futbol partidu batean. Garaipen honi esker Osasuna zortzi punturekin bederatzigarren dago, play off postuetatik puntu bakarrera. Datozen neurketei begira, defentsa lanetan sendoago ibili beharko da, bestela oso zail izango baitu partidak aurrera ateratzea. Dena den, erasoan erakutsi du maila handiko futbola egiteko gai dela.

FITXA TEKNIKOA:

Osasuna: Riesgo; Javier Flaño, Loties, Miguel Flaño, Cadamuro; Loé, Merino (Nekounam, m.59); Torres, De las Cuevas (Kenan Kodro, m.81), Sisinio (Cedrick, m.59); eta Nino.

Mallorca: Miño; Cendrós, Truyols (Coeff, m.70), Agus, Gulan; Joao; Arana, Marco Asensio, Martí (Bustos, m.59), Markovic; eta Marko Scepovic (Abdon, m.78).

Golak: 0-1, 22.m: Marco Asensio. 1-1, 40.m: De las Cuevas. 1-2, 52.m: Marko Scepovic. 1-3, 53.m: Marko Scepovic. 2-3, 58.m: Loé. 3-3, 60.m: Torres. 4-3, 75.m: Nino. 5-3, 79.m: Torres. 6-3, 85.m: Javier Flaño. 6-4, 88.m: Abdon.

Epailea: Lesma Lopez. Txartel horiak: Osasunako Loe, Merino, Cadamuro eta Cedrick-i, eta Mallorcako Agus, Truyols, Arana eta Cendros-i.

Bestelakoak: 12.920 ikusle Sadar futbol zelaian.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s